Euskalitek HCD Facility Tool kudeaketa aurreratuko plataforma aukeratu du jardunbide egokien eredu gisa, 2022ko Kalitatearen Europako Astearen barruan. Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko (DBZ) ikertzaileek diseinatu dute plataforma, eta haren helburua enpresei eguneroko arazoak konpontzen laguntzea da, inplikatutako pertsonak ardatz hartuta eta haien parte-hartzea sustatuz. Plataforma eta bere eredua hainbat sektore eta tamainatako 14 enpresak erabili dituzte, eta Euskalitek urriaren 20an aurkeztuko du Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen Biltzarrean, Kudeaketa Aurreratua eta Pertsonak izeneko atalean. Biltzarrean, pertsonak ardatz dituen diseinuaren esperientzia zehatza azalduko da, Euskalduna jauregian urriaren 20an egingo den jardunaldian.
Inguruko enpresetan HCD baliagarria izaten ari da
Pertsonak ardatz dituen diseinua edo Human Centered Design (HCD) sormen-prozesu bat da, arazoak konpontzeko, prozesuak hobetzeko eta berritzeko, pertsonak hartzen dituena ardatz nagusitzat. Horrenbestez, inplikatutako pertsonek –barnekoak eta kanpokoak– parte hartzen dutenez, aukera ematen du beharrak ezagutu eta ulertzeko, eta, horrela, irtenbideak bilatzeko. Horri esker, enpresek lehiakortasuna hobetzen dute, eta berrikuntzaranzko bidea egin.
Gero eta enpresa gehiagok erabakitzen dute diseinu hori erabiltzea. Eta gure inguruan daude enpresa horietako batzuk: Eroski –lantalde industrialak gaitzeko aplikatzen du HCD, prebentziozko mantentzean jarrita arreta–, CVL –Cerrajeria Valle Leniz; produkzioa hobetzeko erabiltzen du HCD–, Emun-ek –proiektuak esleitzeko prozesua hobetzeko aplikatzen du HCD– eta Hemen Garbiketak –bajak kudeatzeko prozesua hobetzeko erabiltzen du HCD, bai eta langileen artean talde bateko kide izatearen sentimendua sustatzeko ere–, besteak beste.
Esperimentazio-jardunaldia
Pertsonak ardatz dituen diseinua zertan datzan jakiteko eta erakunde jakin batean nola erabil litekeen jakiteko, esperimentazio-jardunaldi bat diseinatu dute. Arrasaten izango da, urriaren 28an, 09:00etatik 12:00etara, eta plaza mugatuak ditu. IZENA EMATEKO.