ALBISTEAK

"Zerga-sistema justu eta progresiboagoa" eskatu du Elkarrekin koalizioak Arrasaten

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 21a, 15:41

Gaur goizean ekitaldi politikoa egin dute Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verdek Arrasateko Biteri Plazan. Hitza hartu dute Elkarrekin Arrasate koalizioaren alkategai Eva Abuin, Elkarrekin Eskoriatzako alkategai eta Deba-Urola barrutiko Elkarrekin Gipuzkoako zerrendaburu Juan Luis Merino, Elkarrekin Donostiako alkategai Arantza Gonzalez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako diputatugai Miren Etxebeste eta Diputatuen Kongresuan diputatu diren Rafa Mayoral eta Roberto Uriartek. Era berean, ekitaldian izan dira Elkarrekin koalizioko Debagoieneko gainerako hiru alkategaiak.

Arrasateko Elkarrekin koalizioaren alkategai Eva Abuinen hitzartzearekin hasi da mitina. Elkarrekin Arrasateren hauteskunde programaren hiru ardatz nagusiak azpimarratu ditu: auzoak, zerbitzu-publikoak eta herri-kohesioa. Auzoak politikaren erdigunera ekartzeko apostu politikoa dutela azaldu du, eta proposamenetan jasotzen direla auzo-aurrekontuak sortzea, biztanle arreta zerbitzua eta gizarte-zerbitzuen bulegoak zabaltzea auzoetan eta udal-zerbitzuak sortzea.

Zerbitzu-publikoei dagokienez, gaineratu du Arrasateko zerbitzu-publiko gehienak enpresa pribatuen eskuetan daudela eta hori EAJren eredua dela gehitu du, ez eurena eta horregatik, langileen lan-baldintzak eta zerbitzuen kalitatea bermatzen dituen politika eredua sortu nahi dutela adierazi du: "Pribatizatuta dauden zerbitzu publiko guztiak publifikatzeko plan estrategiko bat garatuko dugu, eta kontratazio behatoki bat sortu". Gainera, alokairuen prezioari egin dio erreferentzia. Bere esanetan, Arrasate izan da espainiar estatuko herri guztietatik alokairuen prezioan igoerarin handiena jasan duen herria; %34 igo zen 2022an 2021arekin alderatuta. Arazoa konpontzeko, udaletxeak eskura dituen konpetentzia eta errekurtso guztiak agortuko dituela esan du.

Azkenik, herri kohesioa. "Udal-zerbitzuetan inbertsioak egitea eta horiek erabiltzea, gizarte kohesioa lantzeko. Udal-zerbitzuak eta hezkuntza ez-formalaren eskaintza haur guztien eskura jarri nahi dugu", dio Abuinek.

Eva Abuin hitzartzean. (Argazkia: I.A.A.)

Zerga-sistema progresiboa oinarri

Gipuzkoako Batzar Nagusietan jarri du begirada Juan Luis Merinok; zehazki, zerga-sisteman. Herritarrei gogorarazi die Batzar Nagusietan erabakitzen dela zuzeneko zergen, sozietateen gaineko zergen, pertsona fisikoen gaineko errentaren, ondarearen, oinordetzen edota dohaintzen eskumen fiskala eta han erabakitzen dela diru-bilketa nola egin eta nola banatu.

EAJk eta PSE-EEk, PPren babesarekin, 2015ean itundutako zerga-sistemak "banaketa ez-justua" egiten duela dio: "Gehien daukatenek, gutxiago ordaintzen dute. Banaketa ez-justu horrekin soldata batetik bizi garenok zerga gehiago ordaintzen ditugu, burtsan inbertitzeko aukera dutenak baino".Azaldu duenez, pasaden agintaldian proposamenak egin dituzte zerga-sistema progresiboa bultzateko, baina proposamen horietan sozialistek eta jeltzaleek kontra bozkatu dutela adierazi du Merinok.

Herriarekin eta herriarentzat

Aurrekanpaina aurretik "entzute prozesu sakon" batekin hasi zirela nabarmendu du Miren Etxebeste diputatugaiak: "Urtebete eman dugu herritarrekin hitz egiten herriaren ahotsa jasotzeko. Beste alderdiek esaten dute prozesuak egin dituztela, baina alderdiaren barruan egin dituzte. Guk gizarte osoa entzuten dugu. Gipuzkoako lau indar aurrerakoiek indar bateratu bat egin behar genuela esaten ziguten EAJren politika neoliberalei eta PSE-EEren menpekotasunari mugak jartzeko. Eta egin dugu". Herriarekin eta herriarentzat gobernatzeko konpromisoa hartu du.

Horren ostean, Merinoren ildo beretik jarraitu du Etxebestek; hain zuzen ere, zerga-sistematik. Dionez, Alderdi Popularrarekin ezin da gizartearentzat onuragarria den eredu fiskala itundu eta "balazta jarri" behar zaio gaur egungo zerga-sistemari: "Zerga-sistema ukitu behar da, kargu altuetan. Daukagun sistema ez da progresiboa. Gipuzkoarren ongizatea langileok sostengatzen dugu. Goi karguek, gure jakiekin espekulatzen duten horiek, ez dute ordaintzen ordaindu beharrekoa, eta ordaindu dezaten egingo dugu Gobernu Zentralean bultzatu dugun politika bera apliaktuz. Gipuzkoan aplikatuko dugu, gehien behar dutenei gehiago eskatuko diegu denok hobeto bizi gaitezen".

Halaber, hitza hartu duten gainerako kideek ere fiskalitatea izan dute mintzagai. Roberto Uriarte, esaterako, "harro" agertu da Unidas Podemosek kooperatibetako langileen alde Espainiako Gobernuan bultzatu dituzten neurriengatik: "Legealdi honetan, kooperatiba-sozietateetako langileentzako eskubideak berreskuratzea lortu duen indar bakarra geu gara". Rafa Mayoralek langile klasearen eroste-ahalmena indartzeko eta klase herrikoein interesak patronalen interesen aurrean defendatzeko deia egin du. Arantza Gonzalezek, berriz, salatu du PSE-EEk euskadiko eskuinarekin ituna egingo duela berriro M-28ren ostean, eta beraz, herritarrei dei egin die hautestontzietara joateko, langile klasearen eta "gehiengo sozialaren eskubideen defentsan" koalizioak bultzatzen duen proiektua bozkatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak