Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi ondoren, itzultzaile dihardu Eusko Jaurlaritzako HAEE-IVAPen Gema Lopez Las Heras azkoitiarrak gaur egun. Beka eskuratuta, irailera bitartean izango du iazko Literaturako Nobel saria irabazi zuen Annie Ernaux idazle frantziarraren La femme gelée –Emakume izoztua– eleberria euskarara itzultzeko aukera.
Zorionak! Pozik?
Bai, oso gustura, sorpresa itzela izan da saria irabaztea! Ama- tasun-bajan nago orain eta entretenitzeko, jolas moduan, hasi nintzen sariketarako aurkeztu beharreko liburuaren lagina itzultzen. Lasai hartu nuen eta, azkenean, emaitza nahiko txukuna zela iruditu zitzaidanez, epea ixtear zegoela bidaltzea erabaki nuen.
Frantsesetik euskarara itzuliko duzu; zelan moldatzen zara?
Orain dela asko ukitu barik nuen frantsesa, eta, alde horretatik, kostatu egin zitzaidan hasieran. Administrazioko itzulpengintzan jarduten dut; hortaz, gehienetan, gazteleratik euskarara itzultzen dut, eta, tarteka, oso noizean behin, euskaratik gaztelerara ere bai. Ikasketa garaian ingelesa, frantsesa eta alemana ikasi nituen eta Montrealen (Kanada) eta Heidelbergen (Alemania) egin nituen urtebeteko egonaldi bana ondoren. Gazteleraz eta euskaraz gainera, hiru hizkuntza horiek ere ondo menperatzen ditut.
Ezagutzen zenuen Annie Ernaux idazlea?
Banuen haren berri, baina aitortu behar dut iaz arte ez nuela haren ezer irakurrita. Hemendik eta handik hari buruzkoak entzuten nituelako hasi nintzen, kasualitatez, orain itzultzen ari naizen liburua irakurtzen. Gustatu zitzaidan eta beste bi irakurri nituen ondoren, eta zerrendan ditut beste hainbat. Normandiako herri txiki batean jaio zen, 1940an; herriko ostatu eta denda baten jabeak zituen gurasoak. Mundu itxia zen harentzako, eta, handik alde egiteko gogoz, Frantses Filologia ikasi zuen unibertsitatean, irakaslea izan zen gero, ezkondu eta ama izan zen arte. 1970ean argitaratu zuen lehen nobela eta harrezkero hogeitik gora idatzi ditu. Haren obra, nagusiki, autobiografikoa da.
Zelakoa da Emakume izoztua?
30 urte inguruko emakume baten istorioa kontatzen du. Irakaslea da protagonista, ezkonduta dago eta bi alaba ditu. Itxuraz, behintzat, bizitza ona du, baina, poliki-poliki, ikusten du zapuzten ari zaizkiola dituen ametsak, ilusioak eta bizipoza ere bai; hau da, nola albo batera utzi dituen etxeko zereginei heltzeko esklusiboki. Bakarrik emazte, ama eta etxeko-andre izatera kondenatuta dagoela konturatzen da eta frustrazio horrek eragindako liburua da.
Irakurtzeko samurra dela diozu; itzultzeko ere hala da?
Ernauxek idazteko estilo bortitza du, apaindura handi barik kontatuta, filtrorik barik, eta, horrez gainera, Normandiako dialektoko elementu asko erabiltzen ditu; hortaz, hor ikusten dut dudan erronka: kaleko estilo informal hori euskarara egoki ekartzea. Lankideak eta Elkar-eko editorea alboan izango ditut, seguru, bidean agertuko diren zalantzak argitzeko. Zer behar du itzulpen on batek? Ez da nabaritu behar itzulpena denik; naturala izan behar du.
"Liburu bat aukeratzerakoan, euskaraz itzulita dagoen begiratzen dut beti"
Baduzu itzulitako liburuak irakurtzeko ohiturarik?
Liburu bat aukeratzerakoan, beti begiratzen dut ea badagoen euskarara itzulita gaztelerazko itzulpena hartu aurretik, eta esango nuke, orokorrean, jendeari kontzientzia hori falta zaiola; bada, itzulitako liburua bada, zergatik ez, aukeran, euskaraz irakurri, ezta?