Azken urteetan, Arrasate "itzalita eta triste" dagoela adierazi du Maider Morras alkategaiak eta EH Bilduk udalerria berpizteko politika eraginkorrak "lehenbailehen" martxan jarriko dituela iragarri du, "udal eskumenei ahalik eta etekin handiena ateratzeko".
Monterron jauregia aukeratu dute aurkezpena egiteko, garrantzi berezia ematen baitiote jauregiaren etorkizunari. Herrira irekita eraikina izatea gura dute, "haur, gazte eta familientzako topagune hezitzailea", hain zuzen. "Arrasaten hazi eta hezi garenontzat Monterron berezia da dudarik gabe. Bertan dagoen jauregian izan ditugu liburutegiak, margo eskolak, musika eskola... Eta irailetik aurrera ere funtzio soziala betetzen jarraitu dezala nahi dugu. Monterron herriaren eta naturaren arteko elkargunea da, belaunaldi eta adin desberdinetako herritarrak elkartzeko lekua, heziketarako, kulturarako, aisialdirako eta naturaz gozatzeko eremu oso aberatsa", azaldu du Eñaut Arriaran zerrendakideak.
Halaber, tokiko merkataritza berraktibatzea ere funtsezkotzat du koalizioak. Horretarako, hainbat neurri proposatu dituzte: merkatari eta ekintzaileendako pizgarri ekonomiko eta fiskalak erraztea; aholkularitza zerbitzuak eskaintzea; lokalak berreskuratzeko proiektuak garatzea, adibidez, alokairuak erregulatuta; erakusleihoak berreskuratzea, lokal hutsak betetzeko alternatiba ezberdinak aztertzea edota zerbitzua kalera ateratzeko aukerak ematea.
Etxebizitza arloan, berriz, etxebizitza parkearen azterketa eta berrantolaketa, Mesedeetako ikastetxeko Cohousing proiektu publiko komunitarioa, larrialdietako etxebizitzak, alokairurako diru-laguntzak edota birgaitzeetarako diru-laguntzak martxan jarriko dituztela iragarri dute.
Kirola herrian integratzea helburu
Kirol Herria proiektuaren bitartez, Musakolako kiroldegia "lehenbailehen" eraberritzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. Horrez gain, kirola herrian integratzea ezinbestekotzat dute. "Kirola inklusiorako bidea izan behar da, adin guztietako pertsonek etxetik gertu praktikatzeko aukera izan dezaten. Erraztasunak eman nahi dizkiegu herritarrei kirola praktikatzeko, bai ekonomikoki, azpiegitura mailan, baina baita gestio mailan ere", dio Mikel San Miguel zerrendakideak.
Auzoen irisgarritasuna eta zerbitzuak
Auzoak biziberritzeko lana "premiazkoa" dela iritzita, horietarako neurri sorta ere iragarri dute: "Aldapan dauden auzoen irisgarritasuna hobetzeko Erguinen, Gorostizan eta Makatzenan arrapalak eta eskailerak ezartzeko proiektuak; igogailuen funtzionamendu egokia bermatzeko udal brigada berezia; landa auzoetan digitalizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak; udal zerbitzu batzuk auzoetara gerturatzeko ekimenak eta auzo alkatetzak funtzioz bete eta udaleko Auzoetako Batzordea berreskuratzea, besteak beste".
Herri euskalduna, plurala eta feminista
Era berean, Arrasate plural, euskaldun eta feminista aldarrikatu dute, euskara arrasatearrak batu eta elkartzeko kohesio tresnatzat ulertuta. Berdintasunera bidean, honako konpromiso hauek hartu ditu Gladys Fernandez zerrendakideak: "Arrasateko Indarkeria Matxistaren Aurkako Plana kaxoitik aterako dugu, Emakume Txokoari dagokion leku duina emango diogu behingoz eta sektore feminizatu eta prekarizatuetako emakume* langileak babestuko ditugu".
Herritarrak dira programaren ardatz
Amaitzeko, Maider Morras alkategaiak azpimarratu du pertsonak direla EH Bilduren herri programaren ardatza, herritarrak. "Guztion artean eraikiko dugun Arrasate bizia behar eta merezi dugula eta Arrasateren identitatea, garai bateko bizitasuna eta ekintzailetasuna berreskuratu eta berriz ere herri aitzindaria izatea lortuko dugula" gehitu du, "Arrasate gaurdanik biziberritzeko konpromisoa" berretsiz eta hori errealitate bihurtzeko "borondatea eta gogo erabatekoa" agertuz.