Oihane Perea, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira bertsotan santamasetako bezperan Amaia antzokian. AED elkarteak antolatuta, hilaren 21ean egingo dute bertso-saioa, 19:30ean, eta Imanol Artola Felix gai-jartzaileak aurreratu du ofizioak eta umorea izango direla nagusi.
Hori baita haren estiloa. "Horrelakoetan, ohikoenean, jendea une atsegin bat pasatzera joaten da, eta, orduan, saioaren oinarria, batez ere, ofizioek eta umoreak osatuko dute". Jakinarazi duenez, gai "pila bat" ditu esku artean, eta ez daki zehatz oraindik zer eramango duen saiora, baina argi ditu horietako batzuk: "AEDk antolatuta, hizkuntzaren eta kulturaren inguruko gairen bat izango da, baita sozialak ere". Are gehiago, nabarmendu du herriari eta bailarari ere keinu bat egingo dietela.
Martin eta Arzallus, gainera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izango dira domekan, eta Artolak gaineratu du horrek ere "jokoa" eman dezakeela saioan.
Sarrerak udal webgunean eskuratu daitezke.