Formakuntza jaso eta lanean, espazio naturalak mantentzen

Hasier Larrea 2023ko ots. 15a, 11:26

Basolan enplegu formakuntzako plan pilotua abiatu du, lehenengoz, Arrasateko Udalak. Hamar langabek baso-mantentzearen arloko prestakuntza jaso dute, datozen hamar hilabeteetan %65eko lan-jarduna betetzeko; Antoniña txukuntzen dihardute orain.

Lan-esparruan sartzeko oztopo handiak dituzten kolektiboetako langabeen prestakuntza hobetzean jartzen du arreta Basolan enplegu formakuntzako planak. "Kontua ez da soilik egoera kaltebera guztiak detektatzea eta babesa ematea. Enplegagarriak direnen kasuan, gizarte eta lan-bizitzari berriro lotzeko aukerak ere eskaini nahi dizkiegu; etorkizunean halako proiektuak garatzen jarraitzea da gure asmoa", azaldu du Edurne Unamunok, Udaleko Enplegu zinegotziak.

Proiektua sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin egin dute lan, hark kudeatzen baitu europar Next Generation fondoen finantzaketa, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan. Hartara, Lanbidek 236.512 euroko ekarpena egin du –%77– eta Arrasateko Udalak 69.106 eurokoa –%23–. Beraz, orotara, 305.618 euroko aurrekontua du Basolan egitasmoak.

Bi hilabeteko prestakuntza

Urriaren 26an abiatu zuten proiektua, Arrasaten bizi diren eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera (BGDS) edota Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten hamar herritarren parte hartzearekin. Bi hilabeteko formakuntza jaso zuten Bastida Akademia zentroan, Mendiak kontserbatzeko eta hobetzeko jarduera osagarriak izeneko ikasgaia barneratuta. Prozesu horretan lehen mailako profesionaltasun-ziurtagiriko edukietan zentratu dira, baina "zeharkako formakuntza ere jaso dute, lanean aritzearekin eta lana bilatzen laguntzeko orientazioarekin lotutakoa", Unamunok zehaztu duenez.

EKONOMIKOKI ETA SOZIALKI KALTEBERAK DIREN PERTSONAK GIZARTERATZEA DA PLANAREN HELBURUA

Urrira arte lanean

Fase hori gaindituta, ikasitakoa praktikan jartzeari ekin zioten duela zenbait aste. Horretarako, Alternantziako formakuntza kontratua luzatu zien Udalak, eta, horren arabera, urriaren 25era arte %65eko jardunean egingo dute lan. Udal jabetzako baso, erreka eta natura-guneen mantentzeaz arduratuko dira, Udaleko Landa-lurreko teknikariarekin koordinatuta.

Lehenengo esperientzia Zigarrolako begiratokian izan zuten, bertako lur eremuko sasitzak garbitzen. Gaur egun, auzo berean dihardute, Antoniñako espazioa txukuntzen ari baitira. Erreka eta lursail gehiagotan ere ibiliko dira aurrerantzean, naturguneak itxuraldatzen, horietara hurbiltzea erakargarriago izan dadin. Eta onura pertsonalak ere jasoko dituzte, noski.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak