Puntaik Punta ari dira ospatzen Arrasaten

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 15a, 21:55

Puntaik Puntaren seigarren edizioa ari dira egiten Arrasaten asteburu honetan. Egitarau anitza antolatu du Debagoieneko Mankomunitateak ibilaldi, musika ekitaldi nahiz bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera baitaukate bertaratzen diren guztiek.

Puntaik Puntaren seigarren edizioak ingurumen ondarea ezagutaraztea eta balioa ematea du helburu. Egubakoitzean hasi eta domekara bitartean, adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak. Bidezidorren jaialdiaren zentroa Arrasate izan da aurten, baina zenbait jarduera bailarako beste herrietan ere egin dira.

Dagoeneko azken egunean murgildu da Puntaik Punta, eta domekarako ere egitarau potentea prestatu dute antolatzaileek. Goizean zehar, hiru mendi ibilbide gidatu egin ahal izan dituzte. Bata, Garagartzan hasi eta Udala, Besaide nahiz Tellamendi igarota Garagartzara itzuli dira. Beste biak Bedoñako elizateko Andra Mari Zurira eta Murugainerako irteerak izan dira.

Bizikleta nahiago duenarentzat ere, egon da planik. Eskoriatzatik Arrasatera egin dute ibilbide gidatua Vasco-Navarro bide berdetik. Arrikrutz eta Gatz museoa bisitatzeko aukera ere eman dute jaialdi honetan. Kirola eginda, eguerdian musikak hartuko ditu Arrasateko kaleak. Trikitixa eskolako taldeak kalejira egingo baitu eta ondoren, Herrixa Dantzan dantzaldia egongoda Patxi Monteroren eskutik.

Arratsaldean amaituko da aurtengo Puntaik Punta eta Arrasate harri bitxia bisita geologikoa egingo dute 16:30ean erdigunean. Ondoren, arratsaldeko seietan, Hortzmugaren eskutik Jule kale antzerkia izango da ikusgai Biteri plazan.

Baso bainua eta kontzertuak, zapatuan

Jardueraz betetako eguna izan zen atzokoa ere. Goizeko zenbait mendi ibilbide gidatu, erreka garbiketaren, hitzaldien eta musika saioen ostean, arratsaldean orientazio proba lasterketaren, baso bainuaren eta batukadaren txanda izan zen. Orientazio proba Monterron parkean egin zuten, eta helburua bakarra, mapa jarraituz hamar baliza aurkitu eta helmugara iristea ahalik eta denborarik laburrenean. Oxel Arrieta da lasterketa honen gidarietako bat, eta adierazi zuenez, Monterron parkeak halako jarduera bat egiteko "sekulako aukera" ematen du.  

Ondoren, Santa Barbaran egin zen baso bainuan hartu zuten parte hogei bat lagunek. Amaia Agotek gidatu zuen bi orduko saioa eta parte hartzaileek naturarekin "beste era batera" konektatzeko aukera izan zuen: "Bost zentzumenak erabiliz, naturan murgiltzera gonbidatzen dut jendea. Eguneroko erritmo azkarra pausatzea lortzen dugu". Natura beste begi batzuekin ikusteak onurak dakartzala dio Agotek; bai osasunean, baita norberaren egunerokotasunean ere estres maila jaisten, adibidez. Atzokoan taldean egin bazuten ere, Agotek gogorarazi zuen edozein parketan egin daitekeela, bakarrik edo konpainian.

Eguna musikarekin biribildu zuten. Lehendabizi, Sambamaña batukada taldeak herriko kaleak girotu zituen euren doinuekin; eta ondoren, Klak!son eta NHIL taldeek kontzertu bana eskaini zuten Biteri plazan.

Debagoieneko Mankomuniteak orain artekoaren balorazio positiboa egin du. Mankomunitateko Turismo teknikaria da Leire Parra eta adierazi duenez, "balorazioa ona da. Hamalau ekintza antolatu ditugu eta denak atera dira aurrera. Kasu askotan, gainera, plazak bete egin dira. Gainera, adibidez, zapatu goizean giro ona egon zen eta pozik gaude izandako erantzunarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak