Santa Teresan egingo du inbertsiorik potoloena aurten Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 16a, 09:13

Dagoeneko martxan daude Musakola eta Santa Teresa lotuko dituen igogailu sistema egiteko lanak.

2023ko udal aurrekontua, agintaldiko azkena, ia 40 milioi eurokoa izango da eta Santa Teresako igogailu sistema bukatzeko lanetarako izango da diru partida handiena.

2019-2023ko agintaldiko azken aurrekontua onartu zuen udalbatzak joan den abenduan, eta azken urteetako aurrekonturik handiena da. 2021ekoa, esaterako, 36.202.466 eurokoa izan zen eta 2022koa, berriz, 37.099.591 eurokoa. Horrek esan nahi du iaz baino 2.557.153 euro gehiago izango dituela Arrasateko Udalak aurten: %6,89 gehiago.

Maiatzeko hauteskundeen ostean Udal Gobernua berritu beharko dela-eta "zuhurtziaz eta erantzukizunez" landutako aurrekontua dela azaldu du Maria Ubarretxena alkateak, baina baita anbizioarekin ere. Izan ere, Udalak zero zor egoeran jarraitzen duela azpimarratu du eta egoera finantzario horrek ahalbidetzen diela 2023ko udal aurrekontuan partida esanguratsuak txertatzea.

Inbertsiorik nabarmenena Santa Teresa auzogunean egingo du aurten Udal Gobernuak, 1.210.000 euroko partida ezarri baitu dagoeneko exekuzio fasean dagoen igogailu sistema bukatzeko. Era berean, auzo horretako enplegu plan espezifikorako 304.000 euro erabiliko ditu eta Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleen birgaitze proiekturako, milioi bat euro. Gogoratu behar da eraikinetan, hiri-ingurunean eta gizarte eremuan esku hartuko duen plan bat jarriko dutela martxan laster auzo horretan, irisgarritasuna eta etxebizitzak hobetzeko asmoarekin, eta Udalak 7,4 milioi euroko dirulaguntza jasoko duela Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Horrez gain, Etxe Txikiak kalearen urbanizazio proiektua ere aurrera eramango dute aurten, horretarako 750.000 euroko diru partida ezarrita. Urbanizazio planaren baitan, gainera, bidegorri zati bat ere egingo dute, Nafarroa etorbidea eta Gipuzkoa etorbidea lotuko dituena. Haren trazadura galtzadaren eta espaloiaren artean joango da, zubiko eremuan izan ezik, aparkalekuen eta espaloiaren artean joango baita, aparkalekuen ondoan espaloi zati bat utziz. Ondorioz, hainbat aparkaleku kenduko dituzte.

Etxe Txikietako urbanizazioa eta bidegorria egingo dituzte 2023an.

Bidegorriekin jarraituz, batetik, San Frantziskotik Musakolarainoko zatia garatzeko 20.000 euro bideratu ditu Gobernuak eta, bestetik, San Andrestik Aretxabaletaranzko zatia proiektatuko dute: 25.000 euro.

Mugikortasun arloan, beste bi partida garrantzitsu ere jasotzen ditu aurrekontuak: TAO sistemarekin jarraitzeko 500.000 euro –zerbitzuaren berrikuspena barne– eta garraio publikoa sustatzen jarraitzeko 490.000 euro.

Kirol azpiegituretako lanak

Iturripe kiroldegi berriaren behin betiko instalazioaren proiektua 2023an idazteko eta exekuzioa hasteko, 200.000 euroko diru partida bat txertatu du aurrekontuan Gobernuak. Era berean, 520.000 euro bideratuko ditu Musakolako atletismo pista berritzera. Udan egingo dituzte lan horiek, eta, pistarekin batera, errugbi zelaia ere aldatuko dute –futbol zelaia duela lau urte aldatu zuten–. Era berean, Uarkape pilotalekuko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko 40.000 euro erabiliko ditu eta eraikin horretan LED argiak aldatzeko, 50.000 euro.

Garapen Komunitariora, lau milioi euro

Agintaldi honetan, Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria Saila uztartu egin ditu Gobernuak, Garapen Komunitarioa sortzeko, "bi sailen arteko harremana eta elkarlana fintzeko eta hainbat zerbitzutan eta arlotan sinergiak sortzeko". Sail horrek 4.156.000 euroko aurrekontua izango du aurten, eta, iaz moduan, partidarik handiena etxeko laguntza zerbitzura eta pobreziaren kontrako larrialdi planetara bideratu du Gobernuak: 1.200.000 euro. Halaber, babesgabeko egoerei aurre egiteko zerbitzuaren aurrekontua 360.000 eurokoa izango da eta tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzurako partida, berriz, 60.000 eurokoa. Horrez gain, Lan Ere Bai proiektuarekin aurrera jarraitzeko 67.507,47 euro erabiliko ditu Gobernuak eta EKKO proiektuarekin jarraitzeko, 85.000 euro.

Ludoteka eta gaztetxokoetarako 440.230 euroko partida jasotzen du aurrekontuak: 386.230 euro zerbitzurako eta gainontzekoa, funtzionamendu zein garbiketa gastuak ordaintzeko. Txikitxoko zerbitzurako, berriz, 44.575,56 euro bideratuko ditu Udal Gobernuak.

Obra eta zerbitzuetara gehien

Aurrekonturik handiena Obra eta Zerbitzuen Sailak izango du: 13.979.000 euro; iaz baino %12,62 gehiago. Parke eta lorategien mantentzerako, esaterako, 1.037.500 euro jasotzen ditu aurrekontuak; iaz baino 300.000 euro gehiago. Halaber, jolas-parkeak berritzeko 250.000 euro daude aurreikusita; horietatik 100.000 euro Santa Barbaran elementu naturalez osatutako parke bat egiteko izango dira. Horrez gain, Obenerrekako parkea ere berrituko dute, eta Aprendices kalekoa estali. Musakolan estalpe bat egiteko 50.000 euro daude.

Emakume Txokoaren lekualdaketa aztertzen

Berdintasun Sailari dagokionez, indarkeria matxistaren kontrako bigarren planari jarraipena emateko 70.000 euro egongo dira aurrekontuan eta ekintzetarako partida 120.000 eurotan mantentzen da, orain bi urte 20.000 euroko igoera izan ostean. Emakume Txokoa lekuz aldatzeko azterketa egiteko, bestalde, 20.000 euro jasotzen ditu aurrekontuak.

Goienari, 203.531 euro

Euskal hedabideei emandako dirulaguntzei erreparatuta, Goienari 173.531,12 euroko partida bat bideratu dio Gobernuak – prentsa eta telebistarako–, eta Arrasate Irratiari, aldiz, 30.000 euro: 203.531,12 euro, guztira. Mondraberri agerkari digitalari 30.000 euroko laguntza bideratuko dio eta Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearentzat 44.345 euroko partida bat gorde du. Euskara arloko dirulaguntzen partida 88.374 eurokoa izango da.

Jai eta kultur ekintzetara, 738.150 euro

Gobernuak 738.150 euro jarriko ditu jaiak eta kultur ekintzak egiteko. Horietatik 250.000 euro izango dira herriko jaietarako eta 100.000, auzoko jaietarako. Bestalde, 350.000 euro erabiliko dituzte askotariko kultur ekintzak egiteko. Azkenik, Mondra & Roll eta Arrasate Blues jaialdiek partida propioak izango dituzte: 18.150 eta 20.000 euro, hurrenez hurren.

EH Bilduk, 39 emendakin

EH Bilduk 39 emendakin aurkeztu zizkion Gobernuaren aurrekontu proposamenari, bost ataletan banatuta: trantsizio energetikoa, justizia soziala eta berdintasuna, ekonomia, herri zaintza-herri hobea, eta kultura eta euskara. "EH Bildurentzat estrategikoak diren bi zutabeetan, hau da, trantsizio energetikoan eta justizia soziala, eta berdintasunean kokatzen dira gehienak". Hala ere, udalbatzak ez zituen onartu.

Ekonomian arloan, tokiko merkataritzari zein turismo jasangarriari lotutakoak izan ziren, baita ekimen ekonomiko, sozial eta kulturalentzako beste hainbat ere.

Herriaren zaintzari dagokionez, ondare historikoa babestu eta indartzeaz gain, herria ikuspegi hezitzaile eta integraletik lantzeko Arrasatek Hezi proiektua berreskuratzeko eskatu zuen, baita hileta zibilentzat espazio estalia aldarrikatu ere.

Trantsizio energetikoaren arloan, bulego informatibo bat jartzea proposatu zuen, baita Mojategin LED argiteria jartzea ere, Next Generation dirulaguntzak baliatuz.

Euskarari erreparatuz, besteak beste, helduentzako euskara ikasketak doakoak izateko eskatu zuten. Era berean, euskararen ezagutza eta erabileran urratsak aurrera eramateko ekimenak sustatzea eta horretarako baliabideak gehitu eta erraztasunak eskaintzea.

Kulturolarako dinamizazio zerbitzua eta Juan Arzamendi Musika Etxerako sormen beka bat ere eskatu zuen EH Bilduk.

Ongizatea, justizia soziala eta berdintasuna funtsezkotzat jotzen du EH Bilduk. Hala, hainbat proposamen egin zituen: etxe hutsen azterketa egitea, Arrasateko egoera ezagutzeko, "azken azterketa 2012koa baita"; Emakume Txokoaren lekualdatzea; Andredetan programa berraktibatzea, aurrekontuetan genero azterketa txertatzea; gazteendako aterpe bat; lanketa hezitzaileak indartzeko partidak eta dirusarrera baxuak dituztenek psikologia zerbitzuak ordaintzeko dirulaguntza partida.

Nola baloratzen duzu Arrasateko 2023ko udal aurrekontua?

Maria Ubarretxena, alkatea (EAJ-PNV): "Agintaldia osatzen duten proiektuak amaitu eta borobiltzeaz gain, datorren agintaldian presentzia izango duten proiektu estrategiko berriek ere presentzia dute aurrekontuan. Era berean, pertsonak kokatzen dira herria eraldatzeko dinamikak sustatuko dituzten politika publikoen diseinuaren erdigunean, non komunitatearen, bizikidetzaren eta garapen iraunkorraren kontzeptuak eraldaketa horren bultzatzaile diren. Aurrekontu honekin Arrasate aurreratua egiten jarraitu nahi du".

Maider Morras, EH Bilduren bozeramailea: "Gure proposamen guztiak baztertu dituzte. Pena izan da ez onartzea nerabeentzako psikologia zerbitzuentzako diru partida, ezta norbanakoari elektrizitate eta gas fakturetan gutxiago ordaintzeko laguntza emango dion bulego bat eta Iturbide egoitzaren parean lorategi duin bat egitea ere. Halaber, pena da Emakume Txokoaren lekualdaketa oposizioaren erruz egin ez dela entzutea, Gobernuak zortzi urte daramatza-eta hau kudeatu ezinik, edota zuntza prest dagoela entzutea, Erdiko kalea oraindik obretan dagoela".

Aritz Murua, PSE-EEren bozeramailea: "Aurrekontu hedakorra da, krisiaren aurkakoa, eta konpentsatzen saiatzen dena pandemiaren edota inflazioaren ondorioz herritarrak pairatzen ari diren egoera zaila. Horregatik, herritar zaurgarriekiko dirulaguntzak hobetu ditugu eta herritarrekiko zerbitzu zuzenak indartu; zebra-bide inteligenteen bidez oinezkoen segurtasuna bermatuz, adibidez. Gainera, herriguneko higigarrien eta lorategien garbitasuna areagotzeko ere balioko du, baita argiteria jasangarriagoa egiteko ere".

Eva Abuin, Podemos Arrasateren bozeramailea: "EAJren PSE-EEren Gobernuaren aurrekontua eta gure proiektu politikoa ez dira bateragarriak. Batetik, aurrekontu honek ez duelako balio gure herriak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko. Bestetik, ez dituelako herritarrek dauzkaten beharrak asetzen. Gainera, ikusten da Gobernuak ez duela hauteskundeetan emandako hitza bete agintaldi honetan, ez dutelako garatu aurkeztu zuten proiektu izarra: kiroldegi berria. Beraz, gure ustez, EAJk eta PSE-EEk ez daukate sinesgarritasunik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak