Euskal eta atzerriko ahozkotasuna, bat eginda

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 3a, 09:11

Belgikako Alberto Garcia eta Eskoriatzako Dorleta Kortazar kontalariak. Argazkia: Dorleta Kortazar.

Intujai Teatro taldeak antolatuta, hamaseigarren Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren baitan helduentzako eta haurrentzako ipuin kontaketa saioak izango dira Eskoriatzan, Oñatin eta Arrasaten; emanaldi guztiak doan izango dira.

La Caratula antzerki taldeak antolatzen duen FIO –Festival Internacional de la Oralidad– jaialdiaren adar bat moduan jaio zen, orain dela hamasei urte, Euskal Herriko Intujai Teatro taldeak bultzatzen duen Ahoz Aho jaialdia. "Urtez urte izaera propioa hartzen joan da eta horren erakusle da aurten 30 artistarekin osatu dugula egitarau zabala; beraz, oso pozik gaude egindako bidearekin. Hastapenetan moduan, ipuinekin edozein txokotara heltzea da jaialdiaren helburua, Euskal Herrian tradizioz ahozkotasunak izan duen garrantzian arreta jarriz eta kontalariek behar duten espazioa aldarrikatuta", azaldu du Intujai Teatro taldeko kide May Gorostiagak.

30 kontalari aurten

Eskaintza "plurala" egin dute otsailaren 24ean abiatu eta martxoaren 24a bitartean egingo duten jaialdian. "Mugaz kanpoko kontalariak ditugu gurekin egunotan. Besteak beste: urte erdia Pazko uhartean bizi den Celine Ripoll frantses-polinesiarra; Euskal Herria izugarri maite duen Yoshi Hioki japoniarra; Belgikako Alberto Garzia maisu handia; Nikaraguako Zoa Meza eta Nigeriako Oghohgo Nancy Orumurense. Gonbidatu ditugun euskal kontalarien zerrenda ere luzea da, eskarmentua dutenak eta hasi-berriak ere bai; izan ere, gure jaialdiak kontalari berrientzako tranpolina izatea ere badu helburu ".

Kortazar eta Alzelai

Aurreko aldian moduan, Eskoriatzako Dorleta Kortazar eta Arrasateko Maider Alzelai kontalarien saioak daude egitarauan jasota. "Oraingoz aurrez aurre ezagutzen ez dudan Celine Ripollekin batera bost saio egingo ditut. Erronka polita da nahiko arrotza zaidan Polinesiako kontakizunak egitea, deskubrimendu oso politak egin ditut", dio Kortazarrek, eta zera gaineratu du: "Maider Alzelaik hainbat saio egingo ditu bakarrik, baita Igor Sala musikaria lagun duela ere, eta, horrez gainera, ikastetxeetan ikastaroak gidatuko ditu. Jaialdia handitu egin denez, antolatzaileei anfitrioi lanetan laguntzen ari gara Alzelai eta biok".

Debagoienean egingo diren emanaldiak 

Eskoriatza

  • Alberto Garcia (Belgika) Martxoak 3, 19:00, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.
  • Marta Alzate (Euskal Herria) eta Martha Escudero (Mexiko) Martxoak 17, 19:00, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Euskaraz eta gazteleraz.
  • Yoshi Hioki (Japonia) Martxoak 24, 19:00, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.

Oñati

  • Dorleta Kortazar (Euskal Herria) eta Celine Ripoll (Frantzia/ Polinesia) Martxoak 9, 18:00, kultura etxeko zinema aretoan. Haurrentzako. Euskaraz eta gazteleraz.

Arrasate

  • Zoa Meza (Nikaragua) eta Maite Franko (Euskal Herria) Martxoak 22, 18:00, Santa Marinako bibliotekan. Haurrentzako. Euskaraz eta gazteleraz.
  • Yoshi Hioki (Japonia) Martxoak 23, 19:00, Kulturaten. Helduentzako. Gazteleraz.

Emanaldiak doan dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak