1000 pertsonatik gora batu dira Uarkape pilotaelkuan Santamasetako pelota jaialdia bertatik bertara jarraitzeko. Egun guztiko giro apartari jarraituz, zaleek ere gozatu ederra hartu dute frontoian izandako jaialdiarekin. Partiduaren hasieratik bukaerara ez diote abesteari eta animoak emateari utzi eta hori igarri dute pelotariek.
Bigarren puntua Peio Etxeberria eta Beñat Rezustarentzat
Binakako txapelketaren barruan, Aspeko bikoteak garaipen bakarra zuen orain arte jokatutako lau partiduetan, gaur eskuratutako puntuarekin, Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu, gaurko aurkariak, harrapatu dituzte.
Lehen zatia oso parekatua izan da eta lehen atsedenaldi luzera Baiko enpresako bikotea aurretik joan da (12-11). Hala eta guztiz ere Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak uneoro erakutsi dute partiduaren barruan zeudela eta atsedenalditik itzulitakoan nagusi izan dira kantxan, nahiz eta amaieran bikote gorriak estutu egin duen. Amaieran 22 eta 19 Aspeko bikotearentzat eta modu honetara jokatu diren bost neurketetan bi puntu eskuratu dituzte.