Iraganeko gaien hitzaldi zikloa, hamargarrenez

Hasier Larrea 2022ko urr. 28a, 15:24

Arrasate Zientzia Elkarteak azarorako lau hitzordu ditu herriko historia maite dutenentzat, Iragana astintzen ekimenaren barruan. Esteban Garibai, biztanleriaren bilakaera frankismoan, Konbentzio Gerra eta XVI. mendeko ontzigintza landuko dira.

Iazko neandertalei buruzko hitzaldi-ziklo tematikoaren arrakastak hauspotuta, badator aurten ere Iragana astintzen egitaraua. Aurten hamargarren aldiz antolatuko du Arrasate Zientzia Elkarteak, eta, azken urteotan bezala, euskaraz eta gaztelerazko bina hitzaldi eskainiko dituzte Kulturateko areto nagusian; guztiak, 19:00etan.

Lehenengoa azaroaren 2an, asteazkena, egingo du Elena Torregarai EHUko Historia irakasleak. Erromatarren garaian errotu eta zabaldu zen kontu bat mahai gaineratuko du, baskoien eta kantabriarren arteko nahasketa. Horretarako, Esteban Garibairen figuran oinarrituko da, hark, arrasatearra izanik, "kantauriarra zela esaten baitzuen, eta ez euskalduna", AZEko Ana Isabel Ugaldek azaldu duenez.

Azaroaren 16an, berriz, Frankismoaren ondorioz XX. mendean gertatutako bilakaera demografiko eta soziala izango du hizpide Jon Delgado ikerlariak, Arrasateko erroldetatik abiatuta.

Justo Martin arrasatearra izango da azaroaren 24ko hizlaria. XVIII. mende bukaeran frantsesen aurka borrokatutako Konbentzio Gerra aztertuko du, eta Arrasatek Gipuzkoako foruen defentsan izandako eginkizuna azalduko du.

Hitzaldi zikloa Beñat Egiluz itsas arkeologoak borobilduko du, azaroaren 30ean, eta Deba arroko XVII. mendeko ontzigintzan arrasatearrek izandako jarduna azalduko du.

Hamar aldi, hamaika gai

AZEko Jabier Bengoak orain arteko hitzaldiek harrera beroa izan dutela nabarmendu du, aretoa sarritan bete izan dela argudiatuta. Onartu du gero eta zailagoa egiten zaiela gai berriak eta hizlari aproposak topatzea, eta, hala ere, "zutik" dirauela hasierako planteamenduak: "Mondragoe eta bertako lekukotasuna zaintzen saiatzen gara egitarau honekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak