Ekiola Kooperatibako lehen Errektore Kontseilua hautatu dute

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 24a, 10:01

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren lehenengo Batzar Orokorra egin zuten, atzo, Arrasateko Amaia Antzokian, herritarrekin, hau da, bazkide kontsumitzaileekin. Bertan, herritarrek kooperatibaren testigua edo timoia hartzea errepesentatu zuten. Horretarako, Kontseilu Errektorea osatuko duten kideak izendatu zituzten, besteak beste. Honakoak izango dira: Iñaki Aranburu, Jon Loiti, Jose Mari Balzategi eta Maite Iturbe.

Orain arte Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak eman dituen urratsak azaldu zituzten zituzten lehenbizi ekitaldian, eta, kooperatibak bideragarritasun ekonomiko-tekniko-juridikoa duen arren, etorkizunean erronka gehiago izan behar dituela adieraziz, kooperatiba erreminta ezin hobea dela azaldu zuen, besteak beste, Hodei Arzak-ek, Ekiolako zuzendari teknikoak. Bera izan zen saioa bideratu zuena, eta bertan hartu zuten parte, besteak beste, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Joxean Alustizak, Fagorreko Presidenteak, Joseba Barandiaranek, Laboral Kutxako ordezkariak, eta Jon Berbel Krean S. Coop. Zuzendariak.

Batzarraren helburuak, Arrasateko lehen Ekiola proiektuaren lanen hasiera iragartzea izan zen, herritarren eta bazkideen parte hartzea sustatzea eta bultzatzea eta bazkideek Kooperatibako lehen Errektore Kontseilua hautatzea.

Ekitaldiaren lehen zatian, proiektuaren informazio eguneratua eman zuten bertaratutako guztientzat, hala nola bazkide kontsumitzaileen kopurua, bazkide laguntzaileen aurkezpena, kooperatibak sinatuko dituen kontratuei buruzko informazioa, kooperatibak eskatuko dituen finantzaketa terminoak, energiaren prezioa eta proiektuaren epeak. Gainera, kooperatiban sartu nahi zutenei horretarako aukera eman zieten. Bigarren zatia bazkideei zuzendutakoa izan zen; izan ere, kooperatibaren lehen Errektore Kontseiluko kideak eta ordezkoak izendatu zituzten bazkideek, bozketa bidez, bost urtetarako. Azken honi dagokionez, 202 bazkidetik 118 kide agertu ziren %58,42a.

Errektore Kontseilua osatuta

Kontseilu errektorea osatuko duten kideak bost urtetarako, honako bazkideak izango dira:

  • Iñaki Aranburu. 111
  • Jon Loiti. 110
  • Jose Mari Balzategi. 108
  • Maite Iturbe. 110
  • Ordezkoak: Jesus Mari Arizmendiarrieta 81; Lourdes Larrañaga 85 eta Carlos Martinez 40.

400 familiarendako energia

Iaz egin zituen herritarrendako proiektuaren aurkezpenak Ekiolak, herriz herri. 400 familiaren elektrizitate beharrak asetzeko beste energia sortuko dute, eta, azaldu zutenez, dagoeneko 204 bazkide ditu kooperatibak. Azpimarratu zuten oraindik beste horrenbesterendako lekua dagoela. Energia kooperatibaren %65 herritarrek osatuko dute, eta gainerako %35ak bazkide laguntzaileak izango direla adierazi zuten. Arrasateko Udala, Fagor Arrasate eta Laboral Kutxa izango dira bazkide laguntzaileak.

Proiektuaren epeak

Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan jarriko dute instalazio fotovoltaikoa –10.000 metro karratuko zabalera eta 1.200 panel fotovoltaiko– eta han sortuko da familia horientzako autokontsumorako energia. Dagoeneko lizentziak eskatu eta tramiteak eginda, atzo aurreratu zuten apirilaren erdialdera hasiko dituztela plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak. Lau bat hilabete irautea eta abuztu amaierarako obrak amaitzea aurreikusten dute. Ondoren, irailean martxan jarriko dute instalazioa: "Ordutik aurrera ikusiko dute bazkideek energia propioa sortzeak ze onura dituen euren fakturetan".

Parke fotovoltaikoa eraikitzeko aurrekontua itxita dago eta 1.557.440 eurokoa da. Proiektua garatzeko, IDAEko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak eskatu ditu, eta jakinarazi zuten lortu dituztela. Halaber, maileguak sinatu ditu Laboral Kutxarekin –eraikuntzarekin hasi eta hasierako ekarpenaren zenbatekoa murrizteko– eta Energiaren Euskal Erakundearekin –soberan dauden plazei dagokien diru ekarpena aurreratzeko–.

LKS Krean enpresako kide Hodei Arzaken esanetan, "hemendik aurrera Errektore Kontseilu berriak eta parte hartzen duten bazkide kontsumitzaile guztiek erabakiko dute Leintz bailarako Ekiolak ze proiektu berriri edo erronkari eutsi nahi dioten".

Galde-eskeen tartea

Galderak eta eskaerak egiteko tartea ere hartu zuten batzarrean. Bertaratutako zenbait lagunek beraien zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko aprobetxatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak