Arrasateren historiaren zati bat argazki bidez erakusten duen liburua

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 20a, 10:23
Liburuan agertzen diren hainbat argazki.

'Arrasate 1890-1940 Mondragon' liburua aurkeztu zuten joan den astean, jendez lepo bete zen Kulturateko areto nagusian. Arrasateren historiako 50 urte haietako hainbat argazki jasotzen ditu Alberto Loiti arrasatearrak Udal Bibliotekako langile Adela Bikandirekin eta Olatz Bartolomerekin batera osatutako lanak.

Duela zortzi urte argazki historikoak sailkatzen hasi zenean, Alberto Loitik nekez pentsatuko zuen gaur egun hark egindako lan guztia liburu bilakatu eta eskuetan edukiko zuenik. Josemari Velez de Mendizabal historialariak ere hala azpimarratu zuen eguazteneko aurkezpenaren bueltan: "Esan behar da, hasiera batean, asmoa ez zela liburua egitea. Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta Albertok, argazkizale eta historiazale handia denez, bi arlo horiek uztartu nahi zituen hasiera hartan".

Gero, ordea, prozesu hori urteetakoa izan da, eta, azkenean, liburu moduan aurkeztu ahal izan du arrasatearrak, "zorionez", historialariaren esanetan, "produktu on, duin eta interesgarria delako Arrasaterentzat".

Alberto Loiti: "Liburu osoa, bere horretan, da interesgarria"

Zenbat lan dago liburu horren atzean?

Urteetako lanaren emaitza da liburua. 2015ean, Arrasateko komertzioei buruzko erakusketa bat egin nuen, eta horren harira hasi nintzen argazki zaharrekin lanean. Azken zortzi urte hauetan, egunean zortzi ordu, behintzat, egin ditut lanean; beraz, pentsa zenbat ordu diren. Era berean, argazkiak sailkatzen egindako lanaz gain, margolanak ondo egiteari ere garrantzia eman diot.

Zerk izan du lan handiena?

Argazki gehienetan agertzen da zeinena den. Nire kezka handiena, hain zuzen, hori izan da: argazkia norena den, nondik datorren eta ze urtetakoa den jakitea. Izan ere, horrek ematen dio balioa argazki bati.

Horrek eragin dizu liburua egiterakoan?

Bai. Baditut argazki batzuk oso inportanteak iruditzen zaizkidanak, eta, norenak diren jakin arren, ez dakit ze urtetakoak diren. Ezin izan ditut liburuan txertatu.

Bada argazkiren bat bereziki gustatzen zaizuna?

Ez nuke jakingo esaten. Liburu guztia, bere horretan, da interesgarria.

Aurkezpen arrakastatsua

Esan moduan, joan den astean aurkeztu zuten liburua. Ikusmin handia piztu zuen arrasatearren artean, eta horren adibide da Kulturateko areto nagusian lekurik ez zela gelditu libre; jendea kanpoan ere geratu zen. Loiti bera presente egon zen saioan, baina, haren osasun arazoak medio, Velez de Mendizabalek hartu zuen berba liburuaren edukian sakontzeko: egilearen lana goraipatu zuen, eta "historiarako liburu ederra" utzi duela azpimarratu.

50 urteko historia, argazkitan

Liburuak XIX. mende bukaeratik kooperatibismoaren sorrera ezagutu arteko Mondragoek bizi izandako eraldaketaren testigantza grafikoa islatzen du, Jon Garai Arrasateko Udaleko Kultura teknikariaren esanetan: "1890. urteko abiapuntua jartzeko, ia ezinbestekoa da Mendia Funtsera jotzea. Loitik XX. mendeko lehen lau hamarkadetan herriak bizi izandako itxuraldaketa erakusteko, beste argazkilari batzuen lana baliatu du, baina guztietatik zalantza barik nabarmentzen dena Valeriano Martinez da. Haren begietatik eta Albertoren aukeraketari esker, Mondragoeko paraje eta bizimoduan murgilduko gara. Gaur egun ia ezezagunak zaizkigun nekazaritza auzoak, industriaren paisaia berriak, Francoren kalearen plaka inauguratzerakoan herritarrak besoak altxatuta, emakume kuadrillak mendian, arrasatearrak ospakizunetan eta abar".

Francisca 'Paca' Sagasta, Olandixo baserrikoa, esnea banatzen. Argazkia: Valeriano Martinez.

San Frantzisko eremua, 1940ko hamarkadan. Argazkia: Valeriano Martinez.

Enrique Reig kardinalak Santa Agedako lehen harria jarri zuen, 1926an. Argazkia: Roman Ayerbe.

Horren harira, Velez de Mendizabalek nabarmendu du Loitik izan duen beste dohain positibo bat izan dela azaleratu egin dituela Arrasatek eduki dituen argazkilariak, "erdi ahaztuta zeudenak", eta horien lanari balioa eman diola egileak liburu horren bitartez.

Garaik zera erantsi du: "Izoztutako irudi bizi horien bidez, Loitik ikuspegi poliedrikoa eskaintzen digu, herriaren iruditeria aberastera datorrena. Arrasateko argazkigintzaren historian mugarria jarri du eta atea irekitzen da oroitzapenerako, zabalkunderako, ezagutzarako eta ikerketarako".

Era berean, liburua irakurri gabe ere ulertu daitekeela dio Velez de Mendizabalek. "Albertok aurkeztu ditu hari hoberenak iruditu zaizkion argazkiak. 1890etik 1940ra arteko tartea aukeratu du, hain zuzen, garai hura maite duelako eta garai hartan argazkigintzak bere mugarriak markatu zituelako Arrasaten", gehitu du.

Margolanen garrantzia

Loiti bera izan da liburuaren egile bakarra, eta horri balioa eman dio Velez de Mendizabalek: "Hark sailkatu ditu argazkiak, hark idatzi ditu azalpen guztiak eta hark egin ditu margolanak. Azpimarratzekoa da, halaber, xehetasun guztiak ondo zainduta daudela, artxiboetara jo duelako eta hortik xurgatu dituen xehetasun asko erantsi dizkielako argazkiei. Horretan datza liburu horren balioa".

Horrez gain, planoetan eta margolanetan ere jarri du arreta Jon Garai Kultura teknikariak. "Egileak marrazteko eta planimetriarako duen erraztasuna ere presente dago liburuan, sortu dituen irudiak lagungarriak baitira irudi sortak kokatzeko. Haren lan egiteko modua erakusten du horrek, arreta non eta zertan jartzen duen erakusle. Bilduma interesgunearen zerbitzura jarriko du eta bildutako piezarik esanguratsuenak agertuko ditu".

Arrasatearrendako, altxorra

Historialariak nabarmendu du ondo landutako prozesua izan dela eta horrek bere denbora daramala. "Gogoratzen dut, esaterako, gure lagun zen Carmelo Letonaren funtsa digitalizatzen hasi zenean, 7.000 argazki inguru zirela", dio. Halaber, lan horrek guztiak altxor bilakatzen du liburua. "1890etik gaur egunera asko aldatu da Arrasate, eta liburuak balio du gazteek erreferentzia bat izan dezaten nolakoa zen herria garai hartan. Alde horretatik, altxor preziatua da". Garaik zera gehitu du: "Antzinako tresnekin betidanik izan duen zaletasun, interes eta maitasunaren pare, Loitik liburu honetan ere, irudiaren bidez, lan etnografiko aparta aurkeztu digu".

Arrasateko plaza, garai bateko kioskoarekin. Argazkia: Mendia Funtsa.

1919an, Nafarroa etorbidea. Erdian, tren geltoki zaharra. Argazkia: Elkoro Funtsa.

Arrasateko musika banda, 1899an. Argazkia: Carmelo Letona.

Udal langile urtez luzez

Alberto Loiti udal langile izan zen urte mordo batez eta horrek aukera "ezin hobea" eman zion "horrenbeste maite duen herria sakon ezagutzeko", Kultura teknikariaren arabera: "Barrunbeak ezagutzeak aukera eman dio atzera begiratua egin eta betidanik gogoko izan dituen ohitura eta usadioekin lotura duten tresnak biltzeko. Era berean, baita zaharberritzetik argazki zaharren mundura igarotzeko ere".

Erretiroa hartu zuenetik, Loitik Udalarekin kolaboratu izan du kultura ondarea ardatz duten proiektu batzuetan, antzinako tresnekin eta argazki zaharrekin zerikusia izan dutenak. "Hari horri tiraka, Udal Bibliotekarekin elkarlana gauzatuz joan da lan-ildo zehatz batzuetan. Lankidetza horri esker eta Udal Bibliotekaren elkarlanarekin batera, liburuaren hasierako apaltasunean bidelagun izan gara", gaineratu du Garaik.

Maria Ubarretxena alkateak eta Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak esker oneko berbak izan dituzte liburuaren egilearendako. "Eskerrik asko egindako lan guztiagatik eta arrasatearroi opari eder hau egiteagatik", azpimarratu du alkateak.

Elkar liburu-dendan salgai

500 ale atera dituzte eta horietako batzuk joan den asteko aurkezpenean salgai izan zituzten; ia gehienak saldu ziren. Edozelan ere, oraindik geratzen dira eta 25 eurotan eskuratu ahal izango da Elkar liburu-dendan. "Liburu arina da, edozein leku eta momentutan irakurri daitekeena, eta irakurlea Arrasateren historian kokatzeko modu ezin hobea", azpimarratu du Velez de Mendizabalek. Beraz, "altxor preziatu" barik geratu nahi ez duenak eros dezala liburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak