7,4 milioi euroko laguntza Santa Teresa auzoa birgaitzeko

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko aza. 17a, 13:55

Planaren aurrekontua 11.198.341 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzak 7,37 milioi euro jarriko ditu. Eraikinetan, hiri-ingurunean eta gizarte eremuan esku hartzea sustatzen duen plana da, irisgarritasuna eta etxebizitzak hobetzeko asmoarekin

Arrasateko Udalak ia 7,4 milioi euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailetik, Santa Teresa auzoko hiri-berroneratze integralari aurre egiteko. Martxoan ireki zuen Jaurlaritzak laguntzak eskatzeko epea eta Arrasateko Udalak Santa Teresa auzoa berroneratzeko proiektua aurkeztu zuen, 11.198.341 euroko aurrekontuarekin. Jaurlaritzak proiektua aukeratu eta laguntza horiek ematea erabaki du.

Proiektuaren kostua lau zatitan banatzen da: 6.227.181,34 euro, etxebizitzen birgaitze integralerako, besteak beste, irisgarritasuna, bizigarritasuna eta eraginkortasun energetikoari lotutakoak; 2.293.000 euro, igogailu publikoetarako, herritarren irisgarritasuna hobetzeko; 58.000 euro, 2005etik Udalak duen urbanizazio-proiektua eguneratzeko; eta 2.293.097,97, euro urbanizazio-proiektua eguneratzeko.

Era berean, proiektuak gizarte-arloko esku-hartze bat jasotzen du, auzo horretarako enplegu-plan espezifiko batean islatzen dena, 309.396 euroko zenbatekoarekin. Kasu horretan, auzokoak diren edo Arrasatekoak diren hamar pertsonari formakuntza berezia eskainiko zaie igeltserotzan, eta urtebeteko kontratu bat Arrasateko brigadarekin batera lan egiteko.

Herritarrentzat dirulaguntzak

Berroneratze prozesu horretan, 96 etxebizitzatan eragitea aurreikusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Arrasateko Udalak. Etxebizitza bakoitzean egingo diren lanen %70 finantzatuko dituzte diruz, eta eman daitekeen diru kopuru handiena 50.000 euro izango da. Santa Teresa bezalako auzoetan jende zaurgarria egon daitekeela kontuan izanik, herri bakoitzak funts batzuk izango ditu, Gobernuaren errekurtsoetatik, aurretik aipatutako etxebizitzen erdientzat laguntza %100ekoa izateko aukera egoteko. Herritarrek informazio hau guztiau jaso ahal izateko, Udalak bilerak egingo ditu bizilagunekin eta bulego bat jarriko du martxan Santa Marinako alkatetzan. 

Kudeaketa-batzordea

Lanak aurrera eramateko kudeaketa-batzorde bat sortu beharko da auzoan. Bertan egongo dira Eusko Jaurlaritzako Planifikazio Sailekoak, Arrasateko Udala eta bizilagunen komunitateko ordezkaria. Haien lanen artean egongo dira lanen lizitazioak ateratzea, birgaitzea nork egingo duen erabakitzea eta kontratazio prozesua. Lizitazioak 2023ko bigarren seihilekoan kaleratzea espero dute, eta lanak 2024an hastea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak