Gizartearen erradiografia, hitz zorrotzekin abestuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko api. 29a, 09:45

Zortzi kantu biltzen dituen Antzua diskoa argitaratu berri du Arrasateko punk eta hard-rock talde La Banda Del Abuelo hirukoteak, Jaime Lizaranzu harmonika-jolearen kolaborazioarekin eta, aurrekoa moduan, Desacorde eta DDt argitaletxeekin.

"Presa barik, musika industriak bultzatzen duen erritmo azkarrari men egin barik" argitara- tzen ditu La Banda Del Abuelo taldeak lanak; bost urte pasatu dira Rockanrolla mailu bat da CD-liburua kaleratu zutenetik; bada, labetik atera berri dute zortzi kantu berri biltzen dituen Antzua disko.

Hogei urteko ibilbidean hainbat kide izan ditu Arrasateko taldeak; gaur egun, hirukote formatuan ari dira Josu Arteaga, Oskar Loiti eta David Clemente, baina lagun bat gonbidatu dute diskoko kantuak grabatzera: Jaime Lizaranzu harmonika-jolea. "Aspaldiko lagunak gara, garai batean lokal berean ibilitakoak. Azkeneko urteetan Ane Arregi ibili da harmonika eta bestelakoak jotzen, baina taldea utzi zuen, eta hark utzitako hutsunea betetzeko Jaimeri proposatu genion kantu batzuetan kolaboratzeko", azaldu du Josu Arteagak.

Soinu "iluna eta gogorragoa"

Punka da taldearen jatorria, baina handik harago joatea da euren nahia. "Motorhead eta halako taldeen doinuetan ibiltzen gara gustura. Melodiak eta hitzak lantzea gustatzen zaigu; lelo hutsak kantatu baino gehiago, zerbait ezberdina eta modu ezberdinean esateko gogoz. Autoekoizpenean sinisten dugu eta etxeko lapikoekin egosi dugu lan berria ere. Lokalean grabatu genuen, eta Oskarrek masterizatu du. Aurrez halako lanik egin bakoa zen arren, asko ikasi du, eta lan txukuna ondu du. Soinu argiegia zuen hasieran, baina, diskoaren izena eta kantuen hitzak aitzat hartuta, soinu ilunagoa eman diogu, azkenean".

Hamasei kantu grabatu zituzten arren, zortzi aukeratu dituzte Antzua lanean biltzeko. Asko zatartu den gizarteari buruz idatzitako kantu kritikoak eta zuzenak dira. Nik sortutakoak batzuk eta beste idazle batzuen idatzietan oinarritutakoak besteak; Eneko Barberena arrasatearraren eta Kubako Pedro Juan Gutierrezen poesiak lapurtuta, besteak beste. Euskaraz abestutakoak dira guztiak eta gure euskalkira ekartzeko ahalegina ere egin dugu, adibidez, Pandemonium kantuan".

Diskoa eskuragarri dago

Aspaldiko lankide dituzten Vallecasko Desacorde argitaletxearekin eta Bilboko DDT zigiluarekin elkarlanean argitaratu dute lan berria, eta haien atarietan dago salgai, baita Arrasateko Iluntz tabernan ere. Taldekideak "gustura" dira emaitzarekin, eta jasotzen ari diren zaleen iritziak ere positiboak direla dio Arteagak: "Behin eta berriz entzuteko gogoa pizten duela esan digute, eta aurreko gure lanarekin konparatuz pauso bat gorago dagoela ere bai".

Kontzertuak lotzeko bidean

Jendaurrean jotzea "oso gustuko" dute, baina ez da euren asmoa kontzertu askorik lotzea. "Astebururo kontzertu bat egitea ez da gure helburua, baina emanaldi batzuk lotzeko ahaleginetan ari gara. Etxe inguruan baino, Bilbo aldean jotzea da gure joera gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak