Hizkuntza eskubideak bermatuta egon daitezen

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 8a, 09:36

Kulturateko Jokin Zaitegi gelan aurkeztu zuten protokoloa, apiril bukaeran.

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k bidea hasi du, herrian euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egite lanean segitzeko asmoz; sustatzaileek diote ateak zabalik dituztela ekimenera batu nahi dutenentzat.

Euskara jasaten ari den "oldarraldi judizialari" aurre egiteko tresna izan nahi du protokoloak. "Euskarak jasaten dituen urraketak geroz eta sarriago gertatzen dira, arlo pribatuan zein publikoan, eta horri aurre egiteko protokolo bat lantzen hasi ginen. AEDko mintegi batetik irten zen ideia eta hainbat eragile batu dira ekimenera", azaldu du Itxaro Artolak, AEDko kideak.

Hasiera batean, bost eragilek osatuko dute talde motorra –eskumako zerrendako lehen bostak–. Halere, zabalik dituzte ateak, ekimenera batu nahi duten guztientzat. "Protokoloa ezin dugu mugatu euskalgintzara; babes sozial handiagoa behar du. Ahalik eta eragile gehienek aplikatuko dutena izan behar du", azpimarratu du Artolak.

Protokoloaren helburu nagusia da Arrasaten euskararen erabilera bultzatzea, betiere, hizkuntza eskubideen inguruan lan eginda, herritarrak kontzientziatuz. "Urraketa bat gertatuz gero, hori konpontzen saiatzeko baliabideak eskaini gura ditu protokoloak, modu eraikitzailean". Modu horretan, talde motorrak, hainbat irizpideren arabera, baloratuko du urraketa bakoitzari eman beharreko erantzuna zein izango den. "Izan ere, ez da gauza bera urraketa entitate publiko batek egitea edo herriko denda txiki batek egitea", gaineratu du.

"Badago lana egiteko" Joan den astean aurkeztu zuten, Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna gonbidatuta. Hark adierazi zuenez, azken hilabeteetan euskararen aurkako hainbat epai izan dira, eta, "juridikoki eta teknikoki zuzenak" izan arren, "gure araubidearen ahultasuna" agerian uzten dute. "Erabat zaurgarria da, eta, hori horrela izanik, urratsak egin beharko lirateke gure bizkarrezur juridikoa indartzeko. Lege berriak behar ditugu gure hizkuntza eskakizunen sistema blindatzeko, eta, horretarako, hausnarketa bat egin beharko litzateke, hizkuntza eskakizunen sistema gainditu eta euskara funtzio publikoetan sartzeko. Beraz, badago lana egiteko".

Elkarretaratzea eguaztenean

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egingo du etzi, eguaztena, Bilbon, "euskararen aurkako oldarraldi judiziala" salatzeko. Arrasaten, deialdira atxikita, elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, Herriko Plazan, hizkuntza eskubideen alde.

Protokoloari atxikimendua eman dioten eragileak:

  • AED elkartea.
  • Arrasateko EHE.
  • Debagoieneko AEK.
  • Ekin Emakumeak Elkartea.
  • Txatxilipurdi Elkartea.
  • Arizmendi Ikastola.
  • Arrasateko Askapena.
  • Arrasateko Bilgune Feminista.
  • Arrasateko Ernai.
  • Arrasate Rugby Taldea.
  • Arrasateko Neska Gazteak.
  • Arrasateko LAB.
  • Emun.
  • Loixe zeramika taldea.
  • Maritxu Kajoi Komisiñua.
  • Mundukide.
  • Portaloi Elkartea.
  • Santamas Komisiñua.
  • Txikitxu-Arrostaitz dantza taldea.
  • Udalaxpe Txistulari Elkartea.
  • Arrasate Herri Eskola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak