40 urte Arrasate euskalduntzen

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 5a, 10:06

1983ko azaroaren 29an sortu zuten Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea, orduko hartan euskarak bizi zuen egoera zaila iraultzeko helburuarekin. Aurten dira, beraz, 40 urte eta, horren harira, erakusketa bat zabaldu dute Kulturateko klaustroan.

AEDk eguenean inauguratu zuen 40. urteurreneko erakusketa eta ekainaren 22ra arte egongo da ikusgai, Kulturateko klaustroan, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era. Urte hauetako argazki eta panelez gain, ekintzen kartelak eta egitarauak ere erakusgai egongo dira, baita AEDri buruzko dokumentuak, elkartetik sortutako argitalpenak zein Arrasateko euskarari eta toponimiari buruzko lanak ere. Halaber, bisita gidatuak ere egingo dituzte eta izena eman beharko da aurrez, aed@aedelkartea.eus helbidera idatzita edo 943 77 12 28 zenbakira deituta.

Euskara biziberritzeko nahitik sortua

1983an sortu zuten AED elkartea. Frankismoa atzean utzi arren, garai zailak bizi zituen euskarak 80ko hamarkadaren hasieran, eta Arrasate ez zen salbuespena. "Oso triste zegoen gure hizkuntza eta zerbait egin beharra sentitzen genuen", azaldu du Patxi Goikoleak, AEDren sortzaileetako batek. "Garai hartan, zorionez, lan handia egin zuten Gipuzkoa aldetik Arrasatera bizi izatera etorri ziren euskaltzale batzuek". Rufina Olasagasti zen haietako bat: "Orduko hartan, arrasatearrek konplexuz ikusten zuten euren euskalkia. Esaten zuten euren euskara zatarra zela eta gurea, berriz, polita. Baina hori ez zen horrela. Nik Txillardegiri entzuna nion Arrasateko euskara jatorragoa dela Tolosaldeakoa baino", dio.

1982an, ikastaro soziolinguistiko baten baitan, hitzaldi batzuk egin zituzten Arrasaten. Batetik, Siadeco Ikerketa Elkarteko Iñaki Larrañagak euskararen egoerari buruzko azterketa plazaratu zuen, eta "beltza baino ilunagoa" zela konturatu ziren. "Ohartu ginen neurri batzuk ez baziren hartzen desagertzeko bidean zegoela euskara; izan ere, hiztunak %10-12 ziren Debagoienean, eta Arrasaten gutxiago", azaldu du Olasagastik. Era berean, Tolosako Galtzaundi taldetik Kike Amonarriz etorri zen eta Lazkaoko Maizpide barnetegitik, Dionisio Amundarain. "Hor ikusi genuen talde bat sortzeko beharra, eta hala egin genuen".

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko bazkideak, lokalaren atean, hasierako urteetan.

Aitzindaria Euskal Herrian

Iñaki Mendiguren, Joxe Mari Muxika, Rufina Olasagasti, Bittori Etxeberria, Mattin Amondarain eta Txomin Otamendi izan ziren AEDren sortzaileetako batzuk, eta, arrasatearrei dagokienez, Goikolea bera eta Mariasun Ibabe, besteak beste. "Ez ginen hainbeste arrasatear".

AED aitzindari izan zen, orduko hartan ez baitzegoen halako euskara elkarterik. Hortik sortu ziren bailarako eta Euskal Herri mailako gainontzekoak. "Lehenak izan ginen horretan, eta, gure eredua aintzat hartuta, elkarte gehiago sortzen hasi ziren ondorengo urteetan", dio Goikoleak. "Tolosako Galtzaundi izango zen bakarrenetakoa", gaineratu du Olasagastik.

Hasieran, lan zailak Udalarekin

Arrasatearrak aitortu du martxa hartzea kosta egin zitzaiela, "esfortzu handia" egin behar izan zutela aurrera egiteko, eta Olasagastik ere bat egin du horrekin. Izan ere, herritarren aktibazioaz gain, Udalaren inplikazioa "derrigorrezkoa" ikusten zuten. Lehen harremanak Jose Antonio Ardanza alkatearekin egin zituzten, eta gero, Alvaro Arregirekin. Elkartea sortzearekin bat, hiru eskari zehatz egin zizkioten Udalari: "Batetik, Euskara Batzordea sortzea; bestetik, euskara zerbitzua edo kabinete teknikoa deitzen geniona sortzea, hau da, udal teknikari bat egotea, euskara arloko politikak lantzeko; azkenik, itzultzaile zerbitzu osoa. Izan ere, egun erdiz zegoen garai hartan. Era berean, lokal bat ere eskatu genion, gu biltzeko eta ekintzak han egin ahal izateko", dio Olasagastik. "Itxialdi bat ere egin genuen lokalean, espazio hori aldarrikatzeko. Eskatutakoa ez genuen berehala lortu, baina lanean segi genuen, eta, azkenean, lortu genuen hitzarmen bat Udalarekin, gauzak erraztu zizkiguna".

Behin Pablo Uranga kaleko lokala eskuratuta, taberna bat jarri zuten. "Maria Jesus zen sukaldaria, atxondarra. Oso adeitsua zen eta sekulako berakatz-zopak prestatzen zituen. Jatordu onak egiten genituen, eta afalostean kantuan aritzen ginen. Obligazioa zen euskaraz aritzea, ezin genuen gaztelaniaz berba egin. Gogorrak ginen gero! Hanka-sartze batzuk egongo ziren, baina jendea ohitura hartzen joan zen", adierazi du Goikoleak.

Lantaldeak, beharren arabera

Garai hartarako "dezente altuak" ziren kuotekin hasi ziren martxan, ulertzen zutelako taldeak "laguntza iraunkorra" behar zuela, Olasagastiren esanetan. "Gainera, herritar asko halako zerbaiten zain zeuden eta segituan egin zuten bat elkartearekin. Hala, hainbat lantalde jarri genituen martxan, ikusten genituen beharren arabera".

Batetik, umeak zeuden. "Ikastetxetik irteterakoan, ez zeukaten ezer, eta hiru irakasle hasi ziren, larunbatero, haientzako jolasak prestatzen. Pixkanaka, hazten joan zen hori, eta udalekuak eta ludotekak sortzen joan ziren". Bide horri jarraiki, Txatxilipurdi sortu zuten 1994an, haur eta gazteen euskarazko aisialdia ardatz hartuta.

Txatxilipurdiren baitan egindako lehenengo ekintzetako bat.

Bestetik, emakumeak ere "oinarrizkotzat" zituzten euskararen transmisioan, ama eta irakasle ziren neurrian. Hortik sortu zuten Ekin Emakumeak Elkartea; tartean ziren Bittori Etxeberria, Marilu Ajuria eta Ana Unzalu, besteak beste. "Gai asko lantzen hasi ziren, historia, sexualitatea, heziketa sexuala eta abar, eta emakume asko oso pozik geratzen ziren halako gaiak euskaraz lantzeko aukera izateagatik", dio Olasagastik.

Ekin Emakumeak Elkarteak antolatutako joskintza ikastaroetako bat.

Era berean, euskarazko komunikabideak ere funtsezkoak ziren, ordura arte gaztelaniak "erabat janda" zuelako euskara arlo horretan. Hala, 1994an, ARKO eratu zuten, Arrasate press eta Arrasate Telebista ekoizteko. Joxe Aranzabal izan zen motor nagusia, Jose Mari Eraña, Iñaki Mendiguren eta Joxefe Diaz de Tuestarekin batera. Gerora, 2000an, Goienan integratu zen ARKO.

Euskalan ere sortu zuten, 1996an, lan munduan, bereziki enpresetan, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.

Arrasate Telebistako hainbat kide, 1990ean.

Urteurrenera, "gazi-gozo"

AEDko lehendakari Eñaut Muxikak aitortu du zapore "gazi-gozoa" utzi diola 40. urteurrenak. "Gozo, 40 urtera iritsi garelako eta horrelako elkarte batek hainbeste denbora irauteak baduelako meritua. Gazi, ikusten dugulako 40 urte hauetan ez dela aurreratu guk nahiko genukeen beste. Aurrerapauso handiak egin dira urte hauetan, hainbat eragile eta elkartek egindako lana handia izan delako. Halaber, ezagutza ere asko hazi da, baina erabilerari dagokionez ez dugu aurrerapauso hori ematen".

Euskararen normalizazioak segitzen du izaten elkartearen xede, eta, lehengoez gain, ekimen berriak sortzen ere badihardute bide horretan. Horren adibide da, esaterako, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa: "Horren helburua ez da salaketa, baizik eta kontzientziazioa. Hemezortzi eragile batu dira eta zifra polita da, guk gehiago nahi arren".

Ttak gazte taldearen sorrerari ere balioa eman dio. "Aspalditik ikusten genuen beharra nerabe eta gazte talde bat sortzeko, hutsune bat antzematen baikenuen 18 eta 26 urte artekoetan; hau da, Txatxilipurdi ez zen iristen haiengana eta AEDra ere ez ziren hurbiltzen". Orain, Ttakek bete du hutsune hori eta talde bizia da, askotariko ekintzak egiten dituena.

Etorkizuneko erronkez galdetuta, Muxikak uste du garaia dela erabileran zentratutako erabaki irmoak hartzeko, bere garaian ezagutza arloan egindako apustua bezala. "Herritarrak kontzientziatu beharra dago, haien bizitzako esparru guztietan euskara erabiltzeko. Aisialdian bai, baina arlo sozioekonomikoan eragitea ere funtsezkoa da, gure bizitzaren zati handi bat han pasatzen baitugu".

Euskararen normalizazioari dagokionez, azkenik, zera dio Olasagastik: "Askok pentsatzen dute egungo egoera dela normala, baina egun ez dugu euskararen normalizazioa bizi. Estatistikoki, normala da kasuen %95 barnebiltzen dituena, eta euskararen kasuan ez da hala. Guk gurako genukeena da hemen euskaraz funtzionatzea Parisen frantsesez funtzionatzen duten moduan, adibidez. Horretarako, lanean jarraitu beharra dago".

Udazkenean, egitarau oparoa

Lehenik, urriaren 22an, AEDk ekoitzitako antzezlan berria aurkeztuko dute. Azaroaren 3an, literatura emanaldi musikatua izango da Juan Arzamendi Musika Etxean, Joxe Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandiarekin, besteak beste. Azaroaren 8an, Lanartea elkartearen Loreak ,elaunetan lanaren proiekzioa eta solasaldia egingo dituzte eta euskal kantagintzaren gaineko tailer bat ere badute lotuta, Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedarekin, nahiz eta eguna zehazteke duten oraindik. Azkenik, abenduaren 2an, Euskaltzaleen Egunaren baitan, Uarkapen bazkaria, kontzertuak eta beste hainbat sorpresa izango dituzte.

Patxi Goikolearen bertsoak

Elkartea sortu eta berehala, 1983ko abenduan, Patxi Goikoleak sei bertso jarri zituen: orduko egoera azaldu eta elkartea sortu izanaren garrantzia nabarmendu zuen. Hauek dira bertsoak:

Nola gure hizkuntza
oso gaixo dugun
indar handienakin
behar zaio lagun;
ez da nahikoa esan
garela euskaldun
abertzaletasuna
jarriaz ezagun
Arrasate herria
"Euskaldun Dezagun".

Euskara ia galdu
zaigu ikastolan,
kale ta udaletxean
ere dugu holan;
ehunetik hamahirua
nola mintzatzen dan
euskara etxean dugu
bigarrengo mailan
lehenengoan jartzeko
egin dezagun lan.

Euskara salbatzeko
da beharrezkoa
Udalbatzorde on bat
indar haundikoa
ondoan gabinete
talde teknikoa,
ta iriki herrian
euskaldun txokoa,
ez uste dana ere
danikan nahikoa.

Lehen herri zaharra gendun
euskararen abe,
baina gaur gazteleraz
hitz egiten dabe;
euskara hilzorian
dugu oso grabe
honen kalte larriaz
behar dugu jabe,
ez baita aberririk
hizkuntzarik gabe.

Abertzale geraden
lagun ta kideak
garbi eduki ditzagun
laneko ideak
azaltzen ditugula
gure eskubideak
udalbatzar gabinete
eta euskaltegiak,
herria euskalduntzeko
lehenengo bideak.

Euskaldunok erderaz
hizketan gabiltza,
geuk ezartzen diogu
hizkuntzari gaitza
dakigunok geurean
behar dugu mintza,
nahi badugu herriak
eduki bizitza
euskarai laguntzeko
eman daigun hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak