Xabi Herrarte: "Udazkenean, inoiz ez bezalako jazarpena sumatu dute erlezainek"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 23a, 09:51
Erlezaina, liztor beltzak uxatzen.

Liztor beltzaren aurkako aurtengo kanpaina azken txanpan dagoela azaldu du Arrasateko Udaleko teknikari Xabi Herrartek baina, urtea, eguraldiaren parekoa izan dela, zoroa. "Oso berandu hasi dira lanean, baina, udazkenean inoiz ez bezalako jazarpena sumatu dute erlezainek, eta gero eta zailagoa ikusten dute beraien etorkizuna erlezain bezala. Erle asko hiltzen dizkiete urtero-urtero liztorrek, eta etsipenak jota daude asko", nabarmendu du.

Udaberriko tranpatze garaian 3.339 erregina sortzaile harrapatu zituzten Arrasaten, eta harrezkero, beste 54 kabi deuseztatu dituzte. "Iaz baino lau gutxiago izan dira, baina izan dugun eguraldi baldintza kaxkarra ikusita, lehorte handia eta jan urria, ez dugu uste aipatzeko beherakada izan denik; alderantziz, uste dugu izugarrizko gaitasuna erakutsi dutela baldintza desegokietara moldatzeko", dio Herrartek.

Garai honetatik aurrera, "eta azken egunotako hotzak eta bustiak lagunduta", Vespa Velutina liztorren kolonien aktibitatea amaierara iristen da. "Jadanik, hurrengo urteko udaberrian irtengo diren liztor erregina sortzaileak jaio dira, eta zenbait liztor-mandorekin ernaldu ondoren, toki babestuak bilatuko dituzte negualdia igarotzeko", dio udal teknikariak.

Gainontzeko liztorrak aktibitatea mantsotu eta laster hilko direla gaineratu du. "Dena den, haien espeziearen etorkizuna bermatuta utzita izango dute, zuhaitzetan ikusten diren bola handi bakoitzetik, tamainaren arabera, 200 eta 250 erregina berri jaioko baitira. Beraz, kabi bakoitza 200 edo 250 aldiz biderkatu beharko dugu. Zorionez, praktikan, neguak gogor eraso, udaberrian izotz berantiarrak egin, edo aurten bezala uda oso lehorra datorrenean, tartean erregina sortzaile eta kolonia batzuk bertan behera gelditzen dira".

Arazoa, "dirudiena baino larriagoa"

Herrartek ohartarazi duenez, arazoa dirudiena baino larriagoa da, izan ere, "ikaragarri" baldintzatzen du erleen eta gainontzeko intsektuen etorkizuna eta, aldi berean, bioaniztasuna eta gizakiaren biziraupena. "Denon ahalegina beharrezkoa da espezie inbaditzaile honen ugalketa kontrolatzeko, eta beraz, beste behin, horretan parte hartu duzuenoi eskerrak eman nahi dizkizue Udalak eta hurrengo urtean ere jarrera aktibo honekin jarraitzeko eskatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak