Espainiako Gobernuak dio AHTko lanek ez dutela Lezetxikiko aztarnategia kaltetu

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 8a, 15:20

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazkietako bat.

EH Bilduko Espainiako kongresukide Iñaki Ruiz de Pinedok azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari gaurko kontrol saioan, Lezetxikin gertatutakoaren harira. Raquel Sanchez Garraio Ministroak erantzun dio aztarnategiak ez duela "inolako kalterik" jasan eta "300 bat metrora baino gehiagora dagoen galeria bat" gurutzatu duela tunelak.

Espainiako Garraio ministroak kalteak ukatu izana deitoratu du Ruiz de Pinedok. "Jakin badakigu kalteek ez dutela atzera bueltarik baina, suntsiketa gehiago saihesteko, gertatutakoari buruz azalpenak emateko eta erantzukizunak argitzeko ordua da, eta ez kalteak ukatzeko. Ez da egia ministroak esandakoa. Gobernuak, neurririk ez hartzeaz gain, gertatutakoa ezkutatu du".

Adifeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek egindako txosten tekniko bat aipatu du Ministroak bere hitzak argudiatzeko, EH Bilduren esanetan, "inork ezagutzen ez duen txostena". Hori dela eta, idatzi hori helarazteko eskatu dio Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Espainiako Gobernuari. "Ez dugu ziurtasunik AHTak eragindako zuloaren eta aztarnategiaren artean zenbat metro dauden. Ministroaren arabera 300 metro inguru daude eta Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, berriz, 140 metro. Ilunkeria eta informazio falta eta ikerketa faltaren aurrean, ingurunea errespetatuko duen tren sozial baten aldeko apustua berresten dugu alternatiba gisa", nabarmendu du Ruiz de Pinedok. 

Raquel Sanchez Garraio Ministroak azpimarratu du, halaber, AHTan inbertitzen jarraituko duela, "ondare nazional eta arkeologikoa babesteko beharrezkoak diren neurriak hartuz".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak