Udaleku irekietarako izen-ematea zabaldu du Txatxilipurdik

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 14a, 10:40

Uztailaren 3tik 21era egingo dituzten udaleku irekietarako izen-ematea zabaldu du Txatxilipurdi Elkarteak. Aisialdi hezitzaile eta euskalduna eskaintzeko lanean dihardu elkarteak eta 35. urtez egingo dituzten udaleku horien helburua ere horixe izango da.

Euskararen plazan egin dute 2023ko udaleku irekien aurkezpena eta hainbat haur eta gurasoren laguntza izan dute aurtengoan. Aisialdi hezitzaile eta euskalduna eskaintzea da Txatxilipurdi Elkartearen helburu nagusietako bat eta baita bizitzarako beharrezko ikusten dituzten balio eta gaitasunak garatzen laguntzea ere; hala nola, euskaltzaletasuna, parte-hartzea, autonomia, naturarekiko harremana, aniztasuna eta feminismoa. "Gure udaleku irekiek ere balio hauetatik edaten dute, egunerokotasunetik irtenda, uda garaian esperientzia berriak bizitzeko eta harreman berriak sortzeko aukera eskainiz", azaldu du Amaia Arregik, Txatxilipurdiko kideak.

Uztailaren 3tik 21era egingo dituzte udaleku irekiak, 2 eta 12 urteko haur eta aurre-nerabeei zuzenduta egongo direnak. "Haurrak erdigunean jarrita, haiekin eta haientzat egingo dugu lan. Arrasateko kale eta naturaguneetan barrena, egunpasak, mendi bueltak eta ur-jolasak, besteak beste, izango dituen eskaintza dibertigarri eta dinamikoa sortuko dugu", gaineratu du Arregik.

Azken urteetan egin izan duten bezala, ekintzetan taldeak nahasten saiatuko direla azaldu dute, "adinartekotasunak eskaintzen duen aberastasunari balioa emateko asmoz, baita harreman berriak sortzeko ere".

Txatxilipurdi Elkarteko kide Arantza Osorok zehaztu duenez, hiru gunetan izena emateko aukera egongo da: Musakolan, San Andresen eta erdigunean. Hala, adinaren eta gunearen arabera osatuko dituzte taldeak:

  • BILIN BOLONKA (2020-2017 urte bitartean jaiotakoentzat, Haur Hezkuntzakoentzako).
    • Ordutegia: 10:00etatik 13:00etara.
    • Matrikula: 103 euro.
  • BIHURRIKEIXETAN (2016-2014 urte bitartean jaiotakoentzat, LH 1-2-3koentzako).
    • Goizez: 10:00etatik 13:00etara. Matrikula: 126 euro.
    • Goiz eta arratsaldez, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Matrikula: 149 euro.
  • EROKEIXETAN (2013-2011 urte bitartean jaiotakoentzat, LH 4-5-6koentzako).
    • Ordutegia: Astean bi egunez, 10:00etatik 17:00etara eta beste hiru egunetan, goizez, 10:00etatik 13:00etara.
    • Matrikula: 149 euro.

Era berean, AEDko bazkideek %5eko deskontua izango dute, baita familia ugarikoek ere. Bi baldintza horiek betetzen dituztenek, halaber, %10eko deskontua izango dute. "Beraz, diru-sarrera egitean, deskontuak kontuan izanik egin beharko da eta ordainketa haurraren izenean egin beharko da. Kasu hauetan agiriak aurkeztu beharko dira".

Horrez gain, zaintza zerbitzua ere egongo da, 09:00etatik 10:00etara, 40 euroko kostu gehigarriarekin (hor ez da deskonturik aplikatuko).

Informazio puntuak ere jarriko dituzte. Batetik, etzi, eguena, Biteri plazan egongo dira, 17:30etik 19:00etara. Bestetik, datorren astean, martxoaren 23an, Seber Altube plazan izango dira, 17:30etik 19:00etara.

Izen-ematea, maiatzaren 5era arte

Dagoeneko eman daiteke izena eta hainbat bide egongo dira horretarako:

  • Txatxilipurdiren webgunean: www.txatxilipurdi.eus.
  • Kartelen bitartez zabaldu duten QR kode baten bitartez.
  • Aurrez aurre, bulegoan: Nafarroa etorbidea 23, 1.solairua. Astelehenetik ostegunera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara. Telefono zenbakia honako hau da: 943 79 54 46.

35. urtez egingo dituzte

Aurten 35. urtea izango dute Txatxilipurdiren udaleku irekiek eta horri balioa eman dio Arantza Osorok: "Oso inportantea iruditzen zaigu urtez urte zerbitzu hau eskaintzea. Urte bakarrean egin dugu kale, pandemia garaian eta, egia esan, urtero haur askok ematen dute izena eta positiboki baloratzen dugu hori. Oso pozik gaude eta gutxienez beste horrenbeste urtez jarraitu dezagun lanean".

Hezitzaileendako deialdia ere zabalik

Udaleku irekiak aurkeztearekin batera, hezitzaileendako deialdia ere zabaldu du Txatxilipurdi Elkarteak. "Hezitzaile zein praktikagileen zerrenda bat osatu nahiko genuke. Beraz, urtero egin izan dugun bezala, aurten ere haur eta gaztetxoekin lan egiteko gogoa izanez gero, curriculuma bidali beharko da martxoaren 14tik apirilaren 30era bitarte", adierazi dute.

Udalekuetan hezitzaile gisa aritu ahal izateko eta praktikak egin ahal izateko, hezitzaileen formakuntzarako saio berezi bat egingo dute eta derrigorrezkoa izango da joatea. Maiatzaren 27an izango da saio hori, egun osokoa.

Interesa duenak, curriculuma bidali beharko du, begirale edo zuzendari tituluen kopiak eta hezitzaileen fitxa beteta a.osoro@txatxilipurdi.eus helbidera, apirilaren 30a baino lehen.

Izena emateko, hainbat baldintza bete beharko dira:

  • 18 urte edo gehiago izatea.
  • Euskara jakitea.
  • Txatxilipurdik antolatzen duen formazio saiora joatea.
  • Arrasatekoa edo Debagoienekoa izatea.

Era berean, aukeraketarako kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izango dira:

  • Begirale titulua izatea (Praktikagileen kasuan, praktikak egitea litzateke).
  • Ikasketak.
  • Esperientzia.
  • Lanerako prestutasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak