Hondarribia kaleko eraikina 'Lan R Bai' programaren erabiltzaileek egokituko dute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 3a, 12:55

Arrasateko Udalak Lan R Bai programa indartu du. Hondarribia kalean daukaten eraikina erreferentziazko gune bilakatu gura dute eta, horretarako, hainbat egokitzapen egingo dituzte 2023an eta 2024an. Gainera, programaren erabiltzaileak izango dira lan horiek egingo dituztenak, programaren helburua baita erabiltzaileak formatzea eta lan mundura bideratzea.

Gizarte bazterkerian dauden pertsonei zuzendutako programa da Lan R Bai, 2019an sortu zenetik, 18-25 urte arteko gazteak gizarteratzeko helburua duena. Kalexka Elkarteak dinamizatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen babesa dauka. Egun, 60 erabiltzaile inguru dituzte, bi profiletakoak. "Batetik, heziketa arina behar dutenak eta Udalaren eskumenekoak direnak. Bestetik, Aldundiaren eskumenekoak, heziketa espezializatuagoa jasotzen dutenak", azaldu du Maitane Muñozek, Garapen Komunitarioko zinegotziak.

Hondarribia kalean dagoen eraikina erreferentziazko gune bilakatu gura dute eta horretarako hainbat egokitzapen egin ditu Udalak azken urteetan, 110.000 euroko aurrekontuarekin, "irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko", bereziki.

Era berean, datorren astean hasiko dira falta diren egokitzapen guztiak egiten eta hori erabiltzaileek eurek egingo dute, datozen bi urteetan. "Hoberen dagoen zatiarekin hasiko gara, margotzen eta elektrizitate arloko oinarrizko gauza batzuekin eta baratze bat ere egingo dugu. Hori 2023an. Datorren urtean, berriz, beheko zatia egokituko dugu, lan teknikoagoa eskatzen duelako eta profesionalen laguntza beharko dugulako", azaldu du Leire Garciak, Kalexka Elkarteko hezitzaileak.

Honako lan hauek egingo dituzte: fatxadako horma hobetzea, sarrerako atea birgaitzea, sarrerako eskailerak konpontzea, igogailuaren inguruan egurrezko kaila jartzea, baratzea txukuntzea, eustorma berritzea, lorategiz hornitutako eremu bat jartzea, estalpeko fatxada birgaitzea, atzeko korridoreko lurzorua birgaitzea, biltegia berritzea, pintura-lanak egitea edo sukaldea berritzea, besteak beste.

Beheko zatia tailer bezala erabiliko dute eta pixkanaka, lurra, ur-hornidura eta elektrizitatea jartzen joango dira eraikin guztian. Funtsean, helburua da erabiltzaileak lan-mundura bideratzea, formazio bat eskainiz. "Formazioari eta lanari helduta, errutina bat izan dezaten gura dugu, ahal den heinean, formazioarekin jarraitzea eta laneratzerako bidean laguntzea".

2023an eta 2024an gauzatuko den proiektuaren aurrekontua 128.721,54 eurokoa da.

2019tik martxan

Lan R Bai programak 2019an hasi zuen bere bidea, lehen urtean hamabost erabiltzailerekin eta bigarrenean, beste hamabostekin. Azken urteetan, aurreikusitakoak baino emaitza hobeak utzi ditu Lan R Bai-k, erabiltzaileen %60ak lana aurkitu duelako. Beraz, programa indartzeko beharra ikusi du Udal Gobernuak. "Lana, formazioa eta heziketa dira gizarteratzeko tresna garrantzitsuenetakoak", dio Muñozek.

Gaur-gaurkoz, hazten ari dela ere nabarmendu du zinegotziak. "Beharrezkoa den apustu bat da eta funtzionatzen duena. Horrez gain, beste bailara eta herri batzuetara ere esportatu ahal izan dugu". Soraluze da adibideetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak