Familia giroan azaldu dituzte musikaren inguruan bizi izandakoak

Hasier Larrea 2022ko aza. 11a, 09:53

Tronboi-joleak dira Unai Urretxo, Alberto Urretxo eta Mikel Arkauz. Lehen biak anaiak, hirugarrena haien lehengusua. Ez da kasualitatea, beraz, musika tresna berarekin espezializatu izana. Arrasate Musikalen ikasitako oinarriak ibilbide profesionala garatzeko ateak ireki zizkien. Kulturaten azaldu dituzte musikarekin lotutako bitxikeriak.

Iker Barandiaran musikazaleak gidatuta, mahai inguru dibertigarria osatu dute hiru hizlari gonbidatuek, Arrasate Musikalek 50. urtemugaren harira antolatutako berriketaldian. Lepo bete da aretoa, aski ezagunak baitira hiru musikariak: Unai Urretxo Koreako Soliall Orquesta Filarmonikako zuzendaria da, Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlaria eta Mikel Arkauz Nafarroako Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlaria.

Konfiantzazko giroa sortu da lehenengo minututik, elkarri zirika aritu dira-eta. Entzuleak barreari ezin eutsika. Musika eskolan zergatik izena eman zuten galdetuta, hara Unairen erantzuna: "Bestela amak ez zigun futbolean jolasten utziko". Albertok, anaia nagusiak, kanpoko lagun asko egiten omen zituen bandarekin tronboia jotzearen aitzakian, eta horrek lehengusu txiki Mikelen kuriositatea pizten zuen: "Beti izaten zuen bazkariren bat, gonbidaturen bat, jende berria ezagutzen etengabe... Nola ez nituen ba haren pausoak jarraituko?".

Albertok Jose Ramon Vitoria irakaslearen eragina aipatu du musika lanbide bezala hautatzeko erabakia nola hartu zuen gogoratzean. Juan Arzamendi ere erreferente handitzat jo dute. Kuriosoa da Arzamendik berak ikasle hasiberrien maila neurtzeko erabiltzen zuen metodoa: "Pianoarekin melodia bat jotzen zuen bere bulegoan; guk melodia hori abestu behar genuen, notaz nota. Entzuten zuenaren arabera, musika ikasteko balio genuen ala ez ondorioztatzen zuen".

Lagunarteko tonuan ideia nagusi bat gailendu dute, musika pasioarekin ulertu behar dela. Hori transmititzen saiatzen dira irakastea, entseatzea edo zuzenekoa ematea tokatzen zaienean. Mundu zabalean barrena ibiltzeak ere lagundu die euren zaletasuna ogibide bilakatzen, Arrasate Musikaleko taldeekin gaztetan egindako birak tarteko. Zalantza barik, hiru hauek dira musika eskolatik pasatako kide nabarmenetakoak, eta, hala ere, beste edozein ikaslek izan dezakeen naturaltasun eta umiltasuna mantentzen dute.

Puzzle osoaren piezak

Beraien istorioak Arrasate Musikalen puzzle osoaren piezetako batzuk dira. Kulturateko klaustroko erakusketan ahalegina egin dute kontaketa bateratu bat osatzeko, mende erdiko ibilbidea material grafikoekin adierazita. Merezi du bertatik osteratxo bat egitea. Azaroaren 25erarte egongo da aukera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak