Doke Antzerki Taldeak prest du bederatzigarren obra. Hemen ez du inork ordaintzen da lana, eta ekainaren 2an izango da estreinaldia, arratsaldeko 19:30ean. 1974. urtean Dario Fok idatzitako lana da eta Josemari Velez de Mendizabalek euskaratu eta egokitu du. Astean behin, edo asko jota birritan egiten dituzte entseguak, eta urte eta erdi daramate obra hau lantzen.
Obraren zuzendaria Vene Herrero da eta lanari buruzko xehetasunak eman ditu: "Gaur egun bizi dugun egoerarekin zerikusia du obrak. Dario Fok bertan hitz egin zuen nola zegoen egoera inflazioarekin, ez zuten dirua gauzak ordaintzeko. Eta gaur egun, egoera nahiko antzekoa da. Gauza batzuk aurreratuagoak daude, baina beste batzuk ez". Gaineratu du ere lanak balioko duela ikusteko iraganeko ze gauza ez ditugun errepikatu behar.
Antzezlana bi etxekoandre xumek hilabetearen amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu. Andreetako bat supermerkatu batera sartzen da eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andrek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeko.
Vene Herrero zuzendaria izateaz gain, eszenatokian aktore lanetan honako hauek izango dira: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabier Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso eta Marga Merkader. Antzezlanak laurogeita hamar minutuko iraupena izango du.
Espazio "falta"
Doke Antzerki taldeak prentsaurrekoa baliatu du beraien lana garatzeko espazio "falta" nabarmena dela salatzeko. Vene Herrerok, taldearen izenean, salatu du bizi duten egoera: "Nik uste dut Udalaren babesa dugula, baina ez dute ezagutzen benetako egoera". Horrez gain, azpimarratu du entseguetarako ez dagoela toki handirik Doke osatzen duten talde guztientzat. Gainera, adierazi dute Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorium-a antzerkirako egokitzea eskatu zutela, baina ez dutela ezer egin.
Antzerki eskolaren egitaraua
Antzerki Eskolan ari diren haurren emanaldien berri ere eman dute prentsaurrekoan. Bost talde daude eskolan, guztira berrogei bat ikasle. Ikasturte guztian egindako lana jendaurrean erakutsiko dute, eta bost emanaldi egongo dira, maiatzean eta ekainean. Hona hemen ikasleen antzerki emanaldiak:
- Martitzena, maiatzaren 23an, zortzi eta hamaika urte bitarteko ikasleek Liburutegiko sekretua antzezlana, Amaia Antzokian, 17:30ean.
- Martitzena, maiatzaren 23an, hamabi eta hamasei urte bitarteko ikasleek Sagutegia lana, Amaia Antzokian, 18:30ean.
- Maiatzaren 27an, zapatua, 11:00etan, Doke Antzerki Taldeak Kulturolan duen lokalean, 8 eta 11 urte bitarteko ikasleek Barrerik egiten ez zekien printzesa antzezlana plazaratuko dute
- Ekainaren 8an, eguena, hamaika eta hamahiru urte bitarteko ikasleek Goxokilandia lana, Amaia Antzokian, 17:30ean.
- Ekainaren 8an, eguena, hamasei eta hemezortzi urte bitarteko ikasleek Zenbat negar eta zenbat min antzezlana, 18:30ean. Nabarmendu behar da lan honek Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan parte hartuko duela.