Hezkuntza publikoaren baitan estrategiak garatzeko hainbat gako eman ditu Romerak eta, motibatzeko hitzaldia baino, hunkitzeko hitzaldia egin duela aitortu du. "Nire ustez, emozioa motibazioaren sinonimo da eta emozioa, berriz, motorra da, akzioa. Bizirik gaude hunkitzeko gai garelako eta hunkitzen garenean, mundua alda dezakegu".
Mota honetako hitzaldien helburua, haren esanetan, irakasleak mugiaraztea eta dagokien ardura hartzeko motibatzea da, inoiz baino aktiboago eta emozionalago izan daitezen ikasleekin. "Ikasleek behar dute maitatu eta errespetatu ditzagun, beti, haien bidelagun izan gaitezen", gaineratu du.
Horren harira, nabarmendu du irakasle onak behar dituela hezkuntza publikoak, prestigioa eta baikortasuna berreskuratuz. Halaber, pertsonak berreskuratu beharraz ere hitz egin du, ordenagailuak, hein batean, baztertuz, eta bihotzetik bihotzerako harremanetan sakonduz.
Bestalde, irakasle izatearen garrantzia azpimarratu du eta horretarako ardura eta konpromisoa ezinbestekoa dela. Hori dela eta, benetako konpromisoa ez duten irakasleei lanbidez aldatzeko eskatu die. "Maitasunezko lanbide bat da gurea, errespetuzkoa eta bihotz-zabala. Beraz, derrigorrezko hezkuntzan, irakasle batek ezin dio sekula ikasle bati esan ez duela balio. Hori esaten duena da balio ez duena. Gure lana da ikasle bakoitzari aukera ematea bere bertsio onena nola eman dezakeen. Ez gara ez instruktoreak ezta aztertzaileak ere".
Era berean, argi utzi gura izan du balio handiko irakasleak ere badaudela, klase bakoitzean duten onena ematen dutenak, eta hori dela etorkizunerako giltzarria.
'Puntua'-n, elkarrizketa
Datorren egubakoitzean, otsailak 3, Mar Romerari egindako elkarrizketa zabala argitaratuko du Puntua aldizkariak.