Arrasateko TAOk 93.000 euroko defizita izan du urtebetean

Hasier Larrea 2023ko ots. 8a, 15:54

Ibilgailu motordunak aparkatzeko ordenantza onartu eta urtebetera, zerbitzuari buruzko datuak argitaratu ditu Udal Gobernuak. Alkateak balorazio positiboa egin du: "Hiri-ingurunea erakargarriagoa da orain, herritarrentzako berreskuratu baitugu".

Aparkaleku eredua aldatzea "apustu ausarta" izan dela adierazi dute gaur Maria Ubarretxena alkateak eta Ander Garay Ogasun zinegotziak, lehen erdigunetik "ibilgailu asko" mugitzen zirela-eta, aparkalekua bilatzeko garaian "fluxu handia" sortzen zutela kontuan hartuta. Bereziki hiru izan dira TAO ezartzean bete nahi zituzten helburuak: "Erdigunea herritarrentzako berreskuratzea, harremanak gauzatzeko gunea eskaintzea eta, aldi berean, erdigunera bertaratzeko ohiturak eraldatzea, bidegorriaren, garraio publikoaren edota igogailuen erabilera areagotuz". 

Bilakaera zein izan den ikusita, "oinezkoari lehentasuna eman diotela, aparkatzea errazagoa dela eta ingurumen ikuspuntutik iaz baino hirigune jasangarriagoa dugula" ondorioztatu dute. Azken argudio horri lotutako datuak, hau da, kutsadura-mailaren bilakaerari buruzkoak, "aurrerago" kaleratuko dituzte.

Argitara eman dutena TAOren mantentze-kostuaren eta zerbitzuagatik jasotako diru-sarreren arteko aldea da. Udalak 476.504,72 euroko kontratua sinatu zuen Gertek enpresarekin, eta hura arduratu da zerbitzuaren mantentzea kudeatzeaz. Erabiltzaileek, izan egoiliarren txartelengatik –3.407 banatu dira, denera, 107.995 euroan–, makinetan ordaindutakoagatik –233.480,13 euro– edo isunengatik –42.105,20 euro–, 383.581,11 euroko ekarpena egin dute. "Aurreikuspenak bete egin dira, 93.000 euroko defizita izan baitugu. Izan ere, legeak ez du baimentzen halako zerbitzuengatik superabitik lortzea, Udalak kobratzen duen tasetako bat delako; beraz, gehienez, gastuak estaltzeko lain jaso dezakegu", azaldu du Garayk.

"Sistema bizia"

2021eko abenduan jarri zuen Arrasateko Udalak abian TAO sistema, prozesu parte-hartzaile bat medio. Lehen bi hilabeteetako probaldiaren ostean, otsailaren 4an sartu zen indarrean. Ordutik, Udalak "gertutik" jarraitu du herritarrek zerbitzua zelan erabili duten eta aparkalekuetan ze doikuntza komeni zen egitea. 

Hala, TAOren abuztuko etenaldia baliatu zuen Udalak herritarren ekarpenak eta udal teknikariek lehenetsitako egokitzapen-beharrak ezartzeko. Irailetik aurrera, gune urdin eta gorrian bi orduz doan aparkatzea baimendu zuten, gune berdeko prezioak jaitsi, TAO sisteman kale berriak sartu, mugikortasun urriko aparkalekuak doako bihurtu, Arrasateko gremioentzat txartel berria sortu eta etxebizitzetan hirugarren txartel bat eskatzeko aukera eman, besteak beste. Egokitzapen gehiago egitea ez dute baztertzen, "herritarren beharrak asebetetzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak