Haur eta Guraso Asanbladak dio Gobernua ez dela ari betetzen mozioan onartutakoa

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 15a, 14:59

Haur eta Guraso Asanbladako hainbat kide, Monterronen, iazko urrian.

Arrasateko udalbatzak azaroko osoko bilkuran onartu zuen Haur eta Guraso Asanbladak aurkeztutako mozioa, herriko haur parkeetan elementu naturalak integratzea eskatzen zuena. Geroztik, hiru bilera egin dituzte Arrasateko Udal Gobernuarekin, baina asanbladak salatu du Gobernuak ez dituela aintzat hartzen eta ez daudela ados prozesuak hartu duen bidearekin.

Azken bilera martxoaren 9an egin zuen asanbladak, Udaleko mantenu eta zerbitzuetako arduradunekin, eta han azaldu zieten zein asmo daukaten Santa Barbarako haur parkea berritzeko prozeduraren inguruan. Haiekin hitz egin eta txostena irakurri ondoren, asanbladako kideak elkartu egin dira eta hainbat gurasoren artean balorazio bat egin dute.

Balorazio hori gutun bidez helarazi diote Udal Gobernuari eta hainbat puntu jasotzen ditu. Batetik, diote, Gobernuak ez dituela herriko beste eragileak gonbidatu parke ereduen inguruan lanketa egiteko, mozioan eskatu eta onartu zen bezala. "Uste dugu aberasgarria eta beharrezkoa dela herriko beste interesdun eta adituei gonbidapena luzatzea; ikastetxe, elkarte, auzotar eta abarrei".

Bestetik, Santa Barbarako haur parkea berritzeko aurkeztu dieten prozeduraren datak "oso itxiak" direla uste dute, eta soilik lau egunetako epea eman dietela ekarpenak egiteko. Halaber, bileretara joateko "hainbat zailtasun" izan dituztela ere azaldu dute, Udaletik jarritako ordutegiak medio. "Gainera, bilera hauek guk parte hartzeko baino, uste dugu izan direla Udalak guri informazioa emateko bakarrik, aurkeztu diguten planteamenduak oso itxiak izan direlako", nabarmendu dute.

Horrekin batera, Santa Barbarako parkeari elementu naturalak integratzeko borondatea erakutsi izana eskertu diote Gobernuari, "baina ez dira inguruko beharrak aztertu, diagnostikorik egin, zertan jolasten den, non jolasten den, zein adinetako eta motako haurrak jolasten diren, nolako gazteak edo helduak egoten diren eta abar".

Azkenik, azaldu dutenez, "prozesu zabalago" batek "ekarpen interesgarriagoak" egingo lituzke eta herritarren beharretara hobe egokituko litzatekeen proiektua lortuko litzateke. "Esate baterako, elkarbizitzarako horren garrantzitsuak diren jolas komunitariorako aukerak (txirrista zabalekin, taldeko ziburuak...)".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak