Puntua aldizkariaren 362. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Elduain, Berastegi, Villabona, Andoain, Lovaina eta Arrasate izan ditu bizitoki. Lantegia, bulegoa, ikastetxeak, Auzo Lagun eta Bergarako Udala, lantoki. Eta euskara eta pentsiodunen eskubideak, aldarrikapen. Guztiaz jardun du bi limoi-xaflaz goxatutako te bat hartu bitartean.
Ia bost hamarkada Arrasaten bizi izaten; nola bukatu zuen Elduaingo alabak Debagoienean?
Gurasoak Olloki izeneko mendiko auzoan bizi ziren artzainak ziren, baina gerraren gastuak zirela-eta Udalak lur komunalak saldu egin zituen. Gurasoak ardientzat larrerik gabe geratu zirenez, artaldea saldu eta Berastegira joan ziren, nekazaritza-lanetara. Handik Villabonara joan ginen, eta gero, Andoainera. Berastegin, Villabonan eta Andoainen ibili nintzen eskolan, eta Berastegikoan sufritu nuen lehen mesprezuzko tratua, euskalduna izateagatik. Euskaraz mintzatzen nintzen, guztiak bezala, baina eskolan euskaraz egitea debekatu eta zigortu egiten gintuzten. Medailoi bat ematen zion maistrak eskolan euskaraz ari zenari, eta irteerako orduan medailoia zuenak zigorra zeukan; beraz, ikaskideak zelatatu eta medailoia pasa behar genion euskaraz ari zenari, norbera libratzeko. Zigorra baino askoz mingarriagoa zen lagunen arteko etena ezartzea eta elkartasuna apurtzea. Andoainen, Eliza Katolikoaren menpean zegoen Baserri Gaztedia mugimenduarekin hasi nintzen harremanetan. Gazteak inguruarekin eta norbere buruarekin arduratzea zuen helburu, eta festak, txokolate-janak... antolatzen genituen, baita hainbat ikastaro egin ere. Andoainen 15 urterekin hasi nintzen lanean, Krafft enpresan, lehenengo biltegian eta gero bulegoan, eta batxilergoa neure kontura ikasiz atera nuen. Gero, Baserri Gaztediko kide izateari esker, 21 urterekin Lovainan (Belgika) Soziologia ikasteko beka lortu nuen. Bost urtez egon ginen han, eta bueltan, senarrak [Jose Mari Muxika] Arrasateko kooperatiba batean lana lortu zuenez, hona etorri ginen bizi izatera.
"Belgikan neska asko zeuden unibertsitatean, baina ez gure maila sozialekoak"
Nolakoa zen orduko Arrasate?
Bi ume txikirekin etorri ginen, eta, hori horrela, gure okupazio nagusiak eskola eta lana ziren; handik kanpo denborak ez zigun askorako ematen, hemen ez genuelako familiarik. Eskolaren eta lantegiaren bueltakoak ziren gure harremanak. Umeekin lotuta, hemen bazegoen beste inon ez zegoen gauza bat: haurtzaindegia. Izan ere, Auzo Lagun kooperatiba martxan jarri zuen etxetik kanpoko lanetan ere parte hartu nahi zuen emakume talde batek. Egun erdiko lana jarri zuten, eta, hori ahalbidetzeko, haurtzaindegia sortu. Orain ikusita eskasa dirudi, baina orduan salto handia izan zen: emakumeek, ezkontzean, lantegiak utzi behar izaten zituztelako familiara dedikatzeko. Euskara aldetik guk gure euskalkia egiten genuen, hemengoekiko ezberdina, eta esaten ziguten gurea polita zela eta eurena, traketsa: "Apaizek eta bertsolariek ere zuen euskara erabiltzen dute". Nik ordurako entzuna nion Txillardegiri egitura aldetik-eta hemengo euskara oso jatorra zela. Egia da guk leihoa eta hemen bentana esaten zela, baina hitzak hostoak dira; garrantzitsuena arbola bera da. Bestalde, Arrasatera jende asko etorri zen garai hartan, eta etxe asko eraiki ziren. Premia handia zegoen, asko baitziren etxebizitza partekatzen zuten familiak. Etxe asko eraiki zituzten, baina urriak ziren zerbitzuak: parkeak, liburutegia... Gaur egun, beste egoera batean gaude.
Zergatik ikasi zenuen Soziologia?
Ohikoa zen garai hartan emakumeak unibertsitatera joatea? Baserri Gaztediko ekitaldiei eta handik bultzatutako ekintzei oinarri formalago edo zientifikoagoa emateko. Baina ikasten duzunetik aplikatzerako bideak errebuelta asko ditu. Ez dakit hemengo errealitatea zein zen, baina Belgikan neska asko zeuden Unibertsitatean. Dena den, ez ziren gure maila sozialekoak; guk ez bezala, haiek ez zuten ardurarik kurtsoa gainditzeko. Hemen %3-edo ziren unibertsitatera zihoazen langileen seme-alabak. Era berean, gizartean eta Elizan Kontzilioaren ondoren egon ziren aldaketen eraginez, Euskal Herriko apaizgai asko Seminariotik irten eta Lovainara joan ziren, eta oso lagun onak egin genituen haien artean.
Belgikatik itzulitakoan bestelako hainbat lan ere egin zenituen; zertan ibili zara gusturen?
Bueltan, irakaslea izan nintzen hainbat tokitan; gero, Auzo Lagunen langileen formakuntzako teknikari; eta nire lan ibilbideko azken hamalau urteetan, Bergarako Udaleko Kultura teknikari. Lan bakoitzak bere gorabeherak ditu. Irakaskuntza aberatsa da, baina zaila, era berean, ikaslearekin konektatu egin behar duzulako: hark ikasi behar du, baina zuk eman behar dizkiozu erraztasunak. Auzo Lagunen teknikari moduan lan interesgarriak egiteko aukera izan nuen hango antolakuntzan eta pertsonen formakuntzan. Bergaran herri sentimendu handia dago, jendea konprometitu egiten da eta proiektu handiak aurrera ateratzen dituzte. Eta atsegina da horretan laguntzea.
Egindako zenbat lanetan tratatu zaituzte ezberdin emakume izategatik?
Krafften bulegoko lanetan nenbilela zerbait deigarria gertatu zitzaidan. Nire adin bereko mutil bat hasi zen lanean, eta, 21 urte betetzean, enteratu nintzen hari %20 igo ziotela soldata eta niri ez. Zergatik izan zen galdetzean, esan zidaten mutila zelako igo ziotela, etxebizitza erosteko edo familia izaten zuenerako baliabideak behar zituelako. Horrek zeharo hautsi zizkidan eskemak: ni baino beranduago hasi zen lanean eta nire soldata bera zuen; zergatik hari soldata igo eta niri ez? Hori jakitean ez nuen ezer askorik egin, gero Lovainara joan nintzelako. Geroko lanetan ez dut ezberdintasunik nabaritu. Soldata-arrakalarena orduan modu lotsagabean egiten zen; gaur, era disimulatuagoan: lanpostuen balorazioa egiteko irizpideen bidez. Indarra eta halako dohainak eskatzen dituzten lanak, batez ere, gizonezkoek egindakoak, detaileekin lan egitea eskatzen duten lanak baino gehiago ordaintzen dira lantegietan. Badirudi emakumeak egiten badu erraza dela.
"Egun, euskararekin lotuta, ez dago jendea ilusionatzen duen proiektu deigarririk"
Militantziarekin lotuta, AEDren sorreran egon zinen: lehen zuzendaritza batzordeko idazkaria izan zinen.
Karguei ez genien inportantzia handirik ematen, baina bai, beste batzuekin batera egon nintzen sorreran. Talde hartako batzuk, gainera, Arrasate kanpotik etorritakoak ginen. Izan ere, hemengo jende batek erreparoa zuen bere euskararekiko, eta ez zuen euskaraz egiten; ondorioz, kalean ez zen entzuten. Horregatik sortu genuen AED, eta lantaldeak osatu genituen: umeen aisialdirako taldea, emakumeena, komunikabideena, lantegietakoa... Horiek, sendotu heinean, elkarte autonomo bihurtu ziren: Txatxilipurdi; Ekin Emakumeak; Arrasateko Komunikabideak (ARKO), gaur egun Goiena dena; eta Euskalan.
Zenbat egin du hobera euskararen egoerak Arrasaten?
Hobera egin du, dudarik gabe. Irakaskuntzan, esaterako, orokortuta dago, baita administrazioan eta Osakidetzan ere. Mugimendu feministan ere sartu da euskara, gainerako aldarrikapen eta bazterkeriekin batera. Goiena ere garrantzitsua da, debagoiendarrek eta arrasatearrek informazioa euskaraz modu errazean jasotzeko aukera ematen duelako. Baina lantegietan, aisialdian eta Interneten eskasia dagoela uste dut. Interesgarria litzateke lantegietan ere euskararen erabileraren neurketak egitea. Esango nuke bolada batean kalean gehiago entzuten zela euskara eta gero jaitsiera gertatu dela. Ez jakintza gutxitu delako, lehen giroa beste bat zelako baizik. Jendearen motibazio aldetik egon dira garai hobeak, gaur egun ez dago jendea ilusionatzen duen proiektu deigarririk. Behin jendea euskaldunduta, gauzak beste era batera izango zirela pentsatzen nuen. Baina eraso handia jasaten dugu, gazteleraren pisua eta presioa eguneroko bizitzan sentitzen ditugu: kultura eskaintzan, epaitegien erabakietan... Ilusionatzen gaituen proiekturik gabe oso zaila da hortik ihes egitea.
"Bakarrik oso gauza eskasa gara; taldeak konfiantza eta indarra ematen digu"
Pentsiodunen mugimenduan ere sartuta zaude; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko duela gutxi Bilbon egindako baraualdian egon zinen, esaterako.
Asteleheneroko elkarretaratzeetan parte hartzen dut, beste milaka pentsiodunek bezala. Hori egin ahal izateko, formakuntzan eta antolaketan buru-belarri dabilen talde bat dago. Bilbon adituen bisitak ere izan genituen eta egoera azaltzeko informazio interesgarria eman ziguten. Europako Batzordeak ez du eskumenik pentsioen inguruan, Espainiako Gobernuak baizik. Baina Next Generation funtsak hor daudenez, Europatik gomendatzen dute horiek lortzeko pentsioak eta beste zenbait arlo murriztea. Hortik dator Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dieguna, badituztelako tresna legalak eta aukera ekonomikoak erabakiak hartzeko. Injustizia hutsa da milaka pertsonak bizi behar izatea 1.080 euro baino txikiagoak diren pentsioekin; asko, miserian. Ez dago eskubiderik. Ulergaitza zait UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Gobernuarekin adostu duten pentsioen erreforma, langileen bizi-baldintzen kalterako da eta.
Zer esan nahi du zuretzat militantzia hitzak?
Euskal Herrian, edo Arrasaten, kolektibo bat osatzen dugu eta beti dago zer hobetu, beti daude behar bezala erantzuten ez diren premiak. Administrazioari eskatzea da aukera bat, baina ardura denona da. Geuk arduratu behar dugu administrazioak jar ditzan beharrei erantzuteko baliabideak. Denoi dagokigu garai bakoitzean dugun ahalmenaren arabera laguntzea eta, ezin dugunean, laguntza jasotzea. Militantziarekin, geuk hartzen dugu geure gain gure patua.
Zer esango zenioke egun 15 urte dituen neska bati?
Neska zein mutil, ez konformatzeko esaten diotenarekin, gauzak kontrastatu eta ondorioak ateratzeko. Horretarako oso egokia da talde antolatuetan parte hartzea. Esango nuke bakarrik oso gauza eskasa garela eta taldeak konfiantza eta indarra ematen digula.