Gizabidea Fundazioak 1,5 milioi euroko laguntza eman dio Arizmendi ikastolari

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 14a, 14:48

Birgaitze energetikoan dute jarrita arreta ikastetxean, Torrebaso 2030 proiektua gogoan izanda. Hezkuntza kooperatiboa dago hitzarmenaren erdigunean, eta Arizmenditik adierazi dute "laguntza hau gabe ez liratekeela gai izango" konpromisoei eusteko.

Gizabidea Fundazioak 1,5 milioi euroko laguntza eman dio Arizmendi ikastolari Torrebaso 2030 hezkuntza proiektuan sakontzen jarraitzeko. Almen guneko birgaitze energetikoa lantzea dute era horretan asmo, eta hain justu, gaur sinatu dute hori ahalbideratzen lagunduko duen hitzarmena Joxean Alustiza Gizabidea Fundazioko eta Fagor Taldeko lehendakariak eta Goretti Maturana Arizmendi ikastolako lehendakariak.

Alustizaren arabera, Almen espazioa Gizabidearena da, eta hezkuntza kooperatiboa sustatzen jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, orain 70 urte Jose Maria Arizmendiarrietak egin bezala. "Esangura handiko erronken" aurrean, eragileen, erakundeen eta bestelakoen arteko lankidetza funtsezkoa dela uste baitute, eta hezkuntzak oinarria izan behar duela. "Hezkuntza kooperatibo honen garapenean jarraitu nahi dugu, espazio egokiak izaten hurrengo belaunaldien esku".

Proiektuari dagokionez beraz, jakinarazi du bi arlotan lagundu nahi dutela batez ere: "Bata da eskuartean duten proiektua, Torrebaso 2030 deitzen dena, eta bestetik, birgaitze energetikoko prozesu batean murgilduta daude, eta hor ere jarri nahiko genuke gure aletxoa".

Proiektua martxan da

Hain justu, horren berri eman du agerraldian bertan Mireia Muruamendiaraz Arizmendi ikastolako zuzendariak. Azaldu duenez, "diru laguntza hau gabe ez lirateke gai izango" Torrebaso 2030 proiektuan jasota dituzten konpromisoei eusteko. "Proiektuan, batez ere, lau eremuren bueltan jasotzen da egin beharra: mugikortasuna, jangelaren jasangarritasuna eta kudeaketa, kanpo espazioen erabilera eta efizientzia energetikoa, baina azken horretarako eraikinak baldintza batzuk bete behar ditu".

Izan ere, adierazi du Almenek 50 urte dituela, eta eraikinak eraberritzeko behar handia duela, baina urratsak egiten hasiak direla dagoeneko. "Momentu honetan, Krean kooperatibarekin ja diseinu fase batean hasita gaude, aztertu ditugu eremuaren beharrak, eta ikusi dugu zeintzuk liratekeen lehen pausoak". Hain justu, eraikina isolatzea da lehen urratsa, fatxadarena eta teilatuarena, eta horrez gain, itxitura guztiak berraztertzea eta konpontzea ere funtsezkotzat jo dute. Behin beroki hori jarrita, teilatuan eguzki plakak jartzea aurreikusten dute energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak