"Antzerki jaialdi bat izateko beharretik" jaiotako herri ekimena da antolatu dugun Debagoieneko lehen antzerki jaialdia, antzerkiak duen batzeko gaitasuna funtsean hartuta. Gure helburua Debagoien osoa batzea da, eta, horretarako, ekimen ezberdinak antolatu ditugu hainbat herritan, Eskoriatzan, Aramaion, Oñatin eta, bereziki, jaialdiaren erdigune edo egoitza nagusi izango den Antzuolan. Jaialdiaren bidez, eskualde osoan dauden erronkak mahai gainean jarri eta elkarrekin horiei erantzuteko bideak topatu gura ditugu, horretarako bidea antzerkia izanik", azaldu dute DAPekoek.
Debagoiena batu eta eraikitzeko tresna baliagarria izatea du helburu Karoi jaialdiak
Jaialdiari Karoi izena jarri diote. "Zergatik izen hori? Bada, kareharriz inguratuta gaude eta kareharriaren gainean sortu ditugu Debagoieneko herriak. Gure arbasoek kareharri hori erabiltzen eta eraldatzen jakin zuten. Hotza eta gogorra den materiala emankor egiten jakin zuten karoiei esker, baratzerako ongarria, janaria kontserbatzeko modua eta etxeak babesteko bidea aurkituta. DAPeko kideok Karoi antzerki jaialdiarekin gure eskualdean eraldaketa eragin nahi dugu, Debagoiena antzerkiz ongarritu, kultura kontserbatu eta gure etxea den Debagoiena eraikitzen jarraitzeko".
Ikusle Kluba osatzeko "gogoz"
Karoirekin, antzerki emanaldi eskaintzatik harago joan gura dute ekimenaren bultzatzaileek, eta parte hartzaileak ikusle hutsak ez izatea. Plataformako kide Olatz Pagaldaik azaldu du Ikusle Kluba dela asmo horien erakusle: "Nolabait esanda, literatura arloan, eskualdeko biblioteketan egiten dituzten irakurle kluben antzerako ezaugarriak ditu. EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak) iazko azaroan proposatutako proiektua da, euskal antzerkigintzaren geografia zabalean lanean ari diren askotariko eragileekin elkarlanean. Antzezlana ikusi aurretik elkartuko gara, lanari buruz ditugun aurreiritziak eta bestelakoak partekatzeko, eta antzezlana ikusi ondoren berriz batuko gara, ikusitako lanari zukua ateratzeko. Antzerkia ikusi osteko solasaldi horiek formatu askotarikoak egitea da gure asmoa: aukera dugunean, antzezlaneko protagonistak gonbidatuko ditugu, eta, beste batzuetan, antzokiaren atzeko aldea eta atzeko lanak bertatik bertara ikusteko aukera izaten saiatuko gara. Bide batez, badakigu antzokietara jende asko bakarrik joaten dela; beraz, lagunak egin eta taldea egiteko modu bat ere bada Ikusle Kluba. Parte hartzeko ez da derrigorrean antzerki aditua izan behar; librea da, bakoitzak bere subjektibotasunetik berba egitea da helburua. Onura asko ekar ditzakeen ekimena dela uste dugu".
Prestatu duten lehen jaialdiaren baitan hiru Ikusle Klub ekitaldi proposatu dituzte. Eskoriatzako Udalak domekarako Zaldibar antzokian programatu duen Kamikaze Kolektiboaren eta Ttak Teatroa konpainiaren Hiru Kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi antzezlanaren bueltan izango da lehenengoa, 19:00etan, eta Antzuolan izango dira beste biak: Erre ikuskizuna oinarri hartuta urriaren 28an; eta Lakoste antzezlanaren gainean izango da hirugarren solasaldia, azaroaren 4an. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, DAP.eus atarian.
Antzerkiaren alorrak plazara aterako ditu DAP-ek azaroaren 26ra bitartean
Antzerkiaren onurak
DAPekoek argi dute herri guztietan antzerki talde bat izatea garrantzitsua dela. "Herri guztietan edo ia guztietan daude askotariko kirol taldeak; bada, kultura, herrigintza eta gizarte alorrean ezinbestekoak ikusten ditugu antzerki taldeak. Antzekiak onura asko ditu, esaterako, harremanetan eta autoestimuan; pertsona aktiboak sortzeko oso onuragarria da, eta, modu horretan, herri aktiboak sortzea lortuko dugu".
Bide horretatik proposatu dute azaroaren 15ean Antzuolako Olaran etxean 18:30ean egingo duten mahai-ingurua. Eskarmentu handiko Eneritz Artetxe eta Iñaki Ziarrusta antzerkigileak gonbidatu dituzte Zergatik antzerki talde bat herrian? galdera abiapuntu izango duen solasaldira.
Ikastaroak ere, askotarikoak
Formakuntza izan da orain artean DAPen lan-lerro nagusia, eta Kairorekin Plazara eta Sormena izenekoak azaleratuko dituzte. Hala ere, jaialdian formakuntzarako hainbat aukera eskaini dituzte; horien artean, Antzuolan azaroaren 26an gazte txokoarekin elkarlanean egingo duten gazteentzako kale antzerki tailerra. "Debagoieneko gazteentzako proposamena da, bereziki. Egun bakarreko tailerra izango da, 17:00etatik 20:00etara. Hiru orduko saio horretan prestatzen dutena egunean bertan erakutsiko dute gero kalean".
Azaroan Aramaion egingo duten hiru eguneko ikastaroa ere iragarri dute jaialdiaren baitan. "Hastapen ikastaroa da hori, azaroaren 5ean, 12an eta 19an 10:00etatik 14:00etara egingo duguna. Ikastaro honen helburua ez da kalera ateratzea, antzerkigintzaren oinarrizko ezagutzak jasotzea baizik".
Antzerki-eskolak ere, abian
Ikasturte osoko –urritik ekainera bitartean– askotariko formakuntza-saioen eskaintza zabala du antzerki plataformak; Arrasateren kasuan, DAPen barruan dagoen Doke Antzerki Eskolaren eskutik, eta Bergaran, berriz, Jardun Euskara Elkarteak lagunduta. "Gure helburua hasieratik izan da eskualdeko herri guztietan antzerkigintzan murgiltzeko tresnak jasotzeko trebakuntza-saioak eskaintzea, eta ari gara, poliki-poliki, urtez urte eskaintza zabalagoa egiten. Talde gehienak nahiko beteta daude, baina ahaleginak egingo ditugu antzerkigintzan murgildu gura duten guztiei tokia egiteko. Aukera asko daude, norberaren herriko ikastaroetan izena emanda edo alboko herrietan bestela, ordutegia eta egutegia egokiagoa bada. 8 urtetik gorakoentzat Antzuolan, Elgetan, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Ber- garan ditugu. 12 urtetik gorako gazteentzako ere eskaintza zabala dugu eta helduendako –16 urtetik gorakoentzako– ere beste hainbat. Dap.eus atarian, Formakuntza atalean duzue informazio guztia".
Karoi antzerki jaialdiaren egitaraua
Eskualdeko herri ezberdinetan antzerkiaren askotariko alorrak jorratzeko askotariko ekitaldiak izango dira azaroaren 26ra bitartean Karoi, Debagoieneko antzerki jaialdiaren baitan.
-
-
Eskoriatza
-
Ikusle kluba Udalak antolatu duen Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi lanaren inguruan; urriaren 23an, 18:00etan, Eskoriatzako kultura etxean. Ondoren, antzezlanaren emanaldia Zaldibar aretoan, 19:00etan.
-
- Antzuola
- Ikusle kluba Erre lanari buruzko saioa, urriaren 28an, 18:00etan, Olaran etxean. Ondoren, Erre-ren emanaldia Torresoroan, 19:00etan.
-
Ikusle kluba Lakoste lanari buruzko saioa, azaroaren 4an, 18:00etan, Olaran etxean. Ondoren, Lakoste-ren emanaldia Torresoroan, 19:00etan.
-
Mahai-ingurua Zergatik antzerki talde bat herrian? gaiaren bueltan, azaroaren 15ean, 18:30ean, Olaran etxean. Eneritz Artetxe aktorea eta Iñaki Ziarrusta antzerkigilea izango dira.
-
Kale-antzerki tailerra Gazteentzako antolatuta, gazte txokoaren eskutik, azaroaren 26an, 17:00etatik 20:00etara. Ondoren, erakustaldia egingo dute herriko kaleetan zehar.
- Aramaio
- Hasiberrientzako ikastaroa Hiru saio egingo dituzte: azaroaren 5ean, 12an eta 19an, 10:00etatik 14:00etara.
- Hasiberrientzako ikastaroa Hiru saio egingo dituzte: azaroaren 5ean, 12an eta 19an, 10:00etatik 14:00etara.
- Oñati
-
Solasaldia Alaine Agirre sortzailearekin Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobelaren antzerki sormen prozesuari buruz jardungo du. Oñatiko zinema aretoan izango da, azaroaren 8an, 18:00etan, Irazan guneak antolatuta.
-
Kale ekimena Irazan eguna ospatzeko, azaroaren 19an.
-
-
Sormen-bekarako lau hautagai
Sormena lan-lerroaren baitan, eskualdeko antzerki proiektuak bultzatzeko deialdia zabaldu zuen orain dela aste batzuk DAPek, eta "pozik" daude izan duen harrerarekin. "Lau proiektu jaso ditugu: talde egitura askotarikoak –bakarkakoak eta bikotekakoak zein talde handiagoarenak–; gaiari dagokionez ere, askotarikoei buruzkoak dira; eta formatuari begira ere, hainbat aukera aurkitu ditugu: antzerkia soilik dute batzuek; eta bestelako diziplinekin batera –adibidez, dantzarekin– osatutakoak dira beste batzuk. Aniztasun handia, bada, ikuspegi ezberdinei begiratuta, eta poztekoa eta eskertzekoa da hori".
Dirulaguntza eta aterpea
Gaur, egubakoitza, dira zuzendaritza taldekoak biltzekoak, eta astelehenean emango dute aukeratutako proiektuaren izena euren atarian –Dap.eus– eta sare sozialetan. "Aukeratutako proiektuaren egileek azaroan –eurek erabakiko dute zein data zehatzetan– Sormen Egonaldia egiteko aukera izango dute Antzuolan. Dirulaguntza bat jasoko dute, eta, horrez gainera, lan egiteko aterpe bat ere bai. Proiektua aurkeztu zutenean, Antzuolan euren lanaren zabalkundea nola egin ere landu beharra zuten, eta alor horretan ere hainbat aukera erakutsi dituzte".