'Elbira' dokumentala hilaren 7an proiektatuko dute Arrasaten

Hasier Larrea 2023ko ots. 28a, 17:15
Elbira Zipitria, ikasleekin (Argazkia: Sabino Arana Fundazioa).

Elbira Zipitria irakasle eta euskaltzalearen historia kontatzen duen dokumental-fikzionatua Amaia antzokian ikusi ahalko da, 19:30ean, doako sarrerarekin, arrasate.eus-en edota antzokiko lehiatilan eskuratuta.

Arrasateko estreinaldian Iban Gonzalez zuzendariaren hitzak entzuteko aukera egongo da,  solasaldia egingo baitute dokumentalaren emanaldiaren amaieran. Arrasateko Udaletik adierazi dutenez, euskal gizarteak "oso sakon" barneratua dauka memoria historikoa lantzea "egin beharreko ariketa" dela, "XXI. mendeko Gipuzkoa eta Euskal Herria ez baita egun batetik bestera eraiki".

Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoak bizitzan zehar egindako lana aitortzeko ikus-entzunezkoa da Iban Gonzalezek zuzendutako Elbira. Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak izango dira istorioaren narratzaile. Esaterako, Mari Karmen Mitxelena andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia
andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe ikasle ohiak.

Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatuko dute, baita Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua.

Teresa Lopez de Munainek ematen dio bizitza andereñoari, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.

Ibilbide emankorra eta "epikoa"

Zipitria Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan.

Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta gero, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapean egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat nesa-mutili euskarazko irakaskuntza eskaini zien. Euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoak trebatu zituen. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen
1968an.

Izaera berezi eta zorrotza zeukan, eta euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak