ALBISTEAK

Euskaraldiaren balorazioa egin ostean, aurrera begira dago Geike

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 1a, 15:46

Geikek, Arrasateko euskalgintzako eragileak batzen dituen lankidetza mahaiak, agerraldia egin du gaur. Batetik, Euskaraldiaren balorazioa egin dute eta, bestetik, epe motzean izango dituzten langaiak ere azpimarratu dituzte, hau da, arlo sozioekonomikoa eta euskararen transmisioa eta sozializazioa.

"Euskaraldia duela hiru hilabete bukatu genuen arren, Arrasaten ariketa antolatzen aritu ginen eragileok ez gara geldi egon. Abenduan barrura begirako balorazioa egin genuen eta urtarrilean, berriz, ariketan parte hartu zuten entitate eta norbanakoen balorazioak jasotzen aritu ginen", azaldu du Amaia Aranak, Arrasateko Udaleko euskara teknikariak. 

Adierazi du, entitateei begira, inkesta bana bidali zietela parte hartu zuten 186 erakundeei eta horietako hamabostekin elkarrizketa pertsonalizatuak egin zituztela. Norbanakoei dagokienez, azken edizioan 2.961 herritarrek hartu zuten parte Euskaraldian eta horietatik zoriz aukeratutako 80 herritarrei bidali zieten inkesta. "Gure nahia zen entzute saio bat egitea, baina quorum nahikorik ez genuenez lortu, balorazioak galdetegi bidez eskatu ditugu", gaineratu du Aranak. 

Jasotako iritzien eta ekarpenen ondorioak arrasatearrekin partekatzeko asmoz batu dira gaur, "Euskaraldiaren zikloari amaiera eman eta 2023rako ditugun asmoen berri emateko". 

Hainbat dira atera dituzten ondorioak. "Batetik, beste behin ere ikusi dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa ona dela Euskaraldia. Hamabost egunetan erabateko aldaketak ematea oso zaila den arren, aldaketa txiki ugariren bizipenak jaso ditugu balorazioetan, batez ere norbanakoen eta entitateen arteko harremanetan. Hau da, eguneroko harreman txiki baina funtzionaletan eragiteko gaitasuna dauka bereziki Euskaraldiak", azpimarratu du Aranak.

Bestalde, ariketa sozialak euskararen erabilerarekiko jarreran eta helburuetan ere eragin duela dio, jaso dituzten erantzunetan oinarrituz: "Euskara erabiltzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko balio izan die batzuei; entitate gisa, bezero eta herritarren hizkuntza ohituretan eragin dezakeela ohartu dira hainbat parte-hartzaile; erabileran urratsak emateko neurriak hartzeko mugarri izan da entitate askotan; euskara ikasten hasi dira batzuk eta egonkor bihurtu diren ariguneak ere baditugu; entitatean euskararekin erabilera normalizatzeko plan bat egitea erabaki duenik ere badago".

Horrez gain, Geikeko kideek nabarmendu dute asko direla lehen hitza euskaraz egiteko ohitura hartu dutenak edota elkarrizketa elebidunak mantentzeko gaitasuna naturalizatu dutenak. Aitzitik, aspaldiko inertziek finkatutako ohiturak aldatzeko zailtasunak ere jaso ditugu balorazioetan: "Nekea, beldurra, deserosotasuna, amorrua...Guztiak ere norberaren estres linguistikoak sortutako emozioak edota solaskideen jarrerak eragindakoak". 

Behin Euskaraldia pasata, erlaxatu eta lehengo egoerara bueltatzeko arriskua hor dagoela ohartarazi dute. "Badakigu, halaber, hizkuntza ohituren aldaketa arnas luzekoa dela, harremana estua ditugunekin, nagusiki".

Horregatik guztiagatik sortu zuten, hain zuzen, Geike lankidetza mahaia, "euskararen erabileraren aldeko lanean indarrak batu eta elkarrekin eragiteko, Euskaraldia bezalako ariketen bidez edota, bestela ere, euskaraz gehiago hitz egiteko ahalegina egiteko prest dauden arrasatearrei horretan laguntzeko".

Lanean jarraitzeko beharraz

Behin Euskaraldiaren hirugarren edizioa bukatuta, lanean jarraituko dugu bide horretan, bi ardatz nagusi lehenetsiz epe motzerako: arlo sozioekonomikoa eta euskararen transmisio eta sozializazioa. "Ez gara hutsetik hasiko, ez batean ez bestean", azaldu du Iñaki Telleriak, Txatxilipurdiko kideak. "Ugari dira arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko abian ditugun ekimenak: Udaleko euskara zerbitzuaren programa, Emunek enpresetan kudeatzen dituen euskara planak, euskaltegietako eskaintzak, AEDk lan munduan eragiteko daukan lan-ildoa eta abar". 

Hizkuntzaren transmisio eta sozializazioari dagokionez, "zentzurik zabalenean" helduko diote, "transmisioa ez baita soilik familia barruan eta ikastetxeetan goitik behera ematen den fluxu bat, transmisioa eta sozializazioa baitira kirol taldeetan entrenatzaileek egiten dutena, Udalak haur eta nerabe etorkinei eskaintzen dizkien errefortzu saioak, etorri berriei zuzendutako Ekin Emakumeen Auzoko egitasmoa edota Txatxilipurdiren Zuaz proiektua", dio Telleriak. "Horrez gain, baita AEDren Zahar-Berri mintzapraktika, ikastetxeetako murgiltze planak edota Txatxilipurdik kudeatzen dituen ludoteka eta gazte txokoak".

Euskaltegietan egiten den lana eta Goiena bera hor kokatu dute, "euskararen komunikazio komunitarioa sustatzeko" tresna gisa. "Hobetu egin nahi dugu, modu koordinatuan eragin eta aktibatu. 2022a urte esanguratsua izan da euskararentzat. Kontra datozen haizeei aurre egiteko indarra dugula adierazi dugu, Euskaraldiarekin, Korrikarekin, Euskara Aurrera manifestazioarekin, Nafarroako mugimenduarekin edota Netflixen Pantailak Euskaraz bezalako ekimenekin. Izan bedi 2023a ere hitzen eta ekintzen urtea. Pozik hartuko ditugu euskaltzale ororen proposamenak", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak