Osoko bilkuren aretoaren sarreran dagoen plakan egin diote lore eskaintza Isaias Carrasco zenari. Haren emazteak lore sorta bat eraman du, alderdi sozialistako ordezkariek eta Maria Ubarretxena alkateak lagunduta. "Familiak eskatuta, arrosa batzuk utzi ditugu plakaren ondoan, bere oroimenez, ez ahazteko gure laguna zena", azaldu du Johanna Sanchezek, alderdi sozialistako zinegotziak.
Alkateak zera adierazi du: "Urteurrena baliatuz, alderdi sozialistak eta familiak gonbidatu gintuzten eta, familiarekin bizi izan dugun prozesua medio, guk ere egoki ikusi dugu lore eskaintzan parte hartzea".
Halaber, osoko bilkuraren amaieran, sozialisten bozeramaile Aritz Muruak minutuko isilunea eskatu du, Carrascoren omenez. Zutik jarrita egin dute isilune hori, baina EH Bilduko zortzi zinegotziak ez dira zutitu. "Ez genekien omenaldia zegoenik ere eta, are gutxiago, minutuko isilunearena. Oso gauza zatarra izan da gurekiko eta momentu latza izan da, gaia oso sentibera delako", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek.
Podemos Arrasateko Eva Abuin, zutitu den arren, minduta azaldu da: "Triste gaude, PSE-EEk eta EAJk ez baitute gaia Bizikidetza Batzordera eraman, normalean egiten den moduan".
Matilde Martin sozialista izan zen berba hartzen azkena, eta EH Bilduko zinegotziei leporatu zien zutik jarri ez izana. "Lezetxikigatik bihotza zatituta zeneukatela adierazi zenuten aurreko osoko bilkuran. Gaur ni naiz bihotza zatituta daukana".
Martxoaren 8ari buruzko mozioa, onartuta
Osoko bilkuran onartu den puntuetako bat Martxoaren 8a izeneko mozioa izan da, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa. Gobernuak zein oposizioak deitoratu egin dute ezin adostasuna lortu izana. "Zortzi urte daramatzat alkate eta orain arte ez da posible izan ezer adostea Martxoaren 8aren bueltan. Nahiko zaila da ulertzea Eudelen alderdi guztiek osatutako testu bat izaten da eta Arrasaten, tamalez, ez da posible izaten", dio Ubarretxenak. Era berean, balioa eman dio Emakume Txokoak zein Berdintasun Sailak egiten duten lanari, eta herritarrei dei egin die biharko mobilizazioetan parte hartzeko.
Morrasek zera gaineratu du: "Berdintasuna eta feminismoa ez dira sekula izan Gobernu honen lehentasunak. Adibidez, Ibon Arrupek esan zuen Grupo San Juanen puntu ilun bat dagoela eta ez da aurrerapausorik egon hiru urteetan. Bestalde, emakumeen ahalduntzea proposatzen du mozioak eta duela zortzi urtetik plan bat eginda daukagu, Gobernuak kaxoian sartuta daukana. Beraz, paper huts bat besterik ez da mozioa".
Abuinek nabarmendu du oraindik bete gabe daudela iazko mozio eta adierazpenetan hartutako konpromisoak. "Bestalde, duela gutxi mozio bat aurkeztu genuen osoko bilkurako aretoan gizonezkoen koadroak aldatzeko eta Gobernuaren posizionamendua ikusita, ez dugu baldintzarik ikusten adosteko. Azkenik, Emakume Txokoaren lekualdatzeari buruz ez da ezer egin azken zortzi urteetan".
Dirulaguntzak hainbat eragileri
Halaber, hainbat dirulaguntza eta transferentziaren aldaketak ere onartu ditu udalbatzak; hori bai, oposizioaren babes barik. "Dirulaguntzen programa estrategikoa onartu dugu eta laguntza garrantzitsuak daude hor: Santa Teresako urbanizaziorako laguntza, Debagoiena 2030 egitasmorako laguntza, ikastetxeetan energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko Ikastetxeklik ekimenerako laguntza edota herriko merkatariendako laguntza, esaterako, bonuetarako zein erakusleiho lehiaketarako. Oposizioaren ezezkoarekin zur eta lur geratu gara", adierazi du alkateak.
Morrasek zera nabarmendu du ezezko botoa arrazoitzeko: "Dirulaguntza gehiago emango genituzke guk eta ez modu horretan, baizik eta eragile gehiagori. Dirulaguntzak emateko gure modua, gure eredua bezala, ezberdina da, ez da EAJk erabiltzen duena".
Onartutakoen artean, Debagoiena 2030 egitasmorako laguntza 2.400 eurokoa izango da; Ikastetxeklik garatzeko, Gizabidea fundazioari 5.250 eurokoa eta Erguin Herri Eskolari 6.500 eurokoa.
Moyua eta atzerapen egunak
Galdera eta erantzunetan, Kepa Urteagak hartu du berba, Juan Arzamendi Musika Etxearen harira: "Duela hilabete batzuk, lanen atzerapenei baiezkoa bozkatu genien, aldaketa bat ikusi genuelako LKSk egindako txostenean. Hain zuzen ere, atzerapenengatik penalizazioak eskatzen zitzaizkion Moyua enpresari. Batzordean behin baino gehiagotan galdetu izan dut gaiari buruz, eta txostenaren berririk ez dugu", azaldu du.
Victoriano Fuentesek erantzun dio obra zuzendaritzari eskatu ziotela atzerapen egunak zehazteko eta oraindik ez duela la hori egin. Beraz, itxaroten ari direla eta gaia bere prozesua eramaten ari dela.