Urtean zehar lantzen dituzten balioei jarraipena emango diete irteera horietan, aisialdi hezitzaile euskalduna landuz eta bizitzarako gaitasunak garatuz, hala-nola euskaltzaletasuna, parte hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna, elkar zaintza eta feminismoa.
Hiru proposamen ezberdin dakartzate aurten. Horietako biren kokagunea Garaion izango da, uztailaren 1tik 9ra bitartean. Adin tarteetan banatuta, Aizkomendi eta Gebara herrixkak osatuko dituzte, bakoitza bere lo-leku, elkargune eta jolas eremu propioarekin. Udalekuak "abenturaz beteta eta giro goxoan" pasatzeko helburuarekin, partaideen hitza hitza kontuan izanik adostuko dituzte ekintzak.
Hirugarren aukera, Kosta ala kosta egitasmo ibiltaria izango da, ekainaren 30etik uztailaren 8ra izango da, eta Gipuzkoako mendietan eta kostaldean zehar ibiliko dira etapaz etapa. Pandemiako etenaldia gaindituta, Kosta ala kosta dinamikak berrikuntzak ekarriko ditu.
Izena emateko moduak
Udaleku bakoitzean 30 lagunek hartu ahalko dute parte gehienez. Izen-ematea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik, eta Arrasaten erroldatutakoek lehentasuna izango dute martxoaren 10era arte. Txatxilipurdiren egoitzan –Nafarroa etorbidea 23– edota webgunean egin daitezke inskripzioak. Kaleko informazio puntuak ere jarriko dituzte, edozein zalantza argitzeko asmoz, martxoaren 2 eta 7an Sebero Altube plazan, 17:30eatik 19:00etara.
Aukera guztiek izango dute prezio berbera, 330 euro. Baldintza batzuk betez gero beherapenak ere jaso ahal izango dira: AEDko bazkideek %5eko deskontua izango dute, familia ugariek baita, eta bi baldintzak betetzen dituztenek %10ekoa.