Arrasateren eta auzoen ezaugarriak kontuan hartuta, eta mundu mailan ematen ari diren aldaketak aintzat hartuz, Arrasateko EH Bilduk "ezinbestekotzat" du mugikortasunaren gaiari "lehenbailehen eta modu integralean" heltzea. Modu horretan, "arrasatearren beharretan eta herriko errealitatean oinarrituta", honako neurri hauek proposatu ditu:
- Erguin, Gorostiza edota Makatzena bezalako auzoetan igogailu edo arrapalak eraikitzea irisgarriagoak izan daitezen.
- San Andres auzoan Doctor Bañez kalea birmoldatzea.
- Hiri autobus lineen berrikuspena eta herritarren beharretara egokitzea, denon eskura egon daitezen.
- Autobus geltoki duin bat izateko lanketa herritarren errealitatea aintzat hartuz.
- Arrasateko bidegorria osatzeko falta diren atalak garatzea: Zerrajera-Zalduspe-Musakola eta Gelma-Musakola.
- Bizikletentzako aterpeak jartzea herrian zehar. Horretarako baliagarriak izan daitezkeen lokal hutsak aztertzea.
- Disuasio-aparkalekuen azterketa eta proposamena, erdiguneko trafikoa arindu eta Arrasatera lanera edo ikastera datozenei aparkatzeko erraztasunak eskaintzeko.
- Mugikortasun jasangarria sustatzeko kanpaina bateratua erakunde eta enpresekin. Neurri zehatzen artean egon daitezke autobus lineak antolatzea, lanera bizikletan joateko erraztasunak eskaintzea, auto partekatuaren sustapena eta abar.
"Ez da gertaera isolatu bat"
Joan den astean herribusa erre izana "mugikortasunaren gaia dagokion bezala ez kudeatzearen adibide gisa" ikusten du koalizioak. "Zorionez kalte pertsonalik gertatu ez bazen ere, bidaiarien eta gidariaren bizitzak arriskuan egon ziren. Ez zen gertaera isolatu bat izan, jakina baita arazoa ugari egon direla zerbitzuarekin. Zentzu horretan ezinbestekotzat jotzen du Arrasateko EH Bilduk zerbitzu honen kudeaketan ere jarraipen estua egitea, eta behar diren neurriak garaiz hartzea, kasu horretan bezala, ondorioak gehiagora joan ez daitezen".