Urriaren 24tik 27ra bitarte, Arrasateko Udal Ludoteketan kalabaza tailerra, kukumarro tailerra eta sukaldaritza girotua moduko saioak egingo dituzte bazkideak diren haurren artean.
Urriaren 28an, ostirala, arratsaldeko 18:00etan hasita, Arimen biltzarra egingo dute herriguneko kaleetan. "Herriko plazan hasi eta Gaztetxeraino ibilbide bat egingo dute Ilargitxo eta bere lagun kukumarruek. Bidean, sorpresa txiki bat egongo da Doke Antzerki taldeko kide batzuen eskutik", adierazi dute Gaba Baltza batzordeko kideek, eta animatu herritarrak "kukumarroz edota baserritarrez jantzi eta kalera ateratzeko, guztion artean herria alaitu eta jai giroan gozatzeko".
Bestalde, urriaren 29an –zapatua– eta 30ean –domeka–, 12 urtetik gorako nerabeentzako ihes bidea eta zentzumen gela antolatuko dute Tren geltoki zaharreko Gaztelekuan Gaztetxokoek. Sarrera mugatuak egongo dira eta Gaztetxokoetan edota 688 68 62 01 telefonora deituta lortu ahal izango dira.
Erakusleihoek ere girotuko dute
Gainera, Ibai-arte merkataritza elkarteak erakusleiho lehiaketa egingo du, urriaren 26tik azaroaren 1era. Erakusleiho gustukoenaren izena bozkatu edota idatzi nahi izanez gero, 688 73 41 49 telefonora idatzi beharko dute herritarrek.
Antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Aldai parkean martxoan landatu zuten intxaurrondoari, une egokia baita galdutako lagun, senide eta herrikide maiteen sinbolo eta babesgune bilakatu zuten txoko hura gogoratzeko.