Ibilbide motza duen krosa da Arrasatekoa. Hortaz, korrikalariek oso azkar egiten dute korrika. Baita, gaur ere. Hasieratik taldetxo bat ipini da buruan, eta hor zegoen, gerora, irabazlea izan dena. Lehen itzuli eta erdian, Xabier Luisekin egin du korrika Azkaratek, baina, azken itzulian, Portaloitik bakar-bakarrik pasa da, abantaila nabarmenarekin.
Ane Zabalak bakarrik egin du lasterketa, hasieratik bukaerara. Bere erritmoa ipinita, ez du areriorik izan, eta beste behin gailendu da etxeko lasterketan.
Antolatzaileak, pozik
Antolatzaileek kezka zuten krosa arratsaldez egitean korrikalariek nola erantzungo zuten. Bada, espero baino gehiago izan dira irteera hartu dutenak. "Ez gara heldu pandemia aurreko zenbakietara, baina, maiatzean baino gehiago etorri dira. Eta, pozik gaude. Izan ere, gutxiago espero genituen", esan du Jon Ormaetxeak.