2023an hasiko dira Iturripe birgaitzen, Arrasateko Kirol Azpiegituren Planaren baitan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 19a, 18:09

2019an abiatutako prozesu parte-hartzailea oinarri hartuta, Udal Gobernuak gaur aurkeztu du 2023-2027 epealdiko Kirol Azpiegitura Plana, eta pumptrack parkearekin batera, Iturripeko gunea birgaitzea izango da lehen pausoa, 2023an hasi eta 2024an bukatzea aurreikusten dutena, 8,7 milioi euroko aurrekontuarekin.

Arrasateko Udal Gobernuak bost urterako inbertsio plan bat landu du, 2023-2027 epealdirako, eta udalerriko zortzi instalazio hartzen ditu bere baitan: Markuleteko pumptrack parkea, Erguin Herri Eskola, Iturripe, Uarkape, Musakola, Obenerrekako parkour parkea, Arrasateko Institutua eta Santa Teresako Arizmendi Ikastola. Plan osoa gauzatzeko aurrekontuari dagokionez, 35 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten du Gobernuak. 

Kirol azpiegituren mapa osatzeko, prozesu parte-hartzaile bat abiatu zuten 2019an eta, "pandemiak baldintzatu duen arren", bukatu da, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan. "Herritarren nahia izan da Arrasateko kirol azpiegitura guztiak sare batean egituratuta egotea", gaineratu du.

Hala, bi izango dira 2023tik 2027ra bitartean egingo dituzten esku-hartze garrantzitsuenak: Iturripeko gunea birgaitzea eta Musakolako kiroldegia eraitsi eta hutsetik berria egitea. Tartean, baina, ikastetxeetako hainbat gune ere egokituko dituzte eta pumptrack parkea egin, "datorren urte hasierarako", alkatearen esanetan.

Iturripe, datorren urtean hasita

Hiru fasetan gauzatuko dituzte lanak. Lehen fasea 2023-2024 epealdikoa izango da eta hor, pumptrack parkea egiteaz gain, Iturripe birgaituko dute, 14.342 metro karratuko azalera duen gunea, hain zuzen. Barnealdean, bi kantxa, padeleko bi pista, gimnasio bat makinekin eta erabilera anitzeko hiru areto izango ditu. Kanpoaldean, berriz, bi frontoi erdiitxi, kirol anitzeko bi pista, skate parke bat eta atletismoko pista bat.

Itxura hau izango luke Iturripe berrituak.

Udal Gobernuak 200.000 euroko hasierako partida bat sartu du 2023ko aurrekontuan, obrak egiten hasteko. Gainera, kanpoko hainbat sail Gizabidea fundazioarenak eta Mondragon Unibertsitatearenak dira eta bi erakundeek begi onez ikusi dute aurre-proiektua. "Horrek ahalbidetu digu aurrera egitea gure asmoekin", dio alkateak. 

Lehenik Iturripe egiteak badu helburu bat: Musakolako kiroldegi berria egiteko lanei ekiten dietenean, herrian bertan alternatiba bat izatea. "Oro har, Musakolako kiroldegi berria egiterakoan, Iturripe alternatiba ona izango da. Edozelan ere, igerileku zerbitzua, esaterako, ez dugu izango Arrasaten. Hori dela eta, dagoeneko hitz egin dugu beste udal batzuekin, erabiltzaile arrasatearrak zerbitzua jaso ahal izateko, hona oñatiarrak, bergararrak edo aretxabaletarrak etorri izan diren moduan", adierazi du Ander Garayk, Kirol zinegotziak.

Orain dela 31 urte egin zuten Iturripeko gunea eta, gaur egun, bakarrik kirol elkarteek, ikastetxeek eta Eskola Kirolak erabiltzen dute. "Beraz, herri guztiari irekitzea gura dugu, Musakolaren osagarri gisa, kanpoko gunea berrituz eta barruan gauza gehiago eginez".

Ondoren, ikastetxeak

2024-2025 epealdian, ikastetxeetako eta Uarkapeko kirolguneak berrituko dituzte. Erguin Herri Eskolan, estaldura itxiko dute; Santa Teresako Arizmendi ikastolan, patioa estali eta Arrasate Institutuan, kirol-pabiloia berritu. "Guretzako oso garrantzitsua da ikastetxeak ere kirol azpiegituren mapan txertatzea", dio Garayk.

Musakolako kiroldegia, erabat berria

Musakolako kiroldegiak 45 urte ditu eta Gipuzkoako zaharrena da. Gainera, "gaixo" dago. "Aluminosia dauka, eta guztiz bota beharko dugu, kiroldegi berri bat hutsetik eraikiz", nabarmendu du Ubarretxenak.

Hala, 2025-2027 epealdian, Musakolan kiroldegi berria egingo dute. Honako espazio hauek izango ditu: igerileku handi eta txikia; spa; kanpoko igerilekua eta berdegunea; erabilera anitzeko kantxa eta harmailak; rokodromoa; padeleko bi pista, teniseko beste bi, taberna, Tatami gunea, erabilera anitzeko bost gela, gimnasio bat makinekin eta klubentzako beste gimnasio bat.

Horrekin batera, Antoñako gune ere berrituko dute, eta kantxa bat, squash pistak, bi frontoi eta erabilera anitzeko gela bat izango ditu.

Musakolako kiroldegi berria egiteko aurrekontuari erreparatuta, 24 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten du Gobernuak.

Itxura hau izango luke Musakolako kiroldegi berriak.

Halaber, Antoña gunea ere erabat berrituko dute, hainbat espazio sortuz: kantxa bat, squasheko pistak, bi frontoi eta erabilera anitzeko gela bat.

Bost urteko bidea

2017an 40 urte bete zituen Musakolako kiroldegiak, eta herriko kirol-instalazioak aztertzen hasi zen Udal Gobernua, Musakolako eta Iturripeko kiroldegiak eraberritzeko lanketan. Ordutik, hainbat lanketa, azterketa eta prozesu gauzatu dituzte, puntu honetara iritsi arte.

Azken proiektua herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egin du Gobernuak, 2021 eta 2022 bitartean, eta ausaz aukeratutako zortzi erabiltzailek, udal-erroldan ausaz aukeratutako hamarrek eta hamahiru kirol agentek parte hartu dute. Proposamenak kalean bertan ere jaso dituzte.

Irekita jarraitzen du prozesuak

Garayk nabarmendu du zabalik dagoen prozesua dela eta herritarrek badutela aukera proiektuari ekarpenak egiteko, kiroldegian bertan, BAZen edo kirolazpiegiturenmapa@arrasate.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak