Hitzen bidez ere margotu daiteke mundua kolorez

Hasier Larrea 2023ko mar. 19a, 10:16

Hoshi Hioki eta Zoa Meza, norbere herrialdeko kontu fantastikoen berri ematen.

Ahoz Aho nazioarteko jaialdiko ipuin kontalariak Arrasatera etorriko dira datorren astean. Zoa Meza nikaraguarrak Santa Marinako bibliotekan jardungo du eguaztenean, Maite Frankorekin batera, eta Yoshi Hioki japoniarrak Kulturaten eguenean.

Intujai Teatro taldeak hamasei urte daramatza ahozkotasuna erdigunera ekartzeko nazioarteko ekitaldia antolatzen, Ahoz Aho jaialdiaren bitartez. Helduentzako eta haurrentzako ipuin kontaketa saioak sustatzen dituzte, mundu zabaleko kontalariak gonbidatuta.

Istorio indigenak

Aurtengo egitarauak hilabete iraungo du, ahalik eta entzule gehienengana heltzeko asmoz. Arrasatearrek esperientzia handiko hiru ipuin kontalariren istorioak bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute. 5 urtetik gorako haurrek biziko dute esperientzia lehenbizi, hilaren 22an, 18:00etan hasita. Maite Franko irundarra etxean bezala moldatzen da Santa Marinako bibliotekan, sarri kontatu ditu-eta han kutsu mitologikoa duten ipuinak, baina, oraingoan, gonbidatu berezi bat izango du alboan: Zoa Meza nikaraguarra. Mezak bere herrialdeko kultura aniztasunaren berri emango du ekitaldian, hizkuntza indigenak ere uztartuta. Azaldu duenez, gurasoek ere gustura jarraitzen duten diziplina da ipuin kontaketa, haurrei egoera errealei aurre egiteko pistak eskaintzen dizkiela iritzita: "Pertsonaia batek mendia igo eta dragoia menperatu behar badu, ipuinean zehar balentria hori lortzeko tresnak batzen ditu; umeak konturatzen dira arazoei ekinda erantzun behar zaiela".

EMANALDIETARA JOAN NAHI IZANEZ GERO, IZENA EMAN BEHAR DA 'ARRASATE. EUS' ATARIAN

"Entzule bereziak"

Hurrengo egunean Kulturatera lekualdatuko da Intujairen jaialdi mundiala. Entzule helduen zain egongo da han, 18:00etan, Katalunian bizi den Hoshi Hioki japoniarra. Haren jaioterriko ipuin tradizionalak helaraziko dituela aurreratu du, "mezu unibertsalak dituztenak". Abegiko du euskal kultura; izan ere, euskarazko ipuin bat ere prestatuko du: "Ez dakit gai izango naizen, baina saiatuko naiz, euskararen ahozkotasuna ederra egiten baitzait; ipuinak kontatzeko oso aproposa". Bigarren aldia du Ahoz Aho ekimenean, eta, estreinakoan frogatu zuenez, "entzule bereziak dira euskaldunak; igarri egiten da oholtzara igo bezain laster nola jartzen duten arreta zugan".

Alcelay, ikastetxeetan

Maider Alcelay arrasatearra ere badabil egitasmoaren barruan plazaz plaza, Igor Sala musikaria lagun. Baina 7 eta 12 urte arteko haurrei ere tailerra ematen dihardu, aste honetan Bidania-Goiatz eta Abaltzisketako ikastetxeetan izan baita, ipuinak nola kontatu erakusten.

Maider Alcelay eta Igor Sala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak