Arrasateren historiako 50 urte, argazki bidez jasota

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 15a, 20:00

Gaur arratsaldeko aurkezpena Kulturaten. Argazkia: Iñigo Barrena Kortabarria

Arrasate 1890-1940 Mondragon liburua aurkeztu dute jendez lepo bete den Kulturateko areto nagusian. Arrasateren historiako 50 urte horietako askotariko argazkiak batzen ditu Alberto Loitiren lanak. Josemari Velez de Mendizabalek idatzi du liburuaren hitzaurrea eta bera izan da gaurko aurkezpenean azalpenak eman dituena, Udal Bibliotekako langile Olatz Bartolome eta Loiti bera alboan zituela.

Ikusmina piztu du Arrasateko herritarren artean liburuak eta horren adibide Kulturateko areto nagusian lekurik ez dela gelditu aurkezpenean. Udal Bibliotekako langile Olatz Bartolomek ekitaldia aurkeztu du eta liburuaren prozesua laburbildu du.

Ondoren, Josemari Velez de Mendizabalek hartu du hitza, Alberto Loitiren lana goraipatuz eta "historiarako liburu eder bat" utzi duela azpimarratuz. Era berean, Arrasate "historian" jarri nahi izan duela ere gaineratu du. Liburuaren edukiari erreparatu diote ondoren, bertako hainbat argazki erakutsiz. "Argazkiaren baloreari eman dio indarra" adierazi du Velez de Mendizabalek. "Liburua ez da irakurri behar, ikusi baizik" hitzekin, gomendioa ere bota die Velez de Mendizabalek liburua irakurtzeko eta ikusteko tartea hartzen dutenei.

Bertaratu direnak argazki-liburua erosteko aukera izan dute aurkezpena hasi aurretik eta ale guztiak saldu dituzte. Nahi duenak, ordea, aukera izango du erosteko Elkar liburudendan 25 euroren truke.

Goizean prentsa agerraldia

Goizean, Alberto Loitiz gain, Asun Agiriano Udal Bibliotekako arduraduna, Jon Garai Kultura teknikaria, Maria Ubarretxena alkatea eta Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotzia izan dira.

Loiti udal langilea izan zen urte luzez, eta horrek aukera "ezin hobea" eman zion "horrenbeste maite duen herria sakon ezagutzeko", Garairen esanetan. "Barrunbeak ezagutzeak aukera eman dio atzera begiratu bat egin eta betidanik gogoko izan dituen ohitura eta usadioekin lotura duten tresnak bildu eta zaharberritzetik argazki zaharren mundura igarotzeko".

Liburuak XIX. mende bukaeratik kooperatibismoaren sorrera ezagutu arteko Mondragoek bizi izandako eraldaketaren testigantza grafikoa islatzen du. "1890. urteko abiapuntua jartzeko, ia ezinbestekoa da Mendia Funtsera jotzea", dio Kultura teknikariak. "Loitik XX. mendeko lehen lau hamarkadetan herriak bizi izandako itxuraldaketa erakusteko, beste argazkilari batzuen lana baliatu du, baina guztietatik zalantza barik nabarmentzen dena Valeriano Martinez da. Haren begietatik eta Albertoren aukeraketari esker, Mondragoeko paraje eta bizimoduan murgilduko gara. Gaur egun ia ezezagunak zaizkigun nekazaritza auzoak, industriaren paisaia berriak, Francoren kalearen plaka inauguratzerakoan herritarrak besoak altxatuta, emakume kuadrillak mendian, arrasatearrak ospakizunetan eta abar", nabarmendu du Garaik.  

Ezkerretik eskuinera: Mendieta, Agiriano, Loiti, Ubarretxena eta Garai.

Ubarretxenak eta Mendietak esker oneko berbak izan dituzte Loitirentzako. "Eskerrik asko egindako lan guztiagatik eta arrasatearroi opari eder hau egiteagatik", adierazi du alkateak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak