Izar Etxabe Arregi: "Biktima zarenean, beti behar duzu aitortza bat"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 28a, 09:57

1978an, Triple A taldeak Agurtzane Arregi Letamendi arrasatearra erail zuen. 44 urte geroago, Memoriaren Egunean, Arrasateko Udalaren aitortza jaso zuten haren senideek. Amaren erailketaz, minaz eta aitortzaz aritu da GOIENArekin Izar Etxabe Arregi (Baiona, 1964), Agurtzane Arregi Letamendiren alaba.

Hunkituta egin zenuen berba Arrasateko aitortza ekitaldian.

Egunean bertan oso ondo sentitu nintzen. Zailagoak izan ziren aurreko egun eta orduak, gauza asko mugitu zitzaizkidalako. Askotan, negarrez esnatzen nintzen gauetan, eta buruari bueltak ematen hasten nintzen, ekitaldian zer esango ote nuen pentsatzen. Hala ere, esan behar nuena esan nuenean, oso lasai gelditu nintzen, gustura.

Inportantea zen Arrasaten izatea?

Noski. Gure ama arrasatearra zen, oso arrasatearra. Ahal zuen guztietan ahizpengana itzultzen zen. Beraz, bai, aitortza Arrasaten izatea oso garrantzitsua zen. Asko poztu nintzen familia osoa eta lagunak ikusteko aukera izan nuelako. Jendeak esan zidan zaila izango zela horien guztien aurrean hitz egitea, baina, egia esan, oso babestuta sentitu nintzen. Oso positiboa izan zen guztia niretzat.

"Oso babestuta sentitu nintzen Arrasateko aitortza ekitaldian, oso positiboa izan zen guztia niretzat"

Berandu bada ere, iritsi da aitortza. Nola hartu duzue?

Bazen garaia. Guk beti pentsatu izan dugu gatazka honetan guztiok garela biktimak edo inor ez, eta ez zaigu normala iruditzen alde batekoak onartzea eta beste aldekoak ez. Horrek min handia egin izan digu orain arte.

Aitortza funtsezkoa da.

Zalantza barik. Biktima zarenean eta kaltegarria den zerbait egiten dizutenean, beti behar duzu aitortza bat, norbaitek esatea gertatutakoa gaizki egon zela.

Esan daiteke nolabaiteko pisu bat kendu duzula gainetik?

Bai. Gertatutakoa ez dugu inoiz ahaztuko, ezta barkatuko ere, baina oso urte berezia izan da guretzat, aitortza izan dugulako, bai Eusko Jaurlaritzatik eta baita Arrasateko Udaletik. Halaber, familiaren jatetxea erre egin zen, dagoeneko ez da ezertxo ere gelditzen, eta hori keinu bat bezala hartu genuen orrialdea pasa eta aurrera egiteko.

Zertarako balio izan dizu Arrasateko Udalaren aitortzak?

Bukaera izan da. Jatetxea erre zenean, pentsatzen nuen hura izango zela bukaera, baina gero aitortzarena etorri zen. Zalantzan egon ginen Arrasatera etorri edo ez, berriro zauria zabaltzea zelako. Edozelan ere, ni, behintzat, ohartu naiz behar nuela gauza batzuk esan, oso pozik esan nituela eta askoz hobeto geratu naizela horiek esanda.

"Ohartu naiz behar nuela gauza batzuk esan, oso pozik esan nituela eta askoz hobeto geratu naizela horiek esanda"

Esan zenuen, adibidez, aitortzak balioko dizuela amaren izaeraz gogoratzeko, eta ez haren heriotzaz.

Bai, hala da. Azken batean, gu oso gazteak ginen ama hil zenean. Aitarekin hemezortzi urte gehiago izan genituen eta hari buruz askoz ere gauza gehiago dakizkigu. Horregatik, omenaldi hau aitzakia ona izan da amari buruzko anekdota pila bat jasotzeko eta berriz ere amaren bizitzaz hitz egiteko, haren izaeraz, ez beraren heriotzaz.

Nola gogoratzen duzu ama?

Oroitzapen gutxi ditut. Lan asko egiten zuen, beti zegoen lanean. Aukera gutxi izan zituen gaixoak, beti miseria gorrian bizi izan zen: lehenik, Arrasaten; eta gero, Iparraldean. Jatetxe batek ordutegi berezia du, eta gauetan zein asteburuetan ez zen inoiz egoten etxean. Guk asko sumatu izan dugu haren falta, eta zaila izan da guretzat.

Esan duzun moduan, oso gazteak zineten 1978an.

Bai. Ni hiruretan zaharrena nintzen, 13 urterekin. Ahizpak 11 zituen eta anaiak, 9.

Hura ere oso gaztea zen, 38 urte besterik ez baitzuen.

Bai, eta pena handia ematen dit. Hil zutenean hark zuen adina baino 20 urte zaharragoa naiz orain. Nire semeak adin berdintsua du orain eta hura ikusten dudan moduan ikusten dut ama ere, oso gazte. Bizitza osoa aurretik zeukan eta gauzak geroz eta hobeto zihoazkion, bizitzaz gehiago aprobetxatzeko. Beraz, galera handia izan da guretzat, baina, batez ere, harentzat. Azken finean, guri ama kendu ziguten, baina hari, bizitza.

"Guri ama kendu ziguten baina hari, bizitza"

Aita eta ama. Biak erail gura zituzten. Min ematera joan ziren.

Nahita joan ziren biengana. Aukera izan zuten aita bakarrik harrapatzeko, amari itxaroten egon zelako autoan, baina itxaron egin zuten amak jatetxea itxi eta autoan sartu arte. Gauza bera gertatu zen Iñaki Etxaberekin ere. Zoritxarrez, helburua lortu dute, min handia egin baitigute.

Nola egin zenioten aurre horri?

Oso gogorra izan zen ama galtzea eta baita ama gabe bizitzen ikastea ere. Haren falta egunero nabaritzen dugu. Eguneroko babesa falta izan zaigu urte hauetan guztietan.

Aitortzaren zati bat iritsi da, baina beste bat falta da.

Espainiaren aldetik ez dut ezer espero. Pentsa, normalean, 50 urte igaro eta gero, dosierrak zabaldu egiten dituzte eta gerra zikin horretan gertatutakoak nola gorde pentsatzen ari dira orain. Haiek badute euren estatu arrazoia deritzona.

"Espainiaren aldetik ez dut ezer espero"

Egian, aitortzan, erreparazioan… aurrera goaz?

Uste dut baietz. Hala ere, beti pentsatu izan dut nire aita guardia zibila izan balitz berehala ekarriko zizkigutela paperak sinatzeko eta biktima gisa onartuko gintuztela segidan. Aldiz, 44 urte itxaron behar izan dugu. Ez gara askorik borrokatu; alde horretatik, ez gara abokatuekin ibili, baina jendeak borrokatu egin behar izan du Estatuak onar zezan egin zietena.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak