HEMEN DEBAGOIENA

Kike Amonarriz: "Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat"

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 18a, 19:44

Iritsi da askoren egutegian gorriz markatuta zegoen eguna. Hitzez ekiteko garaia lelopean, gaur, egubakoitza, hasi da Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta horren gaineko argibideak eman ditu Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari den Kike Amonarriz tolosarrak.

Iritsi da eguna, hasi da Euskaraldia.

Iritsi da, bai, espero genuen eguna. Izan ere, egun honen atzean dago ilusio handia, kemena eta lana. Eta orain hamabost egun ditugu ariketa praktikoa egiteko, disfrutatzeko, ezerosotasuna gainditzeko, eta, bereziki, euskararen erabileran jauzi bat emateko.

Hitzez ekiteko garaia da.

Halaxe da, eta lelo horrek oso ondo adierazten du 2022ra begira zer nahi genuen. Egin kontu pandemiatik gatozela eta bigarren edizioa egin ahal izate hutsa nahiko arrakastatsua izan zela. Korrikaren edizio bat atzeratu behar izan zen... Horregatik, uste genuen 2022ak ostera ere euskararekin kaleak hartzeko urtea izan behar zuela, berraktibatzeko urtea izan behar zuela eta euskara ostera ere agenda sozial eta politiko-komunikatiboaren erdigunera eramateko urtea izan behar zuela.

Nola iritsi gara hirugarren ariketa sozial honetara?

Esango nuke indartsu iritsi garela. Izan ere, beldur ere baginen; halakoetan, ahaztu egiten zaigu iaz data hauetan non geunden. Eta, hain justu, iaz ez genekien Korrika egin ahal izango genuen edo ez, arma sozialak berreskuratu ahal izango genituen, eta ze neurritan. Horregatik diot uste dudala indartsu gaudela, baina, neurri berean, ahulago ere bagaude. Eta azalduko dut: pandemiak eragin du harreman sozialetan, baina baita egituretan ere. Esaterako, gure elkarteak ahulago daude. Hala, Euskaraldiko batzordeak martxan jartzea kosta egin da, gehienak uda ondoren aktibatu dira, eta aurrekoetan baino esprint handiagoa egin behar izan da. Horrekin batera, sorpresa faktorea ere galdu egin da, baina, kontrara, irailetik hona ikusi dugu egunez egun herri, hiri eta auzoetan Euskaraldiaren makineria zelan joan den indarra hartzen.

Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa oraindik ere hizkuntza gaitasunarekin dago presente. Zer izan beharko genuke kontuan rola aukeratzeko orduan?

Askotan aipatu izan dugu, konpromiso mailaketa bat dago. Denok ez dugu maila bera, baina denok ere ez dugu bizi egoera berbera. Eta belarriprest edo ahobizi rolaren aukeraketa oinarritzen da nork bere burua ze neurritan ikusten duen konpromiso batzuk hartzeko gai edo ez. Lehendabiziko hitzak euskaraz esateko gai ikusten duzu zeure burua? Bada, orduan, ahobizi izango zara. Ez duzula zeure burua hori egiteko gauza ikusten? Bada, orduan belarriprest izango zara. Baina belarriprest-a ez da rol pasibo bat, rol aktibo bat da. Belarriprest-a ez da ulermenerako gaitasuna izatea soilik. Euskaraldia ez da-eta euskararen aldeko kanpaina bat. Euskaraldia da norberak, bai maila indibidualean, bai maila kolektiboan, euskaraz egiteko ze aukera dituen aztertu eta horiek optimizatzeko ariketa. Baina modu errealean. Horregatik, errealitate irizpideetan oinarrituta dago bai rolen aukeraketa eta baita ariguneen osaketa ere.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren ondoren egindako azterketek erakutsi zuten ahobizi-ek eta belarriprest-ek badutela gaitasuna euren inguruan eragiteko. Eta hori izango da hirugarren edizio honetarako helburua. 

"EUSKARA BIZIBERRITZEKO, GIZARTEAK EGIN BEHAR DU PROZESU HORRETATIK BULTZA"

Nik uste dut geroago eta aktibatuago eta prestatuago gaudela. Eta aktibazio horrek ingurua ere berraktibatu egiten duela. Horregatik, aurten garrantzi handia eman diogu inguruneak Euskaraldiz janzteari. Horrek errazten duelako partaideek eta partaide ez direnek ere erabileran urratsak egitea. Euskaraldiak frogatu diguna da sortzen dugunean giro babestu bat euskararen erabileran urratsak egiteko urrats horiek errazago egiten direla. Hau da, denda batera sartu eta han ez baduzu euskararen arrastorik inon ikusten, kosta egiten da lehen hitza euskaraz egitea. Eta, bereziki, hiriburuetan gertatzen da hau. Baina denda berberera sartu eta ikusten badituzu pare bat saltzaile ahobizi edo belarriprest-en txapekin, edo Euskaraldiaren banderatxoa zintzilik, lehenengo hitza automatikoki euskaraz egingo duzu. Eta hori gertatzen da kalean, lantegian... Eta hori dakar Euskaraldiak, euskararen erabilerarako aukerak optimizatzea.

Herriz herri antolatu diren batzordeak dira Euskaraldiaren bihotza, ala?

"EUSKARALDIA EZ DA POSIBLE EUSKARA BATZORDERIK GABE, TALDEAK EGONKORTU NAHI DITUGU"

Bihotza, eta oinarria. Eta uste dut garbi izan behar dugula euskararen biziberritze prozesua prozesu sozial bat dela. Herritarrek eta gizarteak prozesu hori bultzatzen duen neurrian egingo dugu aurrera. Ezinbestean behar dugu, noski, erakundeen inplikazioa. Behar dugu babes politikoa eta ekonomikoa, baina oinarrian, hizkuntzaren biziberritze prozesua prozesu sozial hori izango da. Herritar inplikatuak izatea da euskarak aurrera egin dezan bermerik onena. Baita Euskaraldiak aurrera egin dezan ere. Eta Euskaraldia ez da posible batzorde horiek gabe. Hain zuzen, horregatik da estrategikoa euskara elkarteak ez dauden herrietan edo euskalgintza antolatuta ez dagoen herrietan batzorde horiek egonkortzea era iraunaraztea.

Bigarren edizioko nobedadea izan ziren ariguneak, euskaraz lasai jarduteko guneak. Horiek finkatzeko edizioa izango da hau?

Bai, aurrekoan pandemia bete-betean geundelako. Eta ariguneek aukera handiak emango dizkigute urratsak egiteko. Ariguneak egongo dira kirol elkarteetan, udal bateko sailetan, elkarte batean... Eta arigune horiek euskararen erabilera dinamikak egonkortzeko, handitzeko edo martxan jartzeko aukera eskainiko dute. Horregatik uste dut aurten ariguneak euskararen erabilera sustatzeko abiapuntu sendoak izango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak