Kulturolan egindako aurkezpenean honela deskribatu du Ubarretxena Arrasateko EAJko presidente Agurne Juldainek: "Abertzalea, euskalduna, indartsua, langilea eta ilusioz betetakoa da; alkatetzan eman dituen zortzi urteotan lidergoa eman dio udal taldeari".
Erronkei "herrigintzatik" erantzuten
Alkategaiak, bere aldetik, "ilusioz beteta" dagoela adierazi du, eta Arrasate "herri langilea, dinamikoa, eta ausarta" dela azpimarratu, "sentimendu komunitario indartsuduna". Aurreko bi agintaldietan urratutako bideari jarraipena emateko konpromisoa berretsi du: "Zortzi urteotan Arrasate eraldaketa prozesu baten baitan egon da; egungo erronkei erantzuten ari gatzaio, gertutasunetik, elkarrizketatik, gertutasunetik, komunitatetik, pertsonatik... Herrigintzatik erantzuten ari gatzaie erronkei.
Etorkizunera begira, Arrasatek jauzi kualitatibo bat egiteko garaia duela aipatu du: "Auzoak hobetu, kirol azpiegitura moderno eta jasangarriak eskaini, eta bizi komunitarioari bultzada eman".
Ordezkatzen duen alderdiarengan konfiantza osoa duela ere aipatu du, herri proiektuaren gidaritza eramateko gogoa erakutsiz. Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, bestalde, alkategaiak Eusko Alderdi Jeltzalearen proiektua modu egokian ordezkatzen duela ziurtatu du: "Gure proiektua errespetuan oinarritzen dugu, herri bat eraiki ahal izateko pertsonak errespetatu egin behar baitira; Mariak ezaugarri horiek biltzen ditu, bere pertsona ezaguna da, alkate bezala lan bikaina egin du eta esperantzari leihoa ireki zion bezala, momentu honetan etorkizuna ziurtatzeko hautagai egokiena da".
Arrasateko EAJren udal zerrendako kideak zeintzuk izango diren aurrerago jakinaraziko dute.