Mondragon Unibertsitateak 263 eguzki-plaka instalatu ditu Garaia Parke Teknologikoan

Eki Letona Erretolatza 2023ko mar. 14a, 16:38

Mondragon Unibertsitateak, energia-iturri berriztagarriak sustatuz, 263 eguzki-plaka jarri ditu Arrasateko campusean, Garaia Parke Teknologikoan. Eguzki bidezko energia sortzeko instalazioa 35 etxebizitzak urtebetean duten kontsumoaren pareko energia-kantitatea sortzeko gai izango da. Unibertsitateak jasangarritasunarekin duen konpromisoari esker jarri zuten abian proiektua. Urtarrilean amaitu zituzten instalazio-lanak.

Gaurtik aurrera, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %17 inguru energia-iturri berriztagarriak erabilita sortuko da. Plakak ezartzeak eraikinaren estalkiko 1.700 metro karratuko azalera hartzen du, eta ia osorik estali dute eguzki-plakekin. Guztira, 263 plaka jarri dituzte, eta bakoitzak 455 watteko potentzia izango du. 20 MWh-ko instalatutako potentzia duen instalazioaren bidez, 130.000 kWh argindar ekoizteko asmoa du ikastegiak; hau da, Garaia eraikinaren urteko kontsumoaren %14-17 artean. Kontuan hartuta Euskadiko etxebizitza baten urteko batez besteko kontsumoa 3.370 kWh-koa dela, 35 etxebizitzaren urteko energia-beharren pareko energia-kantitatea sortzea lortuko du ikastegiak.

Unibertsitateko prentsa oharrean azaldu dutenez, Eskola Politeknikoak autohornikuntzaren bidez beteko ditu campusaren energia-beharrak. Plaken azterketa eta instalazio-prozesuan partaide izan dira Eskola Politeknikoko Eraikinen Kudeaketako eta Ingurumeneko lantaldeetako teknikariak; baita Energia Elektrikoko ikerketa-taldeko kide batzuk ere. Gainera, Krean arkitektura-estudioari esker garatu da instalazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak