Zortzi urteren ostean, ateak itxiko ditu Olgetak

Idoia Aranbarri Arzuaga / Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 5a, 11:26

Euskara, hezkuntza eta jolasen bueltan sortu zuen Olgeta duela zortzi urte Itsaso Pagoagak. Denda modura sortu zen, eta bere ibilbidean hainbat ikastaro, tailer, aholkularitza eta beste zenbait zerbitzu eskaini ditu. Asteon, baina jakinarazi du dendak ateak itxiko dituela hilaren amaieran. Hori dela eta, Pagoagarekin izan da GOIENA Olgetaren ibilbideaz, itxieraz nahiz hurrengo proiektuez hitz egiteko.

"Pozik eta lasai" agurtuko du Itsaso Pagoagak bere "ametsa". Duela 10 urte buruan zeukan asmoa bi urteren ostean jarri zuen martxan: Olgeta. Euskara, jolasak eta hezkuntza oinarri hartuta sortu zuen proiektua, denda fisikoa izateaz gain, mahai-jolasen mailegua eta aholkularitza zerbitzuak eskaini dituen egitasmoa izan da; eta, "hasiera batean", maiatzaren 30era arte hala izango da. Dena dela, ez da data zehatza, adierazi duenez: "Hustu ahala jakingo dugu lehenago edo geroago itxiko den”.

Ziurtasun falta

"Hausnarketa prozesu luze baten emaitza" izan da itxiera, eta arrazoiak azaldu ditu arduradunak hori justifikatzeko: "Komertzio bat mantentzea ardura eta lan-karga handia dira, eta laneko ordutegia ez da kontziliaziorako egokia. Gainera, beste sektoreetan gertatu den moduan, jostailuen esparruan ere ondorioak ekarri ditu prezioen igoerak: materialaren garestitzeak –egurra, papera...– kalitatezko jostailuak eskaintzeko ziurgabetasuna ekartzen du epe ertainera begira".

Euskal Herritik mundura

Komertzio txikien lana ez da salmentara mugatzen; norbanako bezeroekin, hornitzaileekin eta sektoreko lankideekin hartu-emanak izatea nahitaezkoa da hobetzeko. Formakuntzak ezagutu eta sortu, lan-esparrura moldatu eta jende berria ezagutzeko aukera ematen du; bertako zein kanpoko pertsonak ezagutzeko "aukera bikaina" da. Herriko dendetan, gainera –erosle ala saltzaile izan–, "bezeroz gaindiko" harremana izateko okasioa ere badago; hori izan da Pagoagaren kasua. "Egitasmo horrek ikasteko aukera asko eman dizkit, eskolatako errealitatea ikusiz asko gozatu eta ikasi dut; eta jende jator asko ere ezagutu dut, bai Euskal Herrikoa eta baita kanpokoa ere".

Ametsa errealitate

Teknologia berriek ere eragin dute dendetan, eta salmenta fisikotik harago joateko aukera izan dute: Internet bidezkora. Bertaratzeko beharrik izan gabe erosteko aukera ematen duten dendetako bat da Olgeta. Baina salmenta zerbitzua ez da eskaini duen aukera bakarra izan; jostailuak ikusi eta probatzeko mailegutza eta aholkularitza zerbitzua ere eskaini du. Hala, jostailuak trukatzeko espazioa "dudak eta beldurrak partekatzeko" toki bihurtu da.

"Ametsa" mantentzeak eskatzen du bere lana, ez da soilik zorte kontua; eta behin desira errealitate eginda, haren amaiera onartzen ere jakin behar da, eta hori da "gogorrena", ametsaren amaiera onartu eta uztearen erabakia hartzea.

Hausnarketarako denbora

Esker hitzak izan ditu arduradunak, 8 urtez ametsa bizirik mantendu izana bezeroei esker izan baita; baina gogoeta bat egitera ere bultzatu ditu, kaleen eta herriaren biziraupena bermatzeko herriko denden garrantzia azpimarratuz: "Gure ekintzek ondorioak dituzte, erosketak egiterakoan non eta zeini egiten diogun arreta jarri behar da, eguneroko praktika txikiek eragina dutelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak