Sarek manifestazioa deitu du domekarako, "bizi osoko kartzela zigorra" salatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 27a, 10:42

Aurten 33 urte beteko ditu kartzelan Unai Parotek eta, horren harira, Arrasateko Sarek manifestazioa deitu du domekarako. "Egun, Zaballara ekarri dute eta bere baldintzak hobetu diren arren, kalean egon beharko luke, baina oraindik espetxean jarraitzen du", azaldu dute. Seber Altube plazatik abiatuko dira, 19:00etan.

Unai Parotek 33 urte beteko ditu espetxean aurten. "Erraz esaten da, baina 12.045 egun dira. Gehiegitxo, ez? Libre egon beharko luke zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta dituelako. Baimenez ere irten egin beharko luke, baina hor jarraitzen du espetxean. Zer bilatzen dute honekin? preso honen heriotza bilatzen dutela garbi daukagu!", salatu dute Arrasateko Saretik.

Halaber, gaur egun indarrean dagoen legediak "bizi arteko espetxe zigorra" ezkutatzen jarraitzen duela adierazi dute. "2003ko maiatzera arte, probintzia bakoitzeko zaintza epaileen esku zegoen bertan zeuden presoen zaintzaz arduratzea. Legea aplikatuz, berak erabakitzen zuen noiz betetzen zuen presoak zigorra. Gaur egun ere horrela funtzionatzen du Audientzia Nazionalean zigortu ez dituzten presoen kasuetan. Zergatik aldatu zen legea? Bada, 30 urteko zigorra zuten hainbat euskal preso erredentzioekin zigorra beteta kalera irteten hasi zirelako, 16, 17 edo 20 urte beteta", gehitu dute.

Horrekin batera, euskal presoek jasaten duten "salbuespenezko legedia" ere gaitzetsi dute, "argi" utziz horiek desaktibatzea "funtsezkoa" dela: "Azken urte hauetan, Audientzia Nazionala atzera botatzen ari da Espetxeko Tratamendu Juntak preso bakoitzari emandako gradua. Horrela, ikusten ari gara, behin eta berriz, kalean dauden presoak espetxera itzuli behar izaten dutela. Gure eskualdean, adibidez, Joseba Arregiren kasua dugu nabarmenena, Oñatin".

Hori guztia salatu gura dute domekako manifestazioan eta herritarrei dei egin diete parte hartzeko: "Egoera honen aurrean guk zer egin behar dugu? Kalera irten eta Unairen etxeratzea aldarrikatu. Ez dugu eskatzen inolako pribilegiorik, soilik legea bete dezatela, izan ere, legedia arrunta betez, Unaik kalean egon beharko luke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak