Plazan hasi eta gaztetxeraino joan dira, kalejiran, Arimen biltzarra ospatzeko. Gaba Baltza batzordeko kideek, "kukumarro edota baserritar jantzi eta kalera ateratzeko" deia egina zuten, eta izan du erantzuna dei horrek., Herritar asko, gaztetxoak gehienak, joan dira, kalejiran, Ilargitxo eta kukumarruen atzetik. Biteri plazara heltzean, borobil handi batean eseri dira denak eta erdian, antzezlana egin dute aktore gaztetxo batzuk. Gaztetxean egiteko asmoa ere bazuten.
Domu Santu egunaren bueltan ospatzen den arimen gaua elkarlanean antolatu dute Ekin Emakumeak Elkarteak, Doke antzerki taldeak, Txatxilipurdi Elkarteak, Ibai-artek eta Arrasateko udal ludotekek eta gazte txokoek. Askotariko ekintzak dituzte egunotan eta arratsalde hau izan da horietako bat. Astelehenean hasita, kalabaza tailerra, kukumarro tailerra eta sukaldaritza girotua egiten aritu dira eta astebururako ere antolatu dituzte ekintzak.
Bestalde, zapatuan eta domekan, 12 urtetik gorako nerabeentzako ihes bidea eta zentzumen gela antolatuko dute Tren geltoki zaharreko Gaztelekuan Gaztetxokoek. Ibai-arte merkataritza elkarteak erakusleiho lehiaketa ere egingo du, urriaren 26tik azaroaren 1era. Antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Aldai parkean martxoan landatu zuten intxaurrondoari, "une egokia baita galdutako lagun, senide eta herrikide maiteen sinbolo eta babesgune bilakatu zuten txoko hura gogoratzeko".