Behin hodi alternatiboa eginda eta ondo funtzionatzen duela ikusita, bihar hasiko dira matxura duen hodian lanean. "Inportanteena eginda dago. Matxura konpondu ahal izateko ezinbestekoa zen by-passa egitea, herri osoa ur barik geratzeko arriskua baitzegoen. Zorionez, aurreikusitako moduan joan dira gaurko lanak eta by-passa ondo egitea lortu dugu. Beraz, matxura konpontzen hasi ahal izango gara bihar", nabarmendu du Fuentesek.
Askotariko eragina izan du mozketak herrian
Mozketa ur-hornidura orokorrean izan arren, ez du modu berean eragin auzogune eta establezimendu guztietan. Izan ere, leku batzuetan guztiz etenda egon da hornidura baina, beste askotan, ohi moduan funtzionatu du.
Mondragon hotelean, esaterako, depositu propio bat daukate eta horri esker egin ahal izan dute lan. Langileek azaldu dutenez, logela gehienak beteta dituzte eta bezeroei eskatu diete "ahalik eta dutxa motzenak" hartzeko, ura dosifikatzeko. Bestalde, jatetxea itxita izan dute egun osoan.
Debagoieneko ospitalean, bestalde, 30.000 litroko bi ur depositu dituzte eta eraikin guztietarako bi eguneko autonomia dute ohiko erabilera egin ezkero. Beraz, deposituei esker, ez dute ur-mozketaren eraginik jasan.
Ikastetxeei dagokienez, Arrasate Herri Eskolan ohiko funtzionamendua izan dute, baina alternatiba topatu dutelako izan da hori. Izan ere, ur depositu mugikorrak eraman dituzte Erguinera zein Bedoñabera. Hala, Erguinen, esaterako, 10:00ak arte ohiko ur-hornidura izan dute eta behin hori eten denean, deposituetatik hartu dute ura. "Ikasleek ez dute igarri ere egin, normaltasunez funtzionatu dugu egun osoan", adierazi du Iratxe Salaberriak, Arrasate Herri Eskolako zuzendariak.
Abisua jaso zutenetik, irtenbidea bilatzen hasi zirela gaineratu du. "Eskolako irakasle bat baserrian bizi da eta ingurukoen laguntzarekin ur depositu bat lortu zuen Erguinerako. Bestalde, Bedoñaben jarri dugun depositua Zabolain zalditegiak utzi digu. Hala ere, Bedoñaben ez da horren beharrik egon".
Arizmendi Ikastolan, berriz, adinaren araberako funtzionamendua izan dute. Haur Hezkuntzakoak (Olarte, Umezaintza eta Uribarri guneak) lekuan bertan pasa dute eguna. 4 eta 5 urtekoak, berriz, irteerak egin dituzte Monterronera, Kurtzetxikira, Bedoñara eta abar, baita Lehen Hezkuntzakoek ere (Gazteluondo, Arimazubi eta Santa Teresa guneetakoak). DBHko ikasleek, Gaztelupe gunekoek, modu presentzialean zein online eman dituzte klaseak, ikasgelaren arabera eta Batxilergoko ikasleek, azkenik, online egin dute ia egun osoa.