ALBISTEAK

EAJk Arrasate "eraldatzen" jarraitzeko programa aurkeztu du

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 18a, 15:29

Iturripen egin dute aurkezpena Maria Ubarretxena alkategaia buru zela. Hain zuzen, programaren barruan "kirol-instalazioak bultzatzea" izango da puntu nagusietako bat; bestea, auzoei "beharrezko irisgarritasuna eta zerbitzuak ematea".

Azken bi legealditan Arrasatek "eraldaketa garrantzitsua" jasan duela esan du Maria  Ubarretxenak, eta era beran "etorkizuna eraikitzen" jarraitu behar dutela. Horretarako, "hurbiltasuna, entzute aktiboa eta kudeaketa ona" ardatz izango dituztela gaineratu du.

Iturripeko kirol-instalakuntzak aukeratu dituzte aurkezpena egiteko, programan izango dituzten bi proiektu "izarretako" bat hauek bultzatzea eta hobetzea izango delako. Hala, Ubarretxenak kirol-azpiegitura modernoei eta iraunkorrei lehentasuna emango dietela esan du: "Kirol-instalazioen plana prest dugu, Iturripe eta Musakolako kiroldegiak berritzeko proiektuekin. Herritarrekin egindako kirol-mapa integrala burutuko dugu. Horrela, birmoldaketa Iturripetik hasiko da, Musakola berritzen hasten denean kirola egiteko kiroldegia izan dezagun”.

EAJ-ren programan lehentasun bezala agertzen den beste puntua auzoak dira. Hemen, "irisgarritasuna eta mugikortasuna" bermatzeko apustua egingo dutela adierazi du Ubarretxenak: "Badakigu Arrasateko auzoek gure herria leku hobea bihurtzen dutela. Auzoetako bizi-kalitatea asko inporta zaigu". Ildo horretan, plangintza eta ekintza zehatzak jarriko dituzte abian, eta auzo bakoitzak bere aurrekontua izango du. “Arrasatek auzo altu asko ditu eta irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da oraindik ere gure taldearentzat” esan du Ubarretxenak. Santa Teresa eta Gorostizan igogailu publikoak jartzeko asmoa agertu du, baita Altamira auzoa berrurbanizatzea. Gainera, programan, San Juan Taldearen berrurbanizazioa, Santa Teresaren biziberritze integrala eta Gudarien Plaza San Andresen berrurbanizatzea jasotzen dira.

Kultura eskaintza zabaltzea

Kasu honetan kaleko dinamizazioa "zabaltzea" eta kultur eskaintza "dibertsifikatzea" nahi du EAJ-k. Monterron jauregirako ere proiektu "polita" dutela esan du Ubarretxenak. EAJk Monterron Jauregia Industria Nortasunaren eta Kooperatibismoaren Zentro bihurtzea proposatzen du, turismo-bulegoarekin, ondarearen erakusketarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduerekin. "Arrasate erreferentzia da balio kooperatiboan eta auzolanean eta proiektu honek mapan jartzen lagunduko digu" adierazi du Ubarretxenak.

Merkataritza suspertzeko asmoa

Tokiko merkataritza suspertzeko asmoa azaldu du Ubarretxena alkategaiak eta horretarako laguntzak bideratuko dituztela belaunaldien arteko erreleboko zerbitzua, sektorea modernizatzeko eta digitalizatzeko plana eta negozio berrietarako pizgarriak jasotzen dituen plan integral baten bidez. "Arrasate berpiztea eta merkataritza bultzatzea nahi dugu. Negozioak itxi eta jubilatu egiten direnei ekintzaile berriak aurkitzen lagundu nahi diegu, baita egun herrian negozioak dituztenei ere" adierazi du Ubarretxenak.

Mugikortasun jasangarria

EAJk mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten du bere programan. Horren baitan bidegorrien sarea osatzen jarraitzeko asmoa dute Ekobulebarra Musakolaraino luzatuz. "Herri dena zeharkatzen duen paseo atsegin bat egiteko asmoa dugu, zuhaitzez inguratua egongo dena". Beste proiektuen artean dira, autobusen flota berritzea; La Merced ikastetxe zaharrean belaunaldien arteko Eco Co-Housing bat martxan jartzea parke natural bat Santa Barbaran; Obenerrekako parkea eraberritzea; Zerrajera estaltzea; espazio estalia Zigarrolan eta ludoteka Elkanon. 9-12 urte bitarteko gazteentzat eskaintza propioa eskainiko du, eta GAZTEGIDA nerabeentzat.

Bestalde, jeltzaleek ere Arrasate berde bat eraikitzen jarraitzea proposatzen dute, eta horretarako, Aramaio eta Deba errekak lehengoratzearen aldeko apustua egingo dute. Gainera, gaztaro libre, osasuntsu eta zoriontsu bat sustatzeko helburuarekin, emantzipaziorako alokairu-programa bat eta prebentzio-proiektuak bultzatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak