Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana da Elbira, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakonduko duen dokumental fikzionatua.
Lanaren zuzendari Iban Gonzalezek nabarmendu duenez, "memoria historikoaren" begiradatik ekarpena egin nahi du Elbira-k, baina "gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiekin lotura" eginez. “Bestalde, batetik, gutxi kontatu dugu emakume askok eta askok gerraren aurretik eta ondoren egin zuten lana. Bestetik, Zipitriaren berdinzaletasuna oso agerikoa da bere jardunean. Horretan ere aitzindaria izan zen eta dokumentalak aitzindaritza horri ere erreparatzen dio”, aipatu du.
Baita ere, Gonzalezen esanetan, dokumentalean saiatu dira hezitzaile eta pedagogo bezala aplikatu zituen "metodo berritzaileak" azaltzen, nahiz haren euskaltzaletasunaren eta euskal herrigintzaren aldeko jarrera sutsua islatzen. "Askotan, memoria historikoari lotuta, epikaren balioak jorratzen ditugu, baina normalean balio maskulinoei lotuta. Elbira Zipitriaren bizitza oso epikoa iruditzen zait. Itxuraz oso xumeak diren istorioak dira, oso modu isilekoan egindako gauzak, baina oso epikoak", gogoeta egin du zuzendariak.
Gipuzkoako 36 herritan ikusgai
Donostiako Kursaaleko auditorioan estreinatu zen lana abenduaren 26an, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean, 1.500 pertsonen aurrean. Ikusleen aldetik izan zuen harrera ona eta arrakasta handia ikusirik, Foru Aldundiak udaletara zabaldu du ikus-entzunezkoaren eskaintza.
Hala, momentuz bailarako lau herritan programatuko dute: Aretxabaletan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin. Oraindik ez da jakina ze egunetan izango diren hitzorduok.