Luis Migel Lainz ('Turandot' operako zuzendari artistikoa eta ekoizlea): "Obra korala da, mami handiko pertsonaiekin"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 25a, 10:15
Luis Migel Lainz. Argazkia: Opera 2001

Ozenki elkarteak gonbidatuta, Pucciniren Turandot opera eskainiko du opera 2001 konpainiak astelehenean Amaia antzokian; sarrerak agortuta daude.

Munduan gehien eszenaratu den operetako bat da Turandot; Txina inperialean dago kokatuta eta muntaia ikusgarria du.

Amaia antzokian eskaintzeko bezperatan, ze sentsazio duzue?

Zaragozan arrakastaz estreinatu genuen bira, martxoaren 4an, eta harrezkero egin ditu- gun emanaldi guztietan aretoak bete egin ditugu –besteak beste, Cartagenan, Alacanten, Guadalajaran, Cadizen, Almerian, Santurtzin eta Murtzian–, eta Arrasaten ere hala izango da; oso pozik eta eskertuta gau- de. Plazera da berriz ere Ozenki elkartearen eskutik Arrasatera itzultzea.

Euskal Herria operarako plaza ona?

30 urte badira konpainia sortu genuenetik, eta ondo hartu gaituzue beti. Musika lirikoa maite duzue Euskal Herrian, aspaldiko tradizioa duzue, eta igarri egiten da hori. Garrantzitsua da hiriez harago eskaintzea, eta agintzen dizuet mimo berberarekin eskaintzen ditugula herrietan zein, adibidez, bira amaitzeko Parisen egingo ditugunak.

Zuzendari artistikoa eta ekoizlea zara; zelako obra dela diozu?

Puccinik bukatu barik utzi zuen obra eta haren ikasle batek bukatu zuen gero. Operan iraultza egin zuen Puccinik, historia, mitologia zein erlijio gaietatik harago pertsonen sentimenduak lehen lerroan jarrita: amodioa, desamodioa, zoriontasuna, heriotza... Txina inperialean kokatuta dago eta Turandot printzesa da protagonistetako bat –apenas sentimendurik ez duelako Izotzezko printzesa deitzen diotena–, eta haren inguruan ibiliko dira berarekin ezkondu gura duten hainbat printze; Calaf, adibidez. Calafek hainbat proba gainditu beharko ditu Turandoten bihotza irabazteko. Amaiera polita duela aurreratu dizuet. Obra korala da; paper guztiek mami handia dute. Eszenografia eta jantziak oso ikusgarriak dira; Turandot obraren balio garrantzitsuak dira.

Puntako musikariekin lan egitea duzue ikur; zeintzuk dituzue?

Herrialde askotakoak ditugu, bakarlari nagusiei dagokienez. France Dariz sopranoa Turandot da; David Baños tenorea, Calaf; Yeonjoo Park sopranoa Liu da; Viatxeslav Strelcov Ukrainako errefuxiatua da baxua, Timur-en papera egingo duena; Inheyong Hoang tenorea Altoum da; eta Ping, berriz, Guillem Batllori baritonoa. Horiez gainera, 40 lagun baino gehiagoko guk sortutako orkestra sinfonikoa dugu, baita Siziliako Abesbatza Lirikoa ere. Horiek guztiak publikoaren aurrean izango dira, baina atzean lantalde handia dagoela ahaztu barik. Eskarmentukoak eta maila handikoak haiek ere.

Turandot operaren une bat. Argazkia: Julio Lopez.

Amaia antzokia lepo beteko da

Aldez aurretik salgai jarritako sarrera ia guztiak agortu egin dira; Arrasateko Altuna lurrin- dendan eskura daitezke geratzen diren gutxiak, 30 eurotan bakoitza.

Hiru ekitaldi ditu Turandot obrak eta bi zatitan banatuta eskainiko dute astelehenean Amaia antzokian; 20:15ean hasita, emanaldiak bi ordu eta erdi iraungo du.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak